Gararock jaialdia San Agustin aretoan izango da azkenean, bihar

Barren.eus 2021ko ira. 17a, 16:43

Arima, Amorante eta Audience taldeak gonbidatu dituzte eta 19:00etan hasiko da jaialdia. Sarrerak kontzertuak hasi baino orduerdi aurretik banatuko dituzte, debalde, baina iritsi ahala.

 Gaur arratsaldeko eguraldia ikusita, pena da, baina  euria dago emanda biharko eta ez zaie beste irtenbiderik gelditu antolatzaileei. Kontzertuak aterpera eraman beharrak burukomina ere jarri die antolatzaileei. Esana zuten Garagartzako plazara sartzeko ez zela sarrerarik izango, baina edukiera zainduko zutela. San Agustin aretoan, baina, plazan baino jende gutxiago sartzen da. Edukiera murriztua du aretoak, koronabirusaren kontrako neurriengatik, eta gehienez 110 lagun kabitzen dira. Eta oso litekeena denez kopuru hori  gainditzea, sarrerak banatzeko sistema zehaztu behar izan dute. Onartu dute sarrerak banatzeko irizpidea eztabaidagarria izan daitekeela, baina kontzertuak entzun nahi dituzten guztiek sarrera eskuratzeko irtenbide hoberik ez dute topatu. 

Gonbidapen-sarrerak areto atarian bertan banatuko dituzte. Kontzertu bakoitzerako txartel ezberdinak sortu dituzte, eta saio bakoitza hasi baino orduerdi aurretik hasiko dira banatzen, iritsiera-hurrenkeran.  Arima talde bizkaitarrak zabalduko du jaialdia, ondoren Amorantek joko du, eta azkenik, Audiencek, baina kontzertu batetik bestera aretoa hustu egingo dute, desinfekzio-lanak eta momentuko muntaketa-lanak egiteko. Hau da, Arima talderako sarrerak banatzen 18:30ean hasiko dira eta ilara egin beharko da. Ondoren, aretoa hustu egingo dute, eta Amorante entzuteko berriz egin beharko da ilara. Eta gauza bera gero, Audience entzun nahi duenak. 

Kontzertuak hasi aurretik ziurtatuko dute sarrera eskuratu duten guztiak barruan daudela, eta inguruan ez baleude, beste batzuek sartu ahalko lukete falta direnen lekuan. Izan ere, behin kontzertuak hasita daudela, ezingo da aretora sartu.

Ez lukete nahi inor kanpoan gelditzerik, baina hori gertatuta ere, lasai egoteko adierazi dute, kanpotik entzuteko moduko ekipoa jarriko dutelako. Kanpoan, jana eta edana ere izango da, txosna eta food-truck karabana ere izango direla jakinarazi baitute.