Debabarrenako dantzaren eta Mendaroko azken 60 urteotako historian garrantzia handiko herri-eragilea, sustatzailea, hil da 2022 urtearen hasiera honetan, urtarrilaren 5ean, hain zuzen: Gregorio Vives Zabaleta (Mendaro, 1944-2022). "Gure amaren jaioturte berekoa zen Gregorio Vives eta gure aitarekin soldaduzka egindakoa. Haien eskutik iritsi nintzen beregana 1997an, beste Gregorio bat, Santa Cruz dantza-maisuaren ibilerak biltzen aritu nintzenean", gogora ekarri du Araolazak, Mendaroko dantzarien eta txistularien inguruko beste hainbat jakingarrirekin batera.
"Ezin ahaztu zer nolako harrera beroa egin zidan Gregorio Vivesek, umoretsu eta alai, eta nola ireki zizkidan Mendaroko dantzarien kontuak biltzeko ateak. Gregorio Santa Cruz-ekin eta Gurutzpe elkartearekin izandako ibilerak kontatzeaz gainera, aurreko belaunaldiko nondik norakoak kontatuko zizkidatenengana eraman ninduen, adibidez, Jose Mari Iriondo Kapain-engana. Vivesek eta Iriondok kontatutakoak Gregorio Santa Cruz dantza maisua liburuan bildu nituen eta orduko oroitzapen batzuk berritu zaizkit orain".
- Irakurri osorik hemen: dantzan.eus