Horretarako mahaia jarri zuten plazan eta aurtengorako propio sortutako materiala saltzen ere jardun ziren. Joan zen astean izan zuten harrera ikusita, gaur berriro irtengo dira plazara, 18:30ak aldera. Kamiseta taila asko agortu egin zitzaizkien ostiralean, baina gaurko izango dituztela aurreratu dute.
• Gararock, irailaren 18an
Aurtengo Gararock jaialdia irailaren 18an izango da, Garagartzan, 19:00etatik aurrera, [eguraldi ona bada, plazan eta bestela San Agustinen. Aforoa zainduko dute, baina ez da sarrerarik beharko eta jan-edana egongo da]. Beste urteetakoekin alderatuta, xumeagoa izango da jaialdia gonbidatu kopuruari dagokionez, baina hala ere, kalitatea eta xarma ziurtatuta daudela aurreratu du Ina Iriondo musikari eta Gararock taldeko kideetako batek.
Hiru dira aurtengo gonbidatuak: Arima rock talde bizkaitarra, Amorante (Iban Urizar elgoibartarraren bakarkako proiektua) eta Audience talde bizkaitarra. Ibilbide luzekoak dira hirurak, ezagunak gure musika eszenan. Audiencen kasuan aipatzekoa da disko berria kaleratu zuela ekainean, Tolesturak izenekoa, eta hor kantu bat eskaini ziola Joseba Olazabal mendaroarrak hasitako borrokari. Olazabalek denbora darama A8 autobidean zarataren kontrako panelak jar ditzatela eskatzen, trafiko burrunba jasangaitza zaielako inguru horretan bizi direnetako askori. Ezaguna egin da Olazabal bera, bai eta haren borroka ere. Hari eskainitako kantuari Mendaro Fiddler izena eman diote (Mendaroko biolin-jolea).
Gararock taldekoek laguntzaileak ere behar dituzte irailaren 18koa antolatzeko eta prest daudenei eurekin harremanetan jartzeko eskatu diete.
∞Lotura duten albisteak:
- 'Begiekin entzutekoak' zikloa antolatu du Gararock Taldeak Mendaron (2021-04-08)
- Gararock musika jaialdia bertan behera geratu da (2020-07-23)
- Sarean jarri dute Gararock musika jaialdiko laburpen bideoa (2019-11-05)
- Jarritako helburuak "guztiz gaindituta" pozik dira Gararock jaialdiko antolatzaileak (2018-09-26)