“Nik trukoak egiten ditut baina ikusleak magia ikusten du”

Barren.eus 2022ko ots. 4a, 11:49

Alain Zulaika (Elgoibar, 2000) umetatik hasi zen magiarekin jolasean. Betidanik izan du magian interesa eta 12 urte zituela, Oliver magoaren udalekuetan eman zuen izena. Handik itzuli zenean argi zeukan mago izan nahi zuela, eta magiaren munduan trebatzen hasi zen. Bilboko eskola batean aritu zen magia ikasketak egiten, eta bere kabuz ere, orduak eskaintzen dizkio magiari. Orain arte areto txikietan egin izan ditu ikuskizunak, baina gaurkoan, Herriko Antzokiko oholtzara igoko da.

Urduri, baina ilusioz beterik dago Niala, eta espero du gaurkoa ibilbide berri baten hasiera izatea. Bi urte pasa eman ditu gaurko emanaldia prestatzen, eta bere onena emango du herritarren aurrean. 19:00etan hasiko da ikuskizuna. Argazkiak: Ekhi Lopez.

 • Noiz eta nola hasi zinen magiaren munduan barneratzen?
Umea nintzela 'Magia Borras' jolasa oparitu zidaten eta asko entretenitzen nintzen, baina beste ume askori gertatu bezala, aspertu nintzenean han geratu zen jolasa, bazter batean ahaztuta. 12 urte nituela hasi nintzen magia serioago hartzen. Udaleku bila nenbilen, eta Oliver Magoaren magia udalekua aurkitu nuen. Hamabost egunez egon nintzen han, eta etxera itzuli nintzenean argi neukan magoa izan nahi nuela. Oso ondo pasatu nuen: trukoak ikasten genituen, magoen ikuskizunak izaten genituen... Urte hartan nire kabuz ibili nintzen trukoak ikasten, eta hurrengo udan berriz saiatu nintzen magia udalekuan izena ematen, baina bertan behera geratu zen. 14 urte egin nituen urteko udan joan nintzen berriz, eta orduan lagun onak egin nituen. Lagunek esan zidaten Youtubeko bideoekin asko ikasten zutela, eta ni ere hortara jarri nintzen. Liburu eta bideoekin asko ikasi nuen. 14-15 urte nituela Bilboko Fábrica de magos eskolan eman nuen izena, eta 16 urtetik gorakoen mailan sartu ninduten, mailarik altuenean. Urte eta erdi egin nuen han, eta hasieran oso galduta ibili nintzen arren, oso baliagarria izan zen niretzat. Taldea desegin zenean, nire kabuz jarraitu nuen ikasten. Orduak eta orduak eskaini dizkiot magiari, eta tarteka magia jardunaldietara ere joaten naiz. Gasteizen egiten den Magialdia esaterako, pila bat gustatzen zait. Munduko magorik onenak etortzen dira, eta sekulako maila dauka. Hitzaldiak emateaz gain, beraiekin egoteko aukera izaten da, eta pila bat ikasten da.

 • 12 urterekin mago izan nahi zenuela esan zenuenean, nola hartu zuten etxekoek?
Egia esan behar badut, etxean hasieratik eman didate babesa kontu honekin, eta ez daukat kexatzeko arrazoirik. Nik uste Bilboko eskola ere aitak aurkitu zuela, eta berak animatu ninduela izena ematera. DBHn nenbilen orduan, eta asteazkenetan joaten nintzen Bilbora. Eskolak oso berandu amaitzen ziren, eta aita etortzen zen nire bila, ez neukalako etxera itzultzeko trenik ordu hartan. Gainera, adin harekin kartak erosteko aukerarik ere ez neukan, eta gurasoek erosten zidaten magia egiteko behar nuen materiala. Beraz, alde horretatik eskerrak ematea baino ez zait geratzen. Lagunen artean ere batzuk hasieratik animatu naute, baina beste batzuk uste zuten albora utziko nuen zaletasuna zela. Lagun batek galdetu zidan behin ia magoa izan nahi nuen eta baietz esan nionean argi eta garbi esan zidan, bere ustez, 16 urterekin lagako nuela. 21 ditut eta honekin jarraitzen dudala ikustean, barre egiten dugu.

