Raimundo Argosek irabazi du Mendaroko aire libreko margo lehiaketa

Barren.eus 2021ko ira. 29a, 11:39

Mendaroko Udalak kaleko margo lehiaketa antolatu zuen zapaturako, eta Raimundo Argos bilbotarrak irabazi zuen lehenengo saria.

Raimundo Argos bilbotarrak irabazi zuen zapatuan Mendaron jokatu zuten margo lehiaketa eta 700 euroko txekea jaso zuen saritzat. Bigarren saria, berriz, 500 euroko txekea, Jose Miguel Arranz astrabuduarrarentzat izan zen, eta bi accesit ere banatu zituzten: Juan Jose Altuna bergararrarentzat izan zen bata, eta Jose Reyes leioarrarentzat, bestea. Epaimahai teknikoa Aitor Sarasketa artista zarauztarrak, Bingen De Pedro artista bergararrak eta Aitor Etxeberria margolari eta eskulturagile mendaroarrak osatu zuten. Etxeberriak aipatu du ez zutela lan erraza izan koadrorik onenak aukeratzeko. "Maila oso handiko margolariak etorri zitzaizkigun. Egia esan, urtetik urtera zailtzen ari da gure lana". Bigarren lanik onena, margo lehiaketako lanak ikustera gerturatu zirenen artean zozkatu zuen zapatuan Udalak, eta Txomin Zulaikak eraman zuen etxera. Obra guztiekin erakusketa zabalduko du bihar Udalak eta hilaren 10era arteko epea egongo da ikusteko aukera, Lagun Betikoak lokalean.

Margo lehiaketak iraun zuen tartean, Trapu Zaharrak taldekoek Mesede bat egiteagatik obra antzeztu zuten zapatuan, Herriko Enparantzan.