Sohelen Vargas: “Antzerkian sekula egin dudan lanik zailena izango da Argitxo Iratxoaren obra”

Barren.eus 2021ko aza. 19a, 11:54

2019an iritsi zen Sohelen Vargas (Virginia, 1995) Euskal Herrira. Estatubatuarra da, Virginiakoa, hain zuzen ere, baina bidaiatzea gustuko du eta hizkuntzak maite ditu. Eibarrera iritsi zen, Hizkuntza Eskola Ofizialean ingeles eskolak emateko lan kontratuarekin, eta bere ikasle baten bitartez, Elgoibarrera etorri zen bizitzera. Arte ikasketak eginak ditu eta antzerkigintza izugarri gustatzen zaio. Taupada taldeko arduradunekin jarri zen harremanetan, eta taldeko kide da gaur egun. Domekan egingo du debuta, Argitxo Iratxoaren obran.

Leizezuloa utziko du Argitxo Iratxoak domekan, Herriko Antzokira etortzeko, estreinakoz. Ez da bakarrik egongo: Amama Oneida, Dunixe biloba, eta haren lagun Piku eta Kiro ere oholtzan izango dira-eta. Sohelen Vargas (amama Oneida), Oihane Gartzia (Dunixe), Ibai Leon (Piku) eta David Rodriguez (Kiro) izango dira aktoreak, Edurne Lasaren zuzendaritzapean, eta Jose Mari Larrañaga arituko da lan teknikoan (informazio osoagoa hemen). Sohelen Vargasek eman dizkio BARREN aldizkariari antzezlanaren eta bere ibilbidearen inguruko xehetasunak.

2021 11 19 argitxo taupada manusanchez

 • Noiz eta nola iritsi zinen Elgoibarrera?
Unibertsitate ikasketen azken sei hilabeteak Granadan egin nituen, Antzerkia eta Espainiera ikasten. Amerikako Estatu Batuetan hasi nituen ikasketak, eta Espainian amaitu nituen. 2019ko udaberrian iritsi nintzen Granadara, eta han nengoela Espainiako Hezkuntza Ministerioak zeukan programa baten berri izan nuen. Programa horretan eman nuen izena, eta horri esker, Eibarko Hizkuntza Eskola Ofizialean ingelesa irakasteko aukera eskaini zidaten. Granadako sei hilekoa bukatu nuenean Estatu Batuetara itzuli nintzen graduatzera, eta graduazioaren ostean, etorri nintzen hona, 2019ko azaroan, ingeles eskolak ematera. Hizkuntzak asko gustatzen zaizkit, baina ez nengoen ohituta irakastera, eta hasieran kostatu egin zitzaidan. Bazirudien etengabe ingelesa ikasi behar nuela. Ahoskera, bereziki, landu behar izan nuen, ikasleek ondo uler zezaten

 • Eibarren hasi zinen lanean, baina Elgoibarren aurkitu zenuen bizilekua.
Bai. Ez zen erraza izan bizitzeko lekua aurkitzea. Nire ikasle baten bitartez, Josu Cuende ezagutu nuen, eta haien etxean bizitzen jarri nintzen. Oso familia jatorra eta atsegina da, eta beraiekin bizi naiz oraindik ere. Josu, Aitor eta Nerearekin bizi naiz, eta oso gustura nago. Eibarko lana bukatu zitzaidan, eta orain Elgoibarren bizitzeaz gain, hemen egiten dut lan akademia batean. Ingelesa irakasten dut eta euskara ikasten nabil.

 • Bazeneukan euskararen berri hona iritsi aurretik?
Granadan ikasten nuenean izan nuen euskararen berri, eta berehala piztu zitzaidan interesa. Hizkuntzak asko gustatzen zaizkit: eskolan hiru urtez frantsesa ikasi nuen, urtebetez alemaniera eta beste bi urtez latina. Hala ere, une honetan esan dezaket bi hizkuntzatan bakarrik moldatzen naizela ondo; ingelesez eta gaztelaniaz. Gainerakoak ez ditut asko erabili eta hizkuntza bat ez bada erabiltzen, galdu egiten da. Jende asko harritzen da esaten diedanean hizkuntza horiek guztiak ikasi izan ditudala, baina niri harrigarriagoa egiten zait hemengo jendearen gaitasuna. Hemengo herritar askok hiru hizkuntza menperatzen dituzte, eta niri hori sekulakoa iruditzen zait. Gaztelania eta euskara ia jende guztiak dakizki, oinarrizkoa bada ere, eta askok ingelesa ere menperatzen dute.

 • Zer iruditzen zaizu euskara?
Polita iruditzen zait. Bati baino gehiagori entzun izan diot euskara oso jende gutxik hitz egiten duela eta ez duela ezertarako balio, ez dela ingelesa edo alemaniera modukoa, eta hori entzuteak pena ematen dit. Niretzako hizkuntza aberatsa da, eta hitz eta esamolde oso politak dituela iruditzen zait.

