EITBk Podkast plataforma ireki zuen apirilean, eta euskarazko audioliburuak gehitu dituzte orain plataforma horretara, debalde. Hasteko, Eider Rodriguezen 'Bihotz handiegia', Uxue Alberdiren 'Jenisjoplin', Lander Garrok itzulitako Albert Sanchez Piñolen 'Larrua hotz' eta hainbat egileren 'Lo potolo' izango dira entzungai. Hurrengo asteetan eskaintza handituz joango direla aurrerau dute EITBtik.
Literatura irakurria entzuteko aukera aski zabaldua dago inguruko hizkuntzetan, baina apenas zegoen euskararen presentziarik orain arte. Euskarak zuen gabeziaz jabetuta, proba egin nahi izan du EITBk, eta "gustu guztietarako literatura" entzungarria ekoitzi du.
Audioliburuen grabazio prozeduraren estandarrak jarraituta, kalitatezko hainbat lan osatu dituztela jakitera eman dute, idazleen oniritziarekin. Are gehiago, kasu batean gainera idazleak berak jarri dio ahotsa bere nobelaren lehen audioliburu egokitzapenari, Uxue Alberdik, hain zuzen ere. "Berak daki, beste inork baino hobeto, Jenisjoplin eleberri ezagunean jarritako hitz bakoitzaren arrazoia". Horregatik berak ahotsa jartzea begi onez ikusi zuten On Time ekoiztetxeak eta EITBLabek, proiektuaren sustatzaileak. Alberdik Iñaki Beraetxe aktore eta bikoizlariaren laguntza izan zuen lan horretan.
Audioliburuen fenomenoa aztertu du Argia-k, 'Euskarazko literatura idatzia ahotsez emana, nola dago panorama?' erreportajean, eta Uxue Alberdiren berbak jaso dituzte bertan. Alberdik dioenez, ez da gauza bera publiko batentzat irakurtzea edo bakarka entzungo dena grabatzea, eta ikasteko aukera izan da hau berarentzat: “Idazleak daude eroso sentitzen direnak idazten eta kito, beste batzuk irakurle taldeetan ere parte hartzen dutenak, adibidez, eta gehiago. Niri asko interesatzen zait hitza eta komunikazioa, ahoz ematearen geruza hori, lehen mailakoa dena, bai aurrez aurre eta baita grabaketa batean ere. Pila bat disfrutatu nuen grabatzen, noiz sartu arnasak ahots batean eta noiz ez... Hitzarekin batera ahotsak liluratzen nau eta aukera bikaina zen hori ere lantzeko. Asko erlaxatzen zuen, gainera, hiru orduz ia xuxurlaka aritzeak”. Nobela grabatzeko guztira, hiru orduko zortzi saio egin zituzten, zortzi goiz.
Audio-liburuei dagokienez, Alberdik dio hemen ez dagoela horretarako kultura eta ohitura handirik, baina hori sortu egiten dela, egin behar dela, dauden apurrak ere ez baitaude oso sozializatuta. “Betidanik gustatu izan zait testuak idazleen ahotsean entzutea, batez ere autoan, gaztetatik. Julio Cortazarren CD bikoitz bat eramaten dut musika beharrean. Paseoan noanean ere entzuten ditut”. Zentzu horretan, podcasten kulturak audio-liburuak eta antzekoak zabaltzen laguntzen duela dio. Hala ere, irakurtzea eta audio-liburuak entzutea bi esperientzia ez ordezkagarri direla iruditzen zaio, eta audio-liburuek balio dezaketela irakurtzeko zailtasunak dituztenek literaturaz gozatzeko, hizkuntza ikasteko...
• "Go!azen" telesaileko liburuak audioliburuetara
Gazteenek ere izango dute zer entzun audioliburuen atalean, bigarren fase batean Go!azen telesailaren bueltan ateratako lau liburuak eramango baititu EITBk audiora, Jasone Osoro idazle elgoibartarrak idatzitako liburuak, hain justu ere. Gainera, telesaileko aktoreek jarriko diote istorio bakoitzari ahotsa: Iritsi gara (Lorea Intxausti, Juneren paperean), Eiderren egunerokoa (Esti Lopez, Eiderren paperean), Maddiren amona influencerra (Danae Riaño, Maddiren paperean) eta Asteburu bat eskiatzen (Asier Burgete, Markelen paperean). Azaroan ipiniko dituzte audioliburu horiek EITBPodkast atarian.