Bertsozaleek urteroko Gabonetako saioarekin gozatu zuten Herriko Antzokian

Barren.eus 2021ko abe. 29a, 20:17

Elgoibarko Izarrak urtero antolatzen duen Gabonetako bertso jaialdia izan zen abenduaren 28an. Uxue Alberdiren esanetara aritu ziren Igor Elortza, Aner Euzkitze, Oihana Arana, Nerea Ibartzabal eta Maialen Lujanbio. Herriko Antzokira bertaratutako bertsozaleek saioarekin gozatzeko aukera izan zuten.

Bertso saioetan ohiko den moduan agurrekin hasi zuten jarduna Igor Elortzak, Aner Euzkitzek, Oihana Aranak, Nerea Ibartzabalek eta Maialen Lujanbiok. Nerea ibartzabalek "Ongi etorri Gabonetako bertsozalerik finenak" esan eta  bonboiekin parekatu zituen bertsoak  "bete xamarrik egonda ere ederto sartzen direnak" esanez. Hori hasieran kantatu arren bertsoz betetzeko asko falta zitzaien bertsozaleei eta Maialen Lujanbiok horrela kantatu zuen agurrean:"...jende multzo bat  zine barrura gaitzetatik  urrundu da. Ongi etorri fikzioa ta poesiaren mundura".

Fikzioa eta poesía aipatu zituen Maialen Lujanbiok eta literaturara jo zuen Uxue Alberdik saioaren hasieran. Ana Kareninaren zoriontasunaren inguruko pasarte bat irakurri eta zoriontasunaz aritzeko agindu zien bertsolariei, beraientzat zoriontasuna zer den, noiz eta zerekin sentitzen diren zoriontsu, eta egoera eta toki askotan aurkitu zuten zoriontasuna bostek. Igor Elortzak "zorigaitzean ere topatzen da beti zerbait ederra", kantatu zuen; Nerea Ibartzabalek zoriontasuna beretzat zer izan daitekeen horrela adierazi zuen "...baina bizitzak poza ta mina ta bakea edo gerra, zauriak beti dakar zauria sendatzearen plazerra"; eta Maialen Lujanbiok horrela laburtu zuen zorionaren esanahia:  "asmoen langa asko jaitsi da, asko estutu erretena, eta gaur egun zoriona da zoritxarra ez den dena".

Agurretan eta lehen jardunean bosten ahotsak entzun ondoren, Aner Euzkitze eta Igor Elortza beren ahotsei kantuan jardun zuten. Beren ahotsak aldameneko bertsolariak, entzuleak zein norberak nola hartzen dituzten esanaz jardun ostean Euzkitzek amaitzerakoan horrela bota zuen: halere eman dezagun aulkitara buelta, nire ahotsa entzuteaz aspertu naiz eta".

Maitasuna eta GPSak bat egin zuten hurrengo bertso jardunean Arana maitasunak nahastuta mendira bidean joan eta Lujanbio bera gidatzen saiatzen den GPSaren ahotsean hain zuzen ere. Rotonda, bidegurutze eta kaleak aipatuta GPSa gertuko duten entzuleen barreak eragin zituzten bertsoek eta horrela amaitu zuten:  "Seko maiteminduta zaude neska, benga. Hori satelitetik ere ikusten da" esan zuen Maialenek eta amaiera borobiltzeko Oihanak,  "Ba itzaliko zaitut off botoiaz ito, aitonan mapa hartu dezadan ta kitto".

Umore kutsuko saiotik gai serioan jarri zuen Uxue Alberdik Nerea Ibartzabal, kapital kulturalari buruz kantuan. Baserriko eta tabernako familian hazia eta hezia izanik horrela esan zuen:  "karrera izena aipatu eta gure amak ze garrantzi, zenbat alditan esango zigun mesedez zuek ikasi" eta famliari keinu eginez igehitu zuen "suma dezaket nire bidean egiten duten aitortza, ta nitzako aski sari da beraien begien poza".

