Angel Ispizua argazkilari bilbotarraren Itsasoaren aurrean erakusketa, Kultur Etxean

Barren.eus 2021ko urr. 28a, 18:24

Angel Ispizuaren argazki erakusketa antolatu du Ongarri Argazkilari Taldeak. Kantauriko kostaldean zehar ateratako argazkiak jasotzen ditu Itsasoaren aurrean izeneko erakusketak.

 Itsasoaren aurrean argazki bilduma jarriko du ikusgai bariku honetan Angel Ispizua argazkilariak Kultur Etxeko erakusketa gelan. Mario Benedetti poemagilearen lan baten zati batek inspiratuta hasi zen Ispizua duela bi urte argazki bilduma hau osatzen. Igerilari eta urpekari trebea da, baina oraingoan itsasoaren aurrean geratu da, kirolarien joan-etorriekin liluratuta, haurrekin jolasten, hondartzan pasiaran...
Kantauriko kostaldean ateratako argazkiak jarriko ditu ikusgai. Gurasoak umeekin hondarrezko gazteluak egiten, herritarrak eguzkia hartzen, gizon eta emakumeak talde txikitan zutik berriketan edo bainulariak ageri dira, besteak beste, argazkietan. Zuriak beltzari gailentzen dio, figuratibotasunak beti du lausotasunetik... Ez dira postalak. Autore argazkiak dira, nahiz eta hondartza eta bertako aktibitatea oso present dauden. Argazkiak kalitate handiko zuntzezko paperean inprimatuta daude, azidorik gabekoa, eta bi formatutan aurkezten dira (80x100 cm eta 40x50 cm). Euskal idazle baten argitaratu gabeko testu labur batek osatzen du erakusketa.

  • Azaroaren 13ra arte egongo da ikusgai erakusketa, astelehenetik zapatura, 18:30etik 20:30era.

Honela deskribatzen du Ongarri Argazkilari Taldeko kide Jesusmari Sarasuak Ispizuaren begirada eta lan artistikoa:

"Kantauriko kostaldean zehar ateratako argazki hauetan, gurasoak ikusten ditugu beren seme-alabei gazteluak eraikitzen laguntzen, hondarretan baloiekin edo uretan taularekin jolasten; haurrak korrika edo ariketa gimnastiko harrigarriak egiten, gizon eta emakume talde txikiak zutik berriketan, itsasertzean edo bazterretik urrun; beren hamaketan etzanda ere bai, batzuk irakurtzen, beste batzuk lo egiten, pentsatzen edo besteei begira; ibiltariak, bakarka edo taldean, askotariko janzkera dutenak, bainujantzi probokatzaileekin doazenetatik hasi eta gorputzaren zatirik handiena estalita daramatenetaraino. Era berean, poltsan toalla soil bat eraman dutenen eta ezer faltako ez zaion kanpamentu handi bat egin dutenen artean nolako aldea dagoen ikus dezakegu. Eta kirolariak. Bainulariak, uretan jolasteko asmoz sartzen direnetatik edo eguzkitan luzaroan egon ondoren freskatzea besterik nahi ez dutenetatik hasi eta hurrengo lehiaketei begira euren praktika neurtzen duten diziplinatuenetaraino. Igerilari hauek, igerian aritzeaz gain, itsasertzetik beren lagunen eboluzioak behatzen dituzte; surflariek bezala, urteko sasoia edozein dela ere, eguneko edozein une baita ona olatuak hartzeko. Eta, itsasoaren aurrez aurreko ikuspegia inoiz alde batera utzi gabe, Ispizua gero eta gehiago hurbildu da uretara, eta arreta handiagoz hartu ditu kirolari horiek, itsasoan sartu-irtenean, olatuen erritmoan.
Hau da argazki hauetan ikusten duguna bertan agertzen diren pertsonei begiratzen diegunean, baina beste askoren kasuan beren arrastoa baino ez dugu ikusten, eta horrek pentsarazten digu izango direla beste asko, inongo arrastorik gabekoak. Eta horrek zerikusia du argazkiaren ezaugarri nabarmenetako batekin, paregabea egiten duena eta beste diziplina batzuetatik bereizten duena: denbora gelditzearena. Denboraren joana agerian uztearen zentzuan gelditzea, aldaketen testigantza gisa, baina baita gure existentziaren iheskortasuna islatzen duena ere. Kasu honetan, eta aurreko lanean hasi zuen praktikarekin jarraituz, pertsona taldeak leku masifikatuetan erretratatu zituenean, Ispizuak segundo bateko esposizioa egitea deliberatu du hartualdian. Horri esker, denbora-tarte txiki horretan gertatzen dena nahi duen plastikotasunarekin erregistratu du, baina, gainera, erabaki tekniko horrekin denboraren iragankortasuna eta betikotasuna irudikatzeko ideia azpimarratzen du".

2021 10 13 angel Ispizua Itsasoaren aurrean 42 pr