 • Zer iruditzen zaizu Euskal Herriko bizimodua?
Estatu Batuetakoarekin alderatuta, oso desberdina da. Estatu Batuetan oso ohikoa da kalean norbaitekin gurutzatu eta zer moduz dagoen galdetzea, baina erantzunik espero gabe, ez gara geratzen eta oinez goazen bitartean erantzun eta aurrera segitzen dugu. Hemen galdetzen badiozu norbaiti zer moduz dagoen geratu egiten da eta erantzun egiten du. Jendea oso jatorra iruditzen zait.

 • Hizkuntzez gain, antzerkia ere gustatzen zaizu. Nola iritsi zinen Taupadara?
Betidanik gustatu izan zait. Antzerki zuzendari izateko ikasketak egin nituen Estatu Batuetan, eta antzerki obra bat ere zuzendu nuen. Taupadara Nerea Cuenderen bitartez iritsi nintzen. Ibai Leon eta Nagore Cid ezagutzen zituen berak, eta Ibaik hitz egin zuen Edurne Lasarekin. Irailean hasi nintzen entseguetan, eta berehala galdetu zidaten ea hurrengo antzezlanean parte hartu nahi nuen. Harritu egin nintzen eskaintzarekin, baina baietz esan nien berehala, jakina. Sekulako pazientzia izan dute nirekin, eta nigan jarritako konfiantza eskertu nahi diet. Taldeak euskaraz funtzionatzen du, baina niri eman dizkidate beharrezko argibideak gaztelaniaz, eta oso-oso ondo hartu naute taldean.

 • Igandean egingo duzu debuta Herriko Antzokian, Argitxo Iratxoaren obran, amamaren paperean.
Bai, urduri nago. Amamaren papera egingo dut. Eskaini zidatenean baietz esan nuen, egingo nuela, baina orduan ez nekien amamak narratzaile papera bete behar zuenik. Asko lagundu didate guztiek, bai zuzendariek eta baita nirekin oholtzan arituko diren beste aktoreek ere. Ni amama izango naiz, Oihane {Gartzia} Dunixe, nire biloba, eta Ibai {Leon} eta David {Rodriguez} Dunixeren lagunak.

 • Herriko Antzokiko oholtzara irtengo zara, euskaraz antzeztera.
Bai, erronka handia da, eta orain arte antzerkian egin dudan lanik zailena izango da domekakoa, zalantzarik gabe. Aktore lanak egiteaz gain, euskaraz egin behar dut. Aditzak eta esaldietan etenak ondo egitea iruditu zait zailena. Azken batean esaldiak esanahia izan dezan ezin dut edozein lekutan moztu, eta eten horiek bere lekuan egitea zaila egin zait. Hitzen azentua ere garrantzitsua da, eta hitz bakoitzari bere lekuan jarri behar zaio indarra, bestela zentzua aldatzen zaio. Lan handia egin dut eta espero dut ondo irtetea. Testua behin eta berriz idatzi dut koaderno batean, eta gero, esaldiak behin eta berriz errepikatu ditut, buruz
ikasteko. Nire testua ikasteaz gain, istorioa bera ulertu behar izan dut, ez duelako balio testua buruz esateak. Gainerako aktoreak entzutea eta ulertzea ezinbestekoa da, nire txanda noiz den jakiteko.

2021 11 19 sohelen vargas argitxo iratxoa euskaratua koadernoan barren

 • Noiz arte geratzeko asmoa daukazu Euskal Herrian?
Ez dakit, baina oraindik ez dut nahi beste ezagutu Euskal Herria. Pandemia iritsi zen, eta 2020ko martxoan etxeratu gintuzten, beraz, udaberria ia osorik galdu nuen. Udaberri-uda aldeko jaialdi eta festak ezagutu nahi nituzke Euskal Herria utzi aurretik.

 • Eta, Euskal Herritik, nora joango zara?
Ez dakit nora joango naizen, baina badakit Estatu Batuetara ez naizela itzuliko oraindik. Beste herrialde bat eta beste hizkuntza bat ikastea gustatuko litzaidake. Aukera desberdinak ditut esku artean: Unibertsitateko lagun bat ingeles irakaslea da Shanghain (Txina), eta hori izan daiteke aukera bat. Gra-nadan egon nintzenean Egiptoko neska bat ere ezagutu nuen, eta India edo Nepaleko lagun batzuk ere badi-
tut, eta Alemaniara joateko prest dagoen lagunen bat ere bai. Ez daukat batere argi non bukatuko dudan, baina bidaiatzea izugarri gustatzen zait, eta ahal dudan bitartean herrialdeak, kultura eta hizkuntza desberdinak ezagutzea gustatuko litzaidake.

Argitxo Iratxoa antzezlana ikusteko sarrerak hemen