Anerrek eta Oihanak lagun paperean aritu ziren gero batak bestea intelektualegia ikusten duenez hortatik irteten laguntzeko jardunean eta bertsotan elkarri besarkada bat ematea aipatuta taula gainean elkarri besarkada emanez amaitu zuten ariketa.

Igor Elortza Euskal rock erradikalari buruzko ETBko dokumentalari buruz aritu zen. "Gerra zikin, polizia eta deabru tratu. Horren kontra ia soilik lau, manifa bi kantu, artistak ere jipoitu edo kartzelaratu, gaur dirudi hoiek denak ez zirela gertatu". Hala ere, azken bertsoan esan zuen: "haiek errugabetuta errudunaren ehizan. Programa ikusi nuela Uxue duzu esan, baina egia esan ez nuen ikusi gura izan".

Nerea eta Maialen ipini zituen gero kantuan Uxuek eta batek zein  besteak beren mezuetan gehien erabiltzen dituzten emotikonoak izan ziren bertsotarako gai. Nerearenak fantasiarekin lotuak-edo eta Maialenenak eskuekin egindako keinuak. Barre eta txalo ugari entzun ziren publikoan bertsolariak ere umoretsu aritu baitziren.

Saioko bi gazteenak Maialen Lujanbiorekin aritu ziren ondoren kopletan eta "XX. mendekoegi" ikusi zutenez mendeen arteko konparaketan aritu ziren umoreari eutsiz hemen ere.

Covid 19ak ere izan zuen lekua saioan. Koronabirusa pasa eta usaimena berreskuratu ez duenak txakurra paseatzera atera eta hau usna dabilela sumatu duela esan zien Oihana eta Nereari Uxuek. Hala ere, txakur kontuetaz aritu ziren pandemiaz baino.

Maialen Lujanbio ispiluaren aurrean jarri zuen Uxuek, baina ez bere buruari begira, gainontzeko bertsolariek beren burua ispiluan nola ikusten duten esanez baizik, eta hauek erantzun egin zieten, noski. Beren ezaugarri fisikoak nabarmendu zituen zehatz eta umore ukitua emanez hemen ere. Nerea Ibartzabali zera abestu zion: "bere ustez ez da guapa, bere ustez ez da on. Ezin det entenditu, nora beira dagon" eta hala erantzun zion Nereak: "...eta ez naiz gustatzen irudi xumetan, behatza altsatzen dut halako unetan, Maialen izan nahi dut jarriz lurrunetan".

Jolasekin egin zuten saio amaierarako bidea. Lehenengo Elgoibarko Gabonetako saioan beste urteren batean egindako jolasarekin aritu ziren Igor Elortza eta Nerea Ibartzabal. Gaztelaniazko esaerak (me importa un pimiento, más chulo que un ocho, cantar las cuarenta, se te ve el plumero, manda huevos...) eman zizkien Uxuek beraiek euskara jatorrean nola esango luketen galdetuz. Publikotik barre asko entzun zen eta bat baino gehiago saiatuko zen beraiek nola esan pentsatzen.

Bigarren jokoan zerrendak osatu behar izan zituzten bi bertsolarik eta hirugarrenak haiek esandakoak memorizatu ostean berriz esan zituen beste bertso batean. Habaneran bota zituzten ondo bizitzeko behar diren gauzak, festa egiteko behar diren gauzak eta familia bazkari bat izorratzeko moduak.

Maialenek eta Nereak puntutan egin zuten saioaren errepasoa eta agurrekin amaitu zuten saioa bertsolariek entzuleak eskertuz: "Garai arraro xamarrak bizi ditugu baina aizue, eguneroko antzokian be ondo pasa ezazue", esanez joan zen Igor Elortza eta  Oihana Aranak "dena ez delako drama, pozik joango da Oihana, har ezazue nere partetik besarkada bana", bota zuen agurtzeko.

ARGAZKI-BILDUMA: Bertso saioa, irudietan