'Metalaren arrastoak' argazki erakusketan barneratzeko bisita gidatuak eskainiko ditu Edu Arrillagak

Barren.eus 2015ko abe. 15a, 15:11

Metalaren arrastoak argazki liburua aurkeztu zuten Edu Arrillagak eta Esmeralda Zapparoli argazkilari elgoibartarrek, joan den barixakuan. Aurkezpenaren ostean, libururako ateratako 40 argazkiekin osatutako argazki erakusketa inauguratu zuten Elgoibarko Kultur Etxean. Urtarrilaren 9ra bitartean egongo da zabalik erakusketa, eta eguaztenetan bisita gidatuak eskainiko ditu Arrillagak. 

Astelehenetik zapatura, 18:30etik 20:30era, bisitatu daiteke argazki erakusketa. Domeka eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara, eta Gabon Zahar Feria egunean arratsaldez ere irekita egongo da. Eguaztenetan bisita gidatuak eskainiko ditu Edu Arrillagak. Elgoibarko enpresetan urtebetean egin duten lanari buruzko azalpenak emango dituela jakinarazi du Arrillagak eta zalantza guztiak argitzeko prest agertu da, argazkiak ateratzeko erabili dituzten teknika desberdinak, tailer bakoitzean aurkitu dituzten berezitasunak, bitxikeriak e.a. Lehenengo bisita gidatua eguazten honetan, abenduaren 16an, eskainiko du, 18:30etik aurrera. Erakusketa ireki dutenetik makina bat herritar pasa dela argazkiak ikustera azaldu du argazkilariak, liburuan ageri diren behargiñak horietako asko. 

Urtebetean 42.000 argazki atera dituzte eta 137 aukeratu dituzte Metalaren arrastoak libururako. "Saiatu gara ahalik eta gauza gehien irudikatzen: galderagileak, soldatzaileak, moldeak eta planoak egiten dituztenak...”. 38 euroan jarri dute salgai liburua. (informazio osoagoa hemen)

2015 12 11 metalaren arrastoa inaug

2015 12 11 metalaren arrastoa inaug1