Iban Barrenetxea: “Ilustrazioak ez dira apaintzeko bakarrik, testuei zerbait gehitzen diete”

Barren.eus 2021ko abe. 2a, 17:45

Iban Barrenetxea (Elgoibar, 1973) ilustratzailea eta idazlea da. Bere hirugarren eleberria idatzi eta ilustratu ostean, kalean da ‘Andanzas de un flautista llamado Tristrás’.

Lan klasikoetatik ideia bat edo beste jaso, eta abenturetan murgilduta ondo pasatu du itxialditik ateratzeko ihesbide bat izan baita liburua beretzat. Orain bere lanarekin jendeari ondo pasarazi nahi dio.

 • Zure testu eta ilustrazioak dituen hirugarren eleberria kaleratu duzu. Baina aurrez beste makina bat testu ilustratutakoa zara, ezta?
Bai, hiru eleberri horiez gain, beste lau lan badauzkat nik egindakoak, ipuin luze edo nobela labur moduan izenda daitezkeenak. Beste batzuentzat ere ilustrazio asko egin ditut, batez ere klasikoak. Azaletarako ere, eta publizitaterako beste pare bat. Baina liburuen kontua galdu dut.

 • Askotan ilustrazioak ipuinekin edo umeentzako lanekin identifikatzen ditugu. Zureak ere halakoak al dira?
Ez du zertan hala izan beharrik. Ni katalogatu naute klasikoak ilustratzeko estiloa duen ilustratzaile moduan. Klasiko ingeles asko ilustratu ditut, adibidez, Lewis Carrolen Alicia, Roald Dahlen liburu bat... Irakurle bezala klasikoak gustuko ditut eta baita ilustratzeko ere. Ilustrazioak ez ditut umeentzat bakarrik egiten, liburuak egiten ditut eta espero dut irakurleek aurreiritzirik gabe irakurtzea. Saiatzen naiz adinari erreparatu gabe istorioak kontatzen.

 • Umetatik gustatu zaizu marraztea?
Gauza bat marraztea da eta ilustratzea beste bat. Ilustratzeak funtzio bat dauka, testu bati laguntzea askotan. Nik txikitatik gustuko izan dut marraztea, bai, baina gero konturatu nintzen ez nuela marrazte hutsagatik egiten, beti istorioren batekin lotuta marrazten nuela. Esaterako, abentura pelikulak ikusi ondoren, eszenak marrazten nituen eta beti narrazioarekin lotzen nituen. Orain klasikoetatik ezezik beste leku askotatik hartzen ditut ideiak, pelikuletatik, bideo jokoetatik, klasikoetatik...

 • Eta gaur egun zer da zuretzat ilustratzea: zaletasuna, bizioa, lana?
Hontan gabiltzanontzat dena dela esango nuke. Barruan daramagun zerbait da, pasio bat, baina bizibide moduan hartuz gero, lana. Nire kasuan istorioak testu eta irudi bidez kontatzeko modua da. Beharbada arraroa da ilustratzaile batek hau esatea, baina pentsatu izan dut testuak ez duela irudirik behar, beraiek kontatzen dutelako dena, baina irudiak testuen osagarri dira. Horregatik ilustrazioak egiterakoan hori kontuan izan behar da: zer egin dezaket testu honi zerbait gehitzeko? Ez da apaintzeko bakarrik.

 • ‘Andanzas de un flautista llamado Tristrás’ liburua kaleratu duzu. Zeri buruzko eleberria da?
Nik idazten dudan guztia bezala abentura liburua da, magia eta fantasia jasotzen dituena. Ipuin tradizionaletan oinarrituta dago. Ez ditu 'Edurne zuri' edo 'Txanogorritxo' bezalako ipuinen erreferentziak, baina fantasia hori tradiziotik dator. Irakurleek ere esan didate txikitan irakurtzen zituzten liburu klasikoen kutsua dutela. Sumatu dut umeentzako literaturan baloreak erakusteko joera dagoela. Nireak, ondo pasatzeko liburuak dira, nahi dut irakurleek aurrera jarraitzea gero zer gertatuko den jakin nahi dutelako. Liburu honen protagonista da herriz herri dabilen flauta jole bat. Hiru atso aurkituko ditu eta bere amabitxiak direla esanda opariak emango dizkiote. Bere helmuga herensuge batekin borrokatzea izango da. Abiapuntua oso klasikoa da, baina gero pertsonairen abenturak kontatuko ditu liburuak.

2021 12 03 Iban Barrenetxea lana Andanzas de un flautista llamado Tristrás lib

 • Helduentzako liburuek gehienetan ez dituzte ilustrazioak izaten, ezta?
Ez, baina azken urteotan argitaletxeak hasi dira ausartzen helduentzako liburuak ere ilustratzera, ikusi baitute horrek balioa gehitzen diela. Gaur egun dena hain digitala denean, liburu on bat, ondo editatua eta ilustratua edukitzeak irakurketaren esperientzia aldatzen du.

 • Zer eman dizu azken liburu honek?
Oso ondo pasatu dut idazten. Konfinamendu sasoi horren ostean ihesbide bat izan zen niretzat eta jendeari ere liburuarekin ondo pasatzea opa diot.

 • Nola definituko zenuke zure ilustratzeko modua?
Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela dio esaerak, beraz, ikustea da onena. Zaila da definitzen. Estiloa ahotsa bezalakoa da benetan, nahigabe barrutik irteten den hori. Ikasi ahala garatu arren, ateratzen dena da estiloa.

 • Ilustratzaileak arkatz eta margoekin irudikatzen zaituzte, baina zuek ere egin duzue digitalera jauzia, ezta?
Nik orain dena modu digitalean egiten dut eta eskuz egina balitz tinta markaren batzuk baino ez lukete hori agerian utziko. Cintiq tableta batean marrazten dut zuzenean, era oso naturalean. Niri asko gustatzen zait arkatzekin eta lumarekin marraztea eta batzutan materialarekin izaten den kontaktuaren falta sumatzen dut. Baina nire helburua ez da teknikarekin ondo pasatzea, buruan dudan irudi hori islatzea baizik, eta une honetan digitalarekin ondo aritzen naiz.

2021 12 03 Iban Barrenetxea lana Andanzas de un flautista llamado Tristrás

2021 12 03 Iban Barrenetxea lana Andanzas de un flautista llamado Tristrás CapiÌtulo IV Pepo y oso