 • Gogoan daukazu jendaurrean eskaini zenuen lehenengo ikuskizuna?
Bai, 13-14 urte nituela egin nuen. Nire anaiaren urtebetetze ospakizunean izan zen. Tantaka tabernan egin zuen urtebetetze eguneko merienda lagunekin, eta han egin nuen magia ikuskizuna. Nire anaiaren lagunez gain, jende asko zegoen tabernan, eta azkenean han bildutako guztientzako ikuskizuna izan zen. Bigarren ikuskizuna nire anaiaren lagun baten jaunartze egunerako eskatu zidaten. Bazkalostean joan nintzen Debara, hango jatetxe batera, familiakoei magia egitera, eta ezin izan nintzen jende aurrera irten. Beldur eszenikoa daukat, oso urduri jartzen naiz ikuskizunen aurretik, eta ordu hartan ezin izan nuen beldur hori gainditu. Umearen gurasoak nire gurasoen oso lagunak ziren, eta ulertu zuten guztia, eta gainera, eskatu zidaten beraien etxera joateko eta familiakoei egiteko magia. Han lortu nuen, baina jaunartze eguneko arantza hura sartuta daukat oraindik.

2022 02 04 niala magoa arg ekhi lopez b2

 • Areto txikietan jardun zara gehienbat, baina gaur, Herriko Antzokiko oholtzara igoko zara.
Herriko festetan jende askoren aurrean aritu izan naiz, baina bai, nire ilusioa beti izan da areto handi batean aritzea. Mago askok mahai txiki batekin eta jende gutxiren aurrean gozatzen
dute gehien, eta neuk ere gozatzen dut horrela, baina areto handi batean aritzeak ere ilusioa egiten dit. Elgoibarkoa izango da mota honetako lehenengo emanaldia, eta momentuz ez dut beste inorekin hitz egin, baina espero dut hau izatea etapa berri baten hasiera.

 • Nola prestatu duzu gaurko saioa?
Prozesu luzea izan da, eta mimo handiz prestatu dut gaurko saioa. Aspalditik neukan buruan horrelako ikuskizun bat egiteko ideia, baina benetan honekin lanean orain dela bi urte eta erdi
hasi nintzen. Une hartan La magia del guión liburua irakurtzen ari nintzen, eta horixe izan zen egin nuen lehenengo gauza; gidoia idatzi. Ordura arte nire buruan izaten nuen beti gidoia, baina ez nuen sekula idazten. Bi urte eman nituen gidoia idazten, eta trukoak prestatzen, eta gutxi gorabehera gehiena lotuta nuenean Udalarekin hitz egin nuen, ikuskizunerako data jartzeko. Data jartzeak beste presio bat sortzen du, eta azken seizortzi hilabeteetan egunero-egunero hutsik egin gabe eskaini diot denbora ikuskizunari. Ni oso metodikoa naiz, eta arte diziplina guztietan denbora eskaintzea klabea da. Picassok esaten zuen garrantzitsuena zela inspirazioa etortzen zenean lanean egotea, eta horretarako, orduak sartzea garrantzitsua da. Lan handia egin dut, eta truko berezi bat ere sartu dut. Ikuslea ere konturatuko da truko berezia dela. Ez dakit nola funtzionatuko duen, ez dudalako sekula egin jende aurrean, baina uste dut ikusleak harritu egingo direla.

2022 02 04 niala magoa alain zulaika arg ekhi lopez

 • Truko askotan publikoaren parte-hartzea bilatzen duzu. Nola erantzuten du jendeak horrelakoetan?
Umeen ikuskizunetan lehenengoa irtetea kostatzen da, baina behin bat etortzen denean, ondorengoetan denak egoten dira prest. Nagusien ikuskizunetan gehiago kostatzen da. Urte askotan magoak ikusleari barre egiten zion tonto paperean utziz laguntzera etortzen zen hori. Lehen ondo ikusita zegoen umore hori, baina orain inork ez du hori nahi. Juan Tamariz eta Pepe Carrol magoak esaterako umore hori egitekoak ziren, eta arrakasta izan dute modu horretan, baina orain egoera aldatu egin da. Beraz, ikuslearentzat oparia izan behar da oholtzara igotzea, pribilejioren bat eskaini behar zaio, eta esan behar zaio gugandik gertu egonda gehiago gozatuko duela magiaz. Nik sinisten dut opari bat dela ikuslearentzat oholtzara igotzea, eta horrela saltzen dut. Magoentzat oso garrantzitsua da ikusleen parte-hartzea eta nik asko eskertzen dut. Gaur egun zuzenean seinalatzen dut ikusle bat eta igotzeko eskatzen diot. Aurpegian ikusten da nor dagoen gozatzen eta laguntzeko prest, eta hori aukeratzera joaten naiz.

 2022 02 04 niala magoa kartak arg ekhi lopez