'Txomin, aurrera bolie!' liburua bere herrian aurkeztuko du Jokin Urainek

Barren.eus 2021ko abe. 15a, 21:06

Jokin Urain idazle mendaroarrak 'Txomin aurrera bolie!' liburua idatzi du. Txomin Iturberen biografia da lekuko zuzenek kontatutako testigantzak jaso dituena.

Txomin Iturbe Abasolo euskal militante independentistaren biografia da 'Txomin aurrera bolie!', ezagutu zutenen testigantza zuzenen eta iturri bibliografiko ugariren bidez, 1943an Arrasaten jaio zenetik 1987an Aljerren izandako istripu batean hil zen arte. Liburuak zenbait alor jorratzen ditu, tartean “izaera, klandestinitatea, jazarpena, deportazioa, elkarrizketak, heriotza Aljerian, e.a”.
Gara-Baigorri Argitaletxearekin argitaratu du Urainek 408 orrialdeko lana.

Liburua barikuan, abenduak 17, Mendaroko gaztetxean aurkeztuko du Jokin Urainek berak 19:00etan.

Jokin Urain Larrañaga egilea (Mendaro, 1959) euskal idazle eta preso ohia da. Bere ibilbide literarioan zehar, hainbat genero garatu ditu; hala nola eleberria, saiakera eta testigantza.

Zazpika aldizkariko zutabegilea da, eta bederatzigarren liburua du honakoa, aurrez eginak baititu “Izaina” (1990), “Adlotse” (1992), “Gatibu sortu nintzen” (2000), “Errotarria” (2006), “Ez dago etxean” (2010), “Agurra eta ohorea” (2013), “Ametsen liburua” (2015) eta “Amaren etxea” (2019).

2021 12 15 lib txomin jokin urain