Jendea kultura egarriz eta festa gogoz dela erakutsi du Gararock jaialdiak

Barren.eus 2021ko ira. 20a, 09:28

Egun osorako euria emanda zegoelako kontzertuak plazan barik San Agustin aretoan izango zirela zabaldu zuten bezperan antolatzaileek, penatuta. Eta are pena handiagoz ziren zapatu arratsaldean, zientziak asmatu ez zuela ikusita. Baina 'gertatzen dena gertatzen dela, beti da onerako' dioen esaera bete egin zen. Kontzertuak barruan izan ziren eta gozatu zuten musikazaleek, baina Garagartzako plazan ere sekulako giroa sortu zen.

Eguerdirako Mendaron ziren musikari gonbidatuak eta 17:00ak bueltarako dena prest zuten Gararock Taldekoek. Garagartzako plazan jarri zuten food truck karabana eta txosna, bai eta kamisetak eta bestelakoak saltzeko mahaia ere. Etsipen halako bat ere nabari zen, hala ere, antolakuntza lanetan ari ziren boluntarioen aurpegi eta hitzetan. Plazan musika jarrita zuten, baina hutsik zen eszenatokia, eta haren ondoan pilatuta zituzten dozenaka aulki. Plazak zuen itxura eta egiten zuen eguraldia ikusita, pena zen barrura sartu beharra, kontzertuak jarrita eta musukoa jantzita entzun beharra. Baina ez zegoen atzera bueltarik. 18:00etarako hasi zen plaza jendez betetzen, izan ere, 19:00etan zen hastekoa Arima taldearen kontzertua eta orduerdi aurretik hastekoak ziren antolatzaileak gonbidapen-sarrerak banatzen. Atzeratu zen dena apur bat, baina berdin zion, jendeak ez baitzuen inolako presarik. Jai-giroaz gozatzen ari ziren musikazaleak. Arimaren kontzertua hasi zen gero, baina jaiak ez zuen etenik izan kanpoan ere.

Arimaren ondoren, Amorantek bete zuen San Agustin aretoa. Tronpeta eta joarea hartuta gurutzatu zuen Iban Urizarrek plaza, Akerbeltz, ume saldo bat eta musikazaleak atzetik zituela. Ordurako iluna zen kanpoan, eta are itxura politagoa zuen plazak. Ordubete inguruko saioa eskaini zuen Amorantek. Bakarrik aritu zen kantu bat ez beste guztietan. Bakar horretan Ager Isunza, Audience taldeko musikariak, lagundu zion biolinarekin. Kontzertuari plazan eman zion azkena Amorantek, Patxi Zabaleta musikaria lagun hartuta. Sergio Gonzalez konpositorearen 'El cuarto de Tula' kantua jo zuten, eta lehenaz gain, piztu zen giroa.
Audience talde bizkaitarraren kontzertua hasterako, eguneko lehenengo euri tantak jausi ziren, eta deitu zuten barrura antolatzaileek. Bete egin zen aretoa, beste behin, eta borobildu zuen eguna Audiencek. 'Tolesturak' azken diskoko piezak jo zituen batez ere, eta tartean, Mendaro Fiddler kantua ere jo zuen, Joseba Olazabal mendaroarrak hasitako borrokari eskainitakoa. Gaizka Isunza abeslariak oholtzara igotzera ere gonbidatu zuen Olazabal, eta txaloka hartu zuten proposamena aretoan bildutakoek.

2021 09 18 gararock mendaro garagartza barren

2021 09 18 gararock mendaro jendea barren

2021 09 18 gararock mendaro amorante audience barren 1

2021 09 18 gararock mendaro amorante audience barren

2021 09 18 gararock mendaro amorante barruan barren

2021 09 18 gararock mendaro amorante patxizabaleta arg Juxe areta goni

2021 09 18 gararock mendaro arima barren

2021 09 18 gararock mendaro audience

2021 09 18 gararock mendaro gaztetxoak barren

2021 09 18 gararock mendaro umeak