Abendura bitartean hamabost kultur ekitaldi izango dira Elgoibarko Herriko Antzokian

Barren.eus 2021ko ira. 14a, 17:01

Elgoibarko Udalak datozen hilabeteetarako prestatu duen kultur eskaintzaren berri eman du. Abendura bitartean, hamabost bat jarduera izango dira Herriko Antzokian

Prestatu duten kultur egitaraua Iñaki Agirre Zinemaldiaren hirugarren ekitaldiarekin hasiko da. Zine programazioari dagokionez, zapatuetako 22:15etako saioa berreskuratuko da. Eta barikuan eta astelehenean zinea 19:00etatik (pandemia ordutegia) 21:00etara pasako da. Datozen hilabeteetan ikuskizun eszenikoak ere ez dira faltako. Urriaren 22an lehen ikuskizun eszenikoa taularatuko dute, "Losers", Aitziber Garmendia eta Jon Plazaolarekin, eta azaroaren 5ean Buhameak taldearen "Erik eta Win".
 • Ikuskizun eszenikoak
Familia osoarentzako ikuskizun eszenikoei dagokienez, Gorakadaren "zuhaitzak lantzen zituen gizona", GLU GLUren "Perez sagutxoa", Taupadaren argitxo iratxoa eta Astrolabium Antzokiaren "Butterfly effect" ikusteko aukera izango da Herriko Antzokiko taula gainean.
 • Musika
Musika programazioari dagokionez, azaroaren 26an kontzertua emango du Anne Etchegoyenek, eta abenduaren 10ean AMAKek emango du kontzertua. Ikuskizun eszenikoen eta kontzertuen ordutegiak 19:00etan mantenduko dira.
Ohi moduan, bestelako ekitaldiak ere izango dira hilabete hauetan: Morkaikok antolatzen duen Mendi Tour, azaroaren 12an, eta Elgoibarko izarrak antolatzen duen Eguberrietako Bertso Jaialdia, abenduaren 28an.

 • Antzokiaren edukiera
Herriko Antzokiaren edukiera, printzipioz, % 50ekoa izango da, eta unean-uneko osasun-argibideetara egokituko da. Herriko Antzokiko edukiera kontrolatuko dute, eta publikoaren eta langileen segurtasuna bermatzeko beharrezko neurri guztiak hartuko dituzte.

 • Sarrerak
Zinema, antzerkia eta kultura, oro har, gazteei hurbiltzeko asmoz, Gazte Txartela duen edonork hiru euroan erosi ahal izango ditu sarrerak.
Erabiltzaileek hainbat bonu dituzte (Bono zinema, ikuskizun eszenikoetarako bonuak, ikuskizun eszenikoetara doazen adingabeen laguntzaileentzako bonuak).
Sarrerak Herriko Antzokiko leihatilan bertan eskuratu ahal izango dira (larunbatero, 18:15etik 20:45era). Aldez aurretik saldu ez diren sarrerak egunean bertan jarriko dituzte salgai. Udaletik gogora ekarri dute, audifonoa erabiltzen duten pertsonentzako begizta magnetiko bat instalatuta dagoela aretoan.