Eserita aritu arren festa-giroa plazara bueltatu zuten Mauxitxa Bandeko musikariek

Barren.eus 2021ko uzt. 4a, 20:08

Orain arte inoiz eskaini ez duten formatuan eman zuen kontzertua Mauxitxak joan den barikuan, Kultura Eguzkitan egitasmoko lehena.

Jendea pilatzea sahiesteko debekatuta daude kalejirak, eta ondorioz, Mauxitxa txarangak ere pandemiara egokitu behar izan du. Urtebete baino gehiago pasatu da Mauxitxak azken kalejira egin zuenetik, eta oraindik ere formatu horretan kalera irteterik ez dutenez, egoera berrira egokitu behar izan dute taldea. Mauxitxa Band sortu dute, eta barikukoa izan zen formatu horretan eman duten estreinako kontzertua. Eserita egon ziren musikariak zein entzuleak.

Kalegoen Plazara egin zuten itzulera ez zen amestutakoa izan, baina igarri zen jendaurrean joteko gogoz zeudela. Txiki Egunean entzuten diren doinuak entzun zituzten plazan batutakoek baina Mauxitxaren ohiko errepertoriotik haragoko kantak ere jo zituzten, gehienak pop-rock estiloko musika taldeen abesti ezagunak, denak txarangako musikariek eurek moldatutakoak. Mauxitxako kide BeƱat Kondek azaldu zuen moduan, horretarako aukera eman baitie pandemiak, abestiak moldatzeko denbora eduki dutela, alegia. Elgoibarko Dultzaineroen laguntza ere izan zuten zenbait abestitan.

Urte gogorra izan da guztiontzat, eta pandemiak txarangari ere eragin dio. Txarangaren 50. urteurren bete-betean iritsi zen Covid-19aren pandemia, eta hainbat ekitaldi bertan behera laga behar izan zituzten. Ezin izan dira entseguetarako bildu, eta denbora luzez egon dira elkarrekin jo gabe. Baimena eman ahala itzuli ziren entseguetara, baina gero egoerak berriz okerrera egin zuenez, entseguak eten behar izan zituzten. Etenaldiak musikalki ez ezik, lagun giroan ere eragina izan du, azken batean, txaranga musika taldea izatez gain, lagun talde bat ere badelako. Kontzertu hau berez iaz ematekoa zuten, sanbartolomeetan, baina azkenean iazko egitarautik kanpora laga zituzten musika ikuskizun guztiak. Gabonetara atzeratu zuten ondoren, baina orduan ere ez zen posible izan.

2021 07 02 mauxitxa band uda eguzkitan kontzertua ellgoibar kalegoen barren

2021 07 02 mauxitxa band dultzaineroegaz uda eguzkitan kontzertua ellgoibar kalegoen barren

2021 07 02 mauxitxa band dultzaineroegaz 1 uda eguzkitan kontzertua ellgoibar kalegoen barren

2021 07 02 Mauxitxa band uda eguzkitan kontzertua elgoibar kalegoen 2