Maialen Sanchez: “Ni idazlea naiz, baina erizain laguntzaile izateak ematen dit jaten”

Barren.eus 2021ko urr. 8a, 10:45

Maialen Sanchez Mateosek (Elgoibar, 1985) estreinako liburua kaleratu berri du, Sevillako Punto Rojo argitaletxearekin: ‘El jueves a las cinco’. Ofizioz erizain laguntzailea da, baina beti izan du gustuko idaztea.

Zaharren egoitza batean lan egiten du, eta Covid19-aren pandemia iritsi zenean lanak gaina hartu zion. 12-15 orduko lan jardunak izaten zituen sarri, eta lana ez beste guztia alboratu zuen, idaztea ere bai. Bere buruari “omenaldi moduko bat” egin dio liburuan, bizimodu erreala eta fikzioa uztartuta.

 • Erizain laguntzailea ofizioz, eta idazlea afizioz. Nola hasi zinen idazten?
Betidanik gustatu izan zait idaztea, eta asko idatzi izan dut. Nire sentimenduak islatzen ditut idatzietan, eta asko laguntzen dit. Poemak idatzi izan ditut, istorio laburrak, eta paragrafo solteak ere asko. Lasaitasuna ematen dit idazteak. Eta orain dela lau urte Sevillako Punto Rojo argitaletxearekin hasi nintzen lanean. Nire lagun batek egiten du bertan lan, eta haren bitartez sartu nintzen argitaletxean. Idazle bati testuak zuzentzen nizkion, eta nire iritzia ere ematen nion tarteka. Idazleek momentu batzuetan zalantzak izaten dituzte protagonistekin, ez dute jakiten zer egin beraiekin, eta nik laguntzen nien horrelako egoeretan aurrera egiten. Horrez gain, nire testuak ere argitaratzen zituzten argitaletxearen webgunean, baina beti modu anonimoan; sekula ez nuen izenik ematen, ez nituen artikuluak sinatzen edo ezizenen bat jartzen nuen. Idaztea gustatzen zait, baina orain arte beti oso pribatuan idatzi izan dut, isilean.

 • Anonimotasuna atzean laga eta aurpegia eman duzu ‘El jueves a las cinco’ liburuan. Nola sortu zitzaizun liburua idazteko ideia?
Pandemiaren ondorioz etorri zitzaidan liburua idazteko beharra. Erizain laguntzailea naiz zahar etxe batean, eta pandemiarekin oso gaizki pasatu dugu, besteak beste, lanean jarraitu genuen langileok 15-20 orduko lan jardunak egin behar izan genituelako. Egoera oso gogorra izan da. Beldur handia pasatu dugu. Laguntza psikologikoa behar izan nuen egoerari aurre egiteko. Madrilgo psikologo batekin jarri nintzen harremanetan, eta online izaten nituen saioak berarekin. Nire babesa izan da, eta hari esker eman nion egoerari buelta. Egoera horretan hasi nintzen istorioa idazten, eta urte honen hasieran azaldu nion nire ideia argitaletxeari. Zirriborroa bidaltzeko esan zidaten, eta gustatu zitzaien. Liburua idaztera animatu ninduten, eta aholku batzuk ere eman zizkidaten liburua idazteko: laburra izan behar zen, irakurterraza, arina, idazkera argikoa... Niri ere ez zaizkit gustatzen denboran aurrera eta atzera egiten duten eleberriak, eta nobela lineal bat idatzi dut.

 • Omenezko liburua dela diozu. Zer esan nahi duzu horrekin?
Fikziozko istorio bat nire benetako bizitzarekin uztartu dut. Ez da liburu autobiografiko bat, baina asko dauka niretik. Nik Noa izeneko txakur bat daukat. Tratu txarrak jasandako txakurra da eta adopzioan hartu nuen. Bizipen gogorrak ditu nire txakurrak, eta istorio hori sartu dut, adibidez, liburuan. Nik gai horri garrantzi handia ematen diot, eta liburuan azaldu dut nire txakurraren istorioa. BARREN aldizkariari ere egin diot keinu bat liburuan. Pirinioetan kokatzen da istorio nagusia, eta aipatzen dut herri txiki bateko herri aldizkari bat. Kokalekuak ere denak benetakoak dira. Nik asko bidaiatzen dut, eta ezagutzen ditudan lekuetan kokatu dut eleberria. Pertsonaiak ere benetakoak dira asko, baina izena aldatuta, eta, alderantziz ere egin dut, nire inguruko lagunen izena eman diet asmatutako pertsonaiei. Omenezko liburu bat dela esaten dut, nire buruarentzat eta baita nire ingurukoentzat. Fikziozko istorioa da, baina errealitateko kontu askorekin nahastu dut.

2021 10 08 maialen sanchez idazlea juevesalascinco elgoibar 1 BARREN

 • Ostegunean bostetan; zer gertatzen da?
Hitzordu garrantzitsu bat da niretzat. Nire psikologoarekin zita izaten dut ostegunero, bostetan. Berak animatu ninduen berriz ni izatera, pandemiako egoera iluna atzean utzi eta aurrera egiteko indarra eman zidan, eta nor naizen erakusteko unea iritsi da. Psikologoa izan da nire argia pandemiaren iluntasunean, eta berari ere omenaldi bat egin nahi izan diot. Liburu barruan ere eskaini dizkiot hitz batzuk berari.

 • Liburuaren nondik norako labur bat kontatuko diguzu?
Ospitaleko harreran lan egiten duen neska bat da protagonista. 25 urte ditu, lanpostu finkoa, soldata duina... bizimodua egina dauka nolabait esateko, baina konturatuko da berak ez duela bizimodu hori nahi. Furgoneta bat dauka, txakurra, eta asko bidaiatzen du. Bidai horietako batean, herri huts batera iritsiko da, eta pertsonaia mistiko batekin topo egingo du. Zerbait kontatuko dio pertsonai horrek, eta hortik hasiko da herriaren istorioa ikertzen. Lana utzi eta herriari bizitza ematen hasiko da. Herri horretan eraikin esanguratsu bat dago, eta bizia itzuliko dio eraikin horri ere. Mezua dauka amaieran, eta gogoetarako balioko du.