Zelanda eta Dientes de Luna musika taldeen kontzertua izango da otsailaren 25ean Herriko Antzokian

Barren.eus 2022ko ots. 17a, 13:29

Bi talde arituko dira otsailaren 25ean Elgoibarko Herriko antzokian, Zelanda eta Dientes de Luna musika taldeak, eta dagoeneko salgai daude sarrerak.

Zelanda taldea Hesian musika taldean aritutako Fran Uriasek eta Ane Bastidak, azken honen anaia Iñakirekin orain gutxi sortutako musika taldea da, 2021eko irailean eman baitzuten ezagutzera taldea. Egurra eta kitto taldean aritua da Iñaki Bastida. Beren ibilbidea aurkezteko Amarena abestia baliatu zuten Zelandakoek, "kantu moderno xamarra Hesianeko aurrekoekin alderatuta, indartsua eta freskoa, pop-rock kutsukoa", taldekideen berbetan. Izan ere, bandak Hesianekin zuen lotura musikala apurtu nahi izan du beste estilo bateko musika egiteko. Baina orokorrean rock taldea direla argi laga nahi dute.

2022 02 17 dientes luna musika taldea

 • Rock urbanoa
Bestalde, Gernikako Dientes de Luna taldea ere arituko da kontzertuan. Aimar Cid, Unai Bilbao, Lander Egia, Joseba Mugartegi, Amaiur Zugadi eta Gorka Etxeberriaren taldeak rocka du oinarri, baina ukitu modernotxoak gehitzen dizkiote: popa, funka, baladak... Oholtzan energia eta rockaren muturreko ukitua gehitzea gustatzen zaie, nahiz eta egungo egoeran beharbada modu horretan jardutea zailagoa izan, aforoa osoa bada ere.

Bi musika taldeok Elgoibarren emango duten emanaldirako sarrerak salgai daude internet bidez herrikoantzokia.eus helbidean eta zapatuan 18:15etik 20:45era bitartean Herriko Antzokiko lehiatilan; 10 eurotan eta 3 eurotan Gazte Txarteldunak.

Kontzertuak 19:00etan hasiko dira, otsailaren 25ean.