Anne Etchegoyen: “Emakumearen errealitatea islatu dut azken diskoko abestietan”

Barren.eus 2021ko aza. 25a, 18:21

 • Oraingoa izango da Elgoibarren emango duzun lehen kontzertua, ezta?
Bai, hala da. Biziki pozik nago interesgarria baita eszenatoki berri batera joatea, hegoaldera.

 • Zer eskainiko duzu Elgoibarko emanaldian?
Azken diskoa aurkeztuko dut, itxialdia baino lehen atera genuena. Emazte da diskoaren izenburua eta emakumea da gai nagusia.

 • Emakumea da hortaz diskoaren ardatza?
Emakumearen errealitatea eta gaurkotasuna islatzea da ideia. Emakumearen baitan, baina, askotariko gaiak landu ditugu: maitasuna, etxeko indarkeria, indarkeria sexista, amatasuna... Orain dela bost urte jaio zen nire semea eta sehaska kanta bat egin nion bere etorkizunean pentsatuz. Garai hartan emakumeen eguneroko egoera txarra zen, besteak beste, La Manada kasua zen indarrean; eta munduan ere hainbat herrialdetako egoera ez zen batere ona. Beraz, parekotasunari buruz hitz egitea nahi nuen eta gizon eta emakumeen arteko berdintasuna aldarrikatzea. Kasu deigarrienek eman didate inspirazioa hori egiteko. Abestiak euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez kantatuko ditut, baina gehiengoa euskaraz.

 • Gaiak horiek dira bai, baina zein musika mota entzungo du kontzertura joaten denak?
Folk doinuak dira gureak, ikutu flamenkoarekin. Gure gitarra-jolea flamenkoa izanik, nahastea egiten dugu. Diskoan nire musikariekin eta gizonezko abesbatza txiki batekin grabatu nuen arren, Elgoibarren gitarra-jole flamenkoarekin bakarrik izango naiz, formula intimista batean. Ahotsa, nirea altua dela diote, baina azken lanean beheko notetan ere aritu naiz.

 • Azken diskoko abestiez gain besterik ere eskainiko duzue?
Kontzertua nahasketa bat izango da. Batez ere azken diskoko kantuak izango dira, baina baita tradizionalak ere eta entzuleek ere parte hartu ahal izango dute txaloak jotzen eta abesten.

 • Beste lanik badaukazu esku artean?
Orain bukatzen ari gara Ainaren bizitzari buruzko dokumental bat. Ainarak ziren Aragoitik eta Nafarroatik Maulera espartin fabriketara lanera joaten ziren emakumeak. Nik aurkezpen lanak egin ditut lekukoekin beren istorioa osatuz eta kantuak ere nireak dira.

 • Sumatu al duzue Covid-19aren eragina emanaldietan?
Frantzian eta Ipar Euskal Herrian jo genuen eta hegoaldean ere bai aurtengo udan, eta datozen asteetarako lau emanaldi ditugu iragarrita. Sumatu dugu, bai, baina ez da hainbestekoa izan gure kasuan beherakada. Egoera biziki aldatzen ari da musika eta disko sektorean eta ez dakit etorkizuna nolakoa izango den. Baina artistok, antolatzaileek eta produktoreek beharko dugu etorkizuna nolakoa izango den jakitea, beltza izan daiteke-eta.