“Urte eta erdian osatu dugu miniaturazko erraldoien bilduma”

Barren.eus 2021ko ira. 3a, 07:46

Miniaturazko erraldoien sekulako bilduma osatu dute Idoia Ortegak eta Gorka Alonsok. Euskal Herri osoko 180 bat erraldoi txiki dituzte guztira, eta Euskal Herritik kanpoko batzuk ere badituzte. Jendaurrean erakutsiko dute orain bilduma osoa, Kultur Etxeko erakusketa gelan.

Elgoibarko Udalak erraldoi eta buruhandien erakusketa antolatu du irailerako, eta iazko moduan, Aita Agirre kulturguneko sarreran jarriko dituzte figura guztiak. Erraldoiekin batera, Mari, Tartalo, Basajaun eta Basandere buruhandi berriak egongo dira batetik, eta baita azken 25 urteetan herriko umeen atzetik korrika ibili diren Mickey Mouse, Pinotxo, Donald ahatea eta ipotx zoriontsua. Aitita, amama, sorgina eta pirata ere ez dira faltako. Horrez gain, baina, miniaturazko erraldoien bilduma bat jarriko dute ikusgai Kultur Etxeko erakusketa gelan. Hain zuzen ere, Gorka Alonso eta Idoia Ortegak osatutako bilduma. Irailaren 10etik 30era egongo dira zabalik bi erakusketak, lehenengoa Aita Agirre Kulturgunean eta bigarrena, Kultur Etxeko erakusketa gelan.

w Noiz eta nola hasi zineten miniaturazko erraldoiak biltzen?
2019an hasi ginen. Beti gustatu izan zaigu erraldoi eta buruhandien konpartsak ikustea, eta herri askotan ibili izan gara konpartsen atzetik. 2018an ikusi genuen konpartsen desfilerik politena Ilunen; izugarria izan zen. Asko gustatzen zaigu erraldoiak dantzan ikustea. Horrelako figurak ikusten hasi ginenean, erosteari ekin genion. Ez naiz oso ondo gogoratzen, baina uste dut Donostiako erraldoiak izan zirela erosi genituen lehenengoak. Dagoeneko 180 ditugu, eta ilusio handia egiten digu jendeari erakusteak. Umeei asko gustatuko zaie erakusketa hau, eta jairik gabeko egoera honetan poztasun apur bat behar du jendeak.


w Non gordetzen dituzue fugura horiek guztiak?
Etxean ohe bat daukagu soberan, eta hantxe gainean kokatzen ditugu guztiak. Apalen batean ere egoten dira batzuk.


w Nongo erraldoiak dituzue?
Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroakoak dira gehienakIruña, Txantrea, Bergara, Bilbo, Donostia... Euskal Herritik kanpokoak ere baditugu, Kataluniakoak. Kataluniarrak izan dira erosi ditugun azkenak. Desberdinak dira, oso politak.


w Non erosten dituzue miniaturak?
Orain arte beti dendetan erosi izan ditugu. Eibarren, Azpeitian, Bilbon, Donostian eta Iruñean ezagutzen ditugu horrelako figurak saltzen dituzten dendak eta tarteka joaten gara erostera. Internetez ere erosi daitezke, eta aukera hori ere baliatuko dut aurrerantzean. Aragoako erraldoiak ere badaude, baina horiek ez dituzte hemen saltzen eta Zaragozara ez naiz joango, beraz, Internetez eskatu beharko ditut. Normalean ez ditut figurak bakarka erosten. Behin dendara joanda, figura bakarra erosteak ez du merezi. Diru apur bat aurrezten dudanean herri bakoitzeko erraldoien taldea osorik erosten ditut.


w Aurrerantzean figura gehiago eskuratzen jarraitzeko asmoa al duzue?
Gabonak arteko epea jarri dugu, bestela ez dugu sekula bukatuko. Urte eta erdian osatu dugu orain arteko bilduma, baina honek ez dauka amaierarik. Gero eta herri gehiagotako erraldoiak ateratzen dituzte, eta epe muga bat jarri ezean ez genuke inoiz amaituko. Elgoibarko erraldoien miniaturak ere eskatuta daudela esan digute Kultura Sailean, eta horiek erostea gustatuko litzaidake. Gabonetan erosiko ditut ordura arteko berrikuntzak, eta kitto. Kalkulatu izan dut noizbait bildumaren balioa, eta bost mila eurotik gertu ibiliko da.

2021 09 01 erraldoiak miniaturak erakusketa elgoibar Idoia Ortega Gorka Alonso 3

2021 09 01 erraldoiak miniaturak erakusketa elgoibar Idoia Ortega Gorka Alonso torrejon ardoz

2021 09 01 erraldoiak miniaturak erakusketa elgoibar Idoia Ortega Gorka Alonso solsona

2021 09 01 erraldoiak miniaturak erakusketa elgoibar Idoia Ortega Gorka Alonso 2

2021 09 01 erraldoiak miniaturak erakusketa elgoibar Idoia Ortega Gorka Alonso tutera

2021 09 01 erraldoiak miniaturak erakusketa elgoibar Idoia Ortega Gorka Alonso kulturetxea

2021 09 03 buruhandiak elgoibar erakusketa

2021 09 03 buruhandiak elgoibar 1