Deba bailarako blues zale guztientzako 'Blues Hotsak' jaialdiaren hirugarren ekitaldia egingo dute Soraluzen

Barren.eus 2021ko aza. 17a, 15:01

Blues Hotsak jaialdiaren hirugarren edizioa izango da aurtengoa, eta Errabal kultura elkarteko Ubane Uzin antolatzailearen esanetan, "blues jaialdia kontsolidatu egin da eta penintsulako blues jaialdi nagusien agendan sartzea lortu dugu. Horri esker, orain atzerritik biran datozen musikariak eurak dira etorri nahi dutenak". BARRENek kontzertu bakoitzerako bina sarrera zozkatzen ditu.

Amerikako Estatu Batuetako, Britainia Handiko, Espainiako, Kataluniako eta Euskal Herriko musikariek joko dute Blues Hotsak jaialdiaren hirugarren edizioan, azaroaren 19tik 28ra bitartean, Soraluzen.

 • Musikari handiak
Watermelon Slime da jaialdiko izen handi horietako bat. “Ibilbide luzeko musikaria da, oso edadetua. Vietnamgo gerran ibilia, gerraren aurkako beteranoen kide ere izan zen eta bere bizitza artistikoan blues munduko musikaririk handienekin jo du”. 
Ondoren datozen beste lau taldeak ere ez dira nolanahikoak: Izo Fitzroy emakume ingeles ileoria "indar handikoa"; Koko Yein, bere azken diskoa aurkezteko biran dabil; Eunice, Nina Simoneri eskainitako emanaldia da, Errabal elkartearen enkarguz ondua; eta Niko Etxart, “euskal eszenako izen handia, euskarari presentzia ematen diona". Hala, maila artistikoarekin batera, genero aldetik lortu den “oreka polita” ere azpimarratu nahi izan du Ubane Uzinek, nabarmenduz taldeburuetako hiru emakumezkoak eta beste bi gizonezkoak izango direla.
Bestalde, aipagarria da aurten ere Soraluzeko musika taldeek izango dutela jotzeko aukera, Musika Eskolarekin batera antolatu den emanaldian. 
 • Erakusketa eta filma
Kontzertuez gain, beste diziplina batzuk ere izango dira jaialdian. Batetik, Bluesaren zuzeneko mundua izeneko erakusketa izango da ikusgai, Alex Rodriguezen argazkiekin osatua. Bestetik, Janis Joplinen bizitzari buruzko Little girl blue filma proiektatuko da jaialdiak iraungo duen egunetan. 
 • Sarrerak salgai
Kontzertuetarako sarrerak dagoeneko salgai daude Soraluzeko Iratxo gozo-dendan, 10 euroko prezioan.

SARREREN ZOZKETA
BARRENek kontzertu bakoitzerako bina sarrera zokatzen ditu, hamar sarrera guztira. Jarraian dituzu Blues Hotsak jaialdiko bost kontzertuetarako sarreren zozketetan parte hartzeko loturak:

2021 11 17 Blues Hotsak 2021 tokikom 700x700

PROGRAMA
Azaroaren 19tik 28ra bitartean Blues Hotsak jaialdian programatuko diren ekitaldiak ondorengoak izango dira:

Wartermelon Slim Blues Band (Kontzertua). Ospetsua da blues munduan: kazetari, historialari eta kamioilaria dugu aldi berean, bizitza ikuspegi satirikoz aurkezten digu, politikari buruz eta gerraren aurka kantatuz... Azaroak 19, 20:00etan Herriko Antzokian.

2021 11 17 Watermelon Slime blues hotsak soraluze

Izo Fitzroy banda (Kontzertua) Soul eta Blues munduan ondo trebatutako emakume britainarra. Soul garaikidearen ahots nabarmenenetako bat dugu Izo Fitzroy. Gospelaren barruan hazia eta Motown zein rock klasikoaren soinuetan babestua. Azaroak 20, 20:00etan Herriko Antzokian.

2021 11 17 blues hotsak soraluze Izo Fitzroy banda

Eunice vs Mayka Edjole (Kontzertua). A Beloved Tribute to Nina Simone's Music. Nina Simone artista eta aktibista ospetsuak Eunice zuen lehen izena. Grezieratik dator eta "garaipena lortzen duena" esan nahi du. Aukeratutako errepertorio honetan, bere ibilbide aberatsean ukitu zituen estilo eta genero guztiak batzen dira arrakasta handiko zenbait abestiren ondoan. Azaroak 21, 20:00etan Herriko Antzokian.

Janis Joplin: Little girl blue (Film proiekzioa) Janis Joplin abeslariari buruzko dokumental musikala. Lanak musika asko du, baina musika hori abestu zuen emakumea nabarmentzen du, maitasunez, sakontasunez eta leuntasunik gabe. Azaroak 25, 21:00etan Herriko Antzokian.

Niko Etxart & Hapa-Hapa (Kontzertua) Urte guztietako jakituria eta errepertorio anitz distiratsu baten jabe, bere beste sustrai nagusiaren ikerkuntza eta gozatze hutsean bermatzen du bere beste fazeta, jaialdi honetan izango den "bluesman"-a hain zuzen ere. Niko Etxart (ber)aurkitzeko luxuzko aukera. Azaroak 26, 20:00etan Herriko Antzokian.

Koko-jean & The Tonics (Kontzertua) Musikalki desberdinak diren lau munduren onentsuena proposatzen digu soul, erritmo eta groovez betetako eztanda bakarrean. Bartzelonan bizi den abeslari afro-katalan honek hankaz gora jarri zuen Bartzelonako soul eta rythm & blues eszena duela urte batzuk, The Tonics taldearekin abentura berri bila abiatuta. Azaroak 27, 20:00etan Herriko Antzokian.

Musika Eskolako Konboak (Kontzertua) Soraluzeko Musika Eskolako ikasle eta irakasleek osatutako taldeak euren trebetasunak erakutsiz. Gertuko gozamena. Azaroak 28, 13:00etan Herriko Antzokian.

Bluesaren zuzeneko mundua (Erakusketa) Alex Rodriguez Cruz argazkilariak zuzeneko blues emanaldietan ateratako argazkiak. Azaroaren 19tik 28ra, erakusketa gelan.