Gaztaina eta perretxiko usaina izan du joan den asteburuak Elgoibarren

Barren.eus 2015ko aza. 17a, 18:17

Udazkeneko produktu izarrak diren gaztainak eta perretxikoak izan ziren protagonistak joan den asteburan Elgoibarren. Batetik, Galiza etxeak 200 kilotik gora gaztaina banatu zituen Magosto Egunaren barruan; eta, bestetik, Karakate Mikologi elkarteak antolatutako Mikologi Jardunaldiak harrera oso ona izan zuen antolatzaileen berbetan. (argazkiak dauzka)

Perretxikoak eta gaztainak gure inguruko basoek udazkenean ematen dituzten fruitu preziatuenetarikoak dira. Joan den asteburuan, Magosto Egunari eta Jardunaldi Mikologikoei esker, basora joan beharrik gabe dastatu ahal izan zituzten herritarrek. Perretxikoen kasuan, jateko aukeraz gainera, perretxikoei buruzko hainbat kontu azaldu zituzten Jardunaldi Mikologikoetan. Karakate elkarteak jakinarazi duenez, espero zutena baino harrera “hobea” izan dute jardunaldiek. 

•136 perretxiko espezie sotoan

Perretxiko jangarriak eta toxikoak bereizteari buruzko hitzaldiarekin hasi ziren Jardunaldi Mikologikoak, joan den eguenean. 40 bat lagun inguru batu ziren musika eskolan. Jardunaldiekin bat eginez, herriko ikastetxeetan ere landu dute mikologiaren gaia, 8 eta 11 ure bitarteko ikasleek, hain justu ere. Astelehenean gainera, Herri Eskolako eta Elgoibar Ikastolako bederatzi talde, guztira 184 neska-mutil, pasa ziren Kultur Etxeko sotoan jarri zuten perretxiko erakusketatik. Inma eta Ignacio Mugerzaren azalpenak jaso zituzten ikasleek eta 136 perretxiko espezie ikusteko aukera izan zuten. Izan ere, zapatu arratsaldean Aranzadiko hiru aditu aritu ziren perretxikoak identifikatu eta sailkatzen eta, lau orduko lanaren ostean, 136 espezie identifikatu zituzten. Perretxikoak batzeko hainbat herritarren laguntza izan dutela-eta guztiak eskertu nahi dituzte Karakatekoek.

•Jende asko erakusketan

Herritarrek domekan izan zuten perretxiko erakusketa ikusteko aukera eta makina bat lagun inguratu zen Kultur Etxeko sotora. Antolatzaileek 450 lagun inguru zenbatu zituzten 11:00etatik 14:00etara bitartean. “Genituen aurreikuspen hoberenak gainditu genituen, jende asko etorri zen erakusketara, adin askotarikoak gainera. Jarri genuen argazki zaharren proiekzioak estimazio handia izan zuen eta mikologiaren txokoan ere ume asko ibili zen. Lupen bidez perretxikoak gertuagotik aztertzeko aukerak arrakasta handia izan zuen eta perretxikoei buruzko liburuekin osatu genuen liburutegi txikian ere ume bat baino gehiago aritu zen kontsultan”. Erakusketa bisitatu zuten herritarrek zozketa batean parte hartzeko aukera izan zuten eta Naiara Alberdi, Eñaut Oiarzabal eta Maria Teresa Arakistain izan ziren sarituak. Jai Alaik eta Viento Surrek emandako ardo lote bana irabazi zuten.  

Perretxiko pintxo ibilbidean parte hartu zuten herriko tabernariak ekimenaren balorazio positiboa egin dutela ere azaldu dute Karakatetik. “Ideia ona izan dela jakinarazi digute batzuek eta jarraitzeko animoak eman dizkigute beste batzuek”. 

Jardunaldi Mikologikoak antolatu dituen Karakate elkarteko batzordeak antolaketa lanean aritu diren guztiak eskertu nahi ditu. “Karakateko bazkideak, musutruk lanean aritu diren Jose Agustin Olasolo eta Ignacio Muguerza bazkide ohiak, Mari Carmen Guerra, Fernando Moskote eta bereziki Inma Mugerza eskertu nahi ditugu. Baita ere herriko tabernariak eta opariak eman dituzten Iriondo Kirolak, Astigarraga, Danobat, Viento Sur eta Jai Alai. Ezin ahaztu Aranzadi taldekoak, 40 urtean emandako laguntzagatik. Udaletxeari urte guzti hauetan emandako babesagatik. Ikastola eta Herri Eskolari eta maitasun bereziz parte hartu duten ume guztiei. Zuena da etorkizuna. Eta nola ez hurbildu zareten eta lagundu diguzuen herritar guztioi. Ea datorren urtean berriz ikusten garen“. 

2015 11 16 perretxiko erakusketa 1

2015 11 16 perretxiko erakusketa 2

2015 11 16 perretxiko erakusketa det

2015 11 16 perretxiko erakusketa det2

2015 11 16 perretxiko erakusketa sotoan

2015 11 16 perretxiko erakusketa sotoan1

2015 11 16 perretxiko erakusketa sotoan3

2015 11 16 perretxiko erakusketa sotoan4

2015 11 16 perretxiko erakusketa umeak

2015 11 16 perretxiko erakusketa umeak4

2015 11 16 perretxiko erakusketa umeak5

2015 11 15 perretxiko erakusketa karakate

2015 11 15 perretxiko erakusketa karakate1

2015 11 15 perretxiko erakusketa karakate lupa

2015 11 14 magosto gaztainak

2015 11 14 magosto gaztainak1