Lehen Kutxabank bidez erosi behar izaten ziren sarrerak, eta zerbitzuaren truke sarrera bakoitzeko komisioa ordaindu behar izaten zen. Hemendik aurrera, eta Udalak prestatu duen plataforma honi esker, sarrerek ez dute komisiorik izango.
Hemendik abendura bitarteko kultur ekitaldien agenda kontsultatu daiteke herrikoantzokia.eus web orrian. Losers antzerkirako sarrerak adibidez, bariku honetatik aurrera erosteko aukera izango dela jakinarazi dute Udaletik. Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola dira Losers obrako aktore protagonistak; Sandra eta Manuel. Adinean aurrera doaz, ia berrogei urte dituzte, eta gizakiok adin horretara ailegatzerako, gizarteak markatutako baldintzetatik ez dute bat bera ere betetzen: umerik ez dute, bikoterik ere ez, diruz urri dabiltza eta ez dute etxebizitza bat erosteko aukerarik. Bakarti bizitzeari utzi nahi diote, goibel bizitzetik alai bizitzera. Urriaren 22an izango da antzerkia, 19:00etan.
•Edukiera handiagoa
LABIK horretarako baimena eman ostean, Herriko Antzokiaren edukiera % 75ekoa izango da (%60koa zen orain arte). Bestalde, ikuskizun eszenikoak ohiko ordutegira itzuliko dira, hau da, 20:30era.