Kultura

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

2015 11 26 jose julian marquez aizkoragaz2Jose Julian Marquezek orain dela 3.500 urte inguruko aizkora aurkitu zuen umetan, Elgoibarko Morterika errekan. Erreminta-makinaren hiriburuan aurkitutako metalezko erremintarik zaharrena da.

Balio historiko handiko pieza hori etxean gorde eta zaindu du Marquezek. Ondare horrek elgoibartar eta gipuzkoar guztien esku egon behar duela iritzita, Gordailuari utzi dio bere aurkikuntza, Gipuzkoako Ondare Higigarrien Zentroari.

Morterika errekan

1985ean, 11 urte inguru zituenean, egun batean Morterika errekan zebilen Jose Julian, zerbaiten bila. Izan ere, amuarrainak harrapatzea eta mineralak aurkitzea ikaragarri gustatzen zitzaion. Uretan, zerbaitek dir-dir egiten zuen. Hasieran piritazko mineralen bat izango zela pentsatu zuen, baina uretatik ateratakoan pieza zaharren bat zela konturatu zen. “Etxera joan nintzenean, konturatu nintzen Pilarreko 3. mailako historiako liburuan antzeko tresna agertzen zela”. Esku artean zuena Brontze Aroko aizkora bat zen, orain 3.500 urte egindakoa. Leizarpe espeleologia taldeak Aranzadirekin jarri zuen harremanetan, eta Zientzia Elkarteak bi urtez ikertu zuen pieza. Uztaidun aizkora bat da, brontzez eginikoa. Euskal Herrian era honetako oso aizkora gutxi agertu izan badira ere, Penintsulako Kantauri isurialdean eta Portugalen gehiago topatu dituzte.

Historiaren zati bat

Brontzez egin zuten Morterikako aizkora. Horretarako molde bat erabili zuten. Lanabes honek balio handia izango zuen garai hartan, mineralak lortzea, urtzea eta lantzea prozesu zaila zen eta. Jose Julianen ustez, gutxi dakigu Elgoibar inguruko historiaurreaz, baina aizkora honek hainbat pista ematen dizkigu. “Pieza honek ohartarazten gaitu etorkizunean gerta daitezkeen beste aurkikuntza posible batzuen inguruan”. Beharbada, Urasandiko Talaixan zegoen meategi batekin zerikusia izan lezake aizkorak, edo beharbada Moruko asentamenduarekin.

•Elgoibartarrena
Azken batean, Elgoibarko historiaren zati garrantzitsua da Jose Manuelen aizkora, erreminta-makinaren hiriburuan aurkitutako metalezko erremintarik zaharrena baita. “Pieza hau elgoibartar guztiona ere bada nolabait”, uste du. Horregatik erabaki du aizkora Gordailuan uztea, elgoibartar eta gipuzkoar guztion esku. Joan zen astean, azaroaren 20an, tramitatu zuen lagapena.

Lotura duten albisteak:

2015 11 26 jose julian marquez aizkoragaz

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

 

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza