Elgoibarko bertso eskolan izena emateko matrikulazio epea zabalik dago

Barren.eus 2021ko eka. 23a, 13:44

21/22 ikasturterako matrikulazio epea zabaldu du Elgoibarko bertso eskolak. Interesatuek Euskara Sailean eman beharko dute izena, uztailaren 22rako. Debabarreneko eskolarteko bertsopaper lehiaketako emaitzak ere eman dituzte, eta saritu guztiak elgoibartarrak izan dira.

Interesatuek 943 744 366 zenbakira deituta, edo emailez euskara@elgoibar.eus helbidera idatzita eman dezakete izena bertso eskolan.

Datorren ikasturteko saioak 8-16 urte bitartekoentzat izango dira, eta astelehen arratsaldetan eskainiko dira, ordubetez, Aita Agirre kulturgunean. Irakasle lanetan, berriz, Eneko Beretxinaga soraluzetarra arituko da. Bertso Eskolako irakasle ez ezik, Elgoibarko Ikastolan eta Herri Eskolan bertsogintza eta ahozkotasuna lantzeko saioak ere ematen ditu, eta 250 ikasle ditu bere ardurapean. Egistasmo hauek biak Elgoibarko Udalak sustatzen ditu, Gipuzkoako Bertsozale elkartearekin lankidetzan, eta arduradunek esan dute bi ekimen horiei esker bertsozaletasunak gora egin duela Elgoibarren, eta horren erakusle dira Debabarreneko eskolarteko bertsopaper lehiaketako emaitzak, saritu guztiak elgoibartarrak izan baitira, eta horietako bi, bertso-eskolako ikasleak. Hona sarituak:

  • 2011-2012 urteetan jaiotakoak: 1. saria: Irati Arzamendi (Elgoibar Ikastola) / 2. saria: Julen Rodriguez (Elgoibar Ikastola)
  • 2009-2010 urteetan jaiotakoak: 1. saria: Ibon Lizarralde Aizpurua (Elgoibar Ikastola) /2. saria: Endika Gorosabel (Elgoibar Ikastola)
  • 2007-2008 urteetan jaiotakoak: 1. saria: Maialen Arriola (Elgoibar Ikastola) / 2. SARIA: Naroa Muguruza (Elgoibar Ikastola)
  • 2003-2006 urteetan jaiotakoak: 1. saria: Eneko Etxaniz (Elgoibar Ikastola)

2021 06 23 Debabarrena bertsopaperak sarituak argazkia Unai Gaztelumendi