Historiaurreko gizakiaren bizimodua nolakoa zen ezagutu eta probatzeko aukera izan zen asteburuan Elgoibarren

Barren.eus 2021ko aza. 9a, 13:21

Urruneko garaietara bidaia modukoa egiteko aukera izan zuten asteburuan Hezur Museoak eta Morkaikok antolatu zituzten ekintzetan parte hartu zuten lagunek.

Batetik, Hezur Museoak ateak ireki zituen zapatuan, eta herritar asko hurbildu zen Jose Julian Marquezen azalpenak entzutera. Museoan bisita gidatua egiteaz gainera, besteak beste, historiaurreko zintzilikarioak egin zituzten gaztetxoenek, hogei bat egin zituzten guztira, eta lehen gizakiak moduan, sua egiten ere ikasi zuten.

Domekan, berriz, historia aurreko gizakiak erabiltzen zituen tresna eta armen erakustaldia praktikoa egin zuten, Idotorben, hasiera batean Moru mendian egitekoak ziren arren. Eguraldi iragarpenagatik egin zuten leku aldaketa, eta eguraldiak gehiegi lagundu ez arren, egin ahal izan zituzten prestatuta zituztenak. Hainbat garai eta lekutako armen erreplikak eraman zituen Marquezek, denak berak eginikoak. Australian, Papua Ginea Berrian edo Amerikan jatorria duten ehizarako tresnak probatu zituzten Idotorbeko zelaietan kokatu zituzten ituetan. Gainera, Zarta arkulari elkartekoek gaur egungo arkuak eta geziak eraman zituzten, duela milaka urte gizakiak sortutako armekin alderatzeko.

Antolatzaileak “pozik” agertu dira ekimenak izan duen harrerarekin.

2021 11 06 hezur museoa historiaurrea sua

∞Lotura duten albisteak: