Mauxitxa Band sortu dute, txarangarekin orain arte inoiz eskaini ez duten formatuan kontzertuak emateko

Barren.eus 2021ko eka. 29a, 13:21

Urtebete baino gehiago pasatu da Mauxitxa txarangak azken kalejira egin zuenetik, eta oraindik ere formatu horretan kalera irteterik ez dutenez, pandemiara egokitu behar izan dute taldea. Mauxitxa Band sortu dute, eta orain arte inoiz eskaini ez duten formatuan emango dute kontzertua, bariku honetan.

Eserita izango da, eta ikusleak ere eserita egon beharko dira. 18 bat musikari bilduko dira barikuan, uztailaren 2an, emango duten kontzertuan, eta batzuk gainera, lehenengo aldiz joko dute txarangarekin. Mauxitxaren ohiko errepertoriotik haragoko kantak joko dituzte, eta gehienak pop-rock estiloko musika taldeen abesti ezagunak izango dira. Dozena bat abesti prestatu dituzte, denak txarangako musikariek eurek moldatutakoak. Kanta modernoak eta landuak izango dira, jendeak gustura entzuteko modukoak. Kontzertu berezia izango dela aurreratu dute, eta sorpresak ere iragarri dituzte.

Udaleko Kultura Sailak antolatu duen Kultura Eguzkitan egitasmoko estreinako kontzertua izango da Mauxitxa Band-ek emango duena. Izan ere, San Bartolome jairik ez da egongo, baina kulturak izango du lekurik uda honetan Elgoibarren.

Kalegoen plazan izango Mauxitxa Band-en, kontzertua, 19:00etan.