Kultura

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2022 01 21 Uxue alberdi‘Ez da kasualitatea’ bertso saioa izango da gaur, Erreminta Makinaren Museoan. Egitasmoaren berri eman du Uxue Alberdik elkarrizketan.

Uxue Alberdi, Miren Amuriza eta Onintza Enbeita bertsolariak arituko dira Maite Berriozabalen esanetara kantuan 'Ez da kasualitatea' saioan, Gari Otamendi eta Ixak Arrutiren musika lagun.

 • Zer da ‘Ez da kasualitatea’?
Asmo feminista daukan bertso saio musikatua da, bertsolari eta gai jartzaile emakumezkoek osatua. Enkarguzko saio feminista batekin hasi ginen eta gerora ehunka saio egin ditugu. Saio hauetan 30-40 bertsolarik hartu dugu parte.


 • Denak emakumezkoak, ezta?
Gehiengoa emakumeok osatu dugu. Asmo feministako saioak izateaz gain, emakumeok kantatzeko aukera gehiago izan ditzagun sortuak dira. Saio askotan emakume bakarra edo asko jota bi izaten ginen eta artistikoki ez genuen elkar ondo ezagutzen.


 • Neskek elkarrekin kantatzeak ezberdintzen al zaituzte?
Elkarrekin kantatzea beharrezkoa da hainbat gairen azpigaietan xehetzeko, gure arteko umorea bilatzeko eta gure arteko berdintasun eta ezberdintasunetan sakontzeko. Jendeak salbuespentzat hartzen gintuen saioetan eta neska izatea zen gure marka. Hiru-lau bertsolari kantuan jarriz gero, ohiko saioetan ezberdintzen gintuen elementua komuna zen eta arreta gehiago jarri dezakete bertsolari bakoitzaren berezitasunetan: umorea, estiloa, gaiak, jakintzak...


 • Gaiak ere emakumeentzat bereziki prestatuak izaten dira?
Gai jartzaileak, gure kontraesanetan arakatuz, orain arte egin gabeko umore motak eragin ditzake, esaterako. Elgoibarko saioaren berezitasuna tokia, Makina Erremintaren museoa ere bada. Maite Berriozabalek ipiniko ditu gaiak eta museoko zuzendari Bea Ansolak esandakoak gai bihurtu ditzake, emakumezkoen industriako papera, adibidez, iragana, gaurkoa eta etorkizuna uztartzen.


 • Zergatik da berezia zuretzat ‘Ez da Kasualitatea’?
Kontrako eztarritik libururako bertsolari askok aipatu zuten bertso saio guztietan kantatzeak ilusioa egiten badie ere, 'Ez da kasualitatea' saio bat festa bat dela beraientzat. Eremu publikoan jarduten garen emakumeok sartu gara gizonezkoek taxututako egintzetara. Guk arauak barneratu ditugu eta horien barnean ere disfrutatzen dugu. Baina, liburuan bereiztu nituen festara gonbidatua izatearen sentsazioa eta norbere festa propioa antolatzearen arteko aldea; ohiko saio batetik 'Ez da Kasualitatea' saiora egon daitekeena. Beste saio askotan, nahiz eta eskarmentudun bertsolariak izan, batzuk sentitzen dute gainerako bertsolariei demostratu beharra gai direla eta talentua daukatela. Saio hauetan onarpen batetik abiatzen gara eta honek baimentzen digu libreago kantatzea, esperimentatzea, ausartagoak izatea, umore handiko saioak izaten dira. Bertsoa oso biluzia eta soila da, eta beldurrak zurruntzen gaitu askotan. Hori malgutzen denean gorputzetan, ahotsetan, gaiei heltzeko moduan ikusten dira konplizitatearen ñabardurak. Sortu ditugu elkarrekin jarduteko eta pentsatzeko guneak, bakoitzak bere erara, baina sentitu dugulako festara gonbidatua izatearen sentsazio deseroso hori.

 

 • Zuk erosoago kantatzen duzu ‘Ez da kasualitatea’ saioetan?
Festa izateak ez du esan nahi Ez da Kasualitatea saioetan bertsotan egitea beti erraza denik, baina zailtasunak bertsoa osatzeak berez dauzkanak dira, ez hainbeste testuingurua kudeatu beharrarenak eta horrek asko laguntzen du beldur faltatik eta onarpen eta talde sentsaziotik abiatzea.

 

 • Musikarekin kantatzeak gehiago gerturatzen du entzulea?
Saioa baino lehen elkartzen gara probak egiteko eta horrek sortzen du taldetasuna, batasuna. Ez da Kasualitatea bertso saioetan zaletu da jende dexente. Beste publiko batengana iristeko ere balio izan du eta musikak beharbada izan du zerikusirik. Musikari oso onak dauzkagu eta oso atsegina da entzuteko.

 

 • Elgoibarko saiotik zer espero duzu?
Niretzat Elgoibarren kantatzea beti da beste herrietan kantatzea baino zailagoa, norbere herrian bertsolari kareta jartzea ez da hain erraza. Sentitzen dut aurrean daudenek ikusiko dituztela norberak ikustea nahiko ez lituzkeen hainbat gauza. Baina oso polita da oso gertuko sentitzen dugun komunitatearentzat kantatzea. Ilusioa egiten dit lekuak, oso polita da makina zaharren artean kantatzea. Lekuak berak inprimatuko du bere izaera saioaren barruan eta lagunduko digu seguraski gorpuzten beste garai batzuetako eta gurea ez bezalako beste langintza batzuetako emakumeak. Nire asmoa disfrutatzea da.

2022 01 21 ez da kasualitatea bertso musikatua 1200x800

Turismo gehigarria

TURISMO GEHIGARRIA

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

 

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza