Asisko Urmeneta: “Sorgin ehiza ezin da konkistaren logikatik kanpo ulertu”

Barren.eus 2021ko eka. 18a, 16:15

Helena Xurio historialaria lagun hartuta, sorgin ehizari buruzko liburua ondu du Asisko Urmenetak: ‘Sugarren mende’. Espainiako Inkisizioak 1482tik 1834ra bitartean iraun zuen, baina liburuan, denbora tarte laburragoan gertatutakoak kontatu dituzte: Nafarroan inkisizioa ezartzea lortu zutenetik Logroñoko autofedeko biktima batzuk kalte ordainak eskatu zituzten artekoak; hau da, 1513tik 1616ra artekoak.

 Eguenean, hilaren 24an, aurkeztuko dute liburua Elgoibarren, Aita Agirre Kulturguneko aretoan, 19:00etan [Gonbidapenak Elgoibarko Izarran eskatu behar dira].

 •  Asko idatzi da sorgin ehizaz, baina zerbaiten falta igarri duzue zuek Sugarren Mende (Erroa) liburua argitaratzeko, ezta? Non jarri nahi izan duzue argia?
Liburua prestatzen hasi ginenean, konfiantzazko lagun batek hori bera galdetu zidan: baina, ez al dago dena kontatua dagoeneko?. Ez. Hasteko, ez dago monografia seriorik edo liburu akademikorik euskaraz Euskal Herrian hain larriak izan ziren gertakariez. Bibliografia aunitz bada beste hizkuntzetan, baita frantsesez eta espainolez ere, baina horietan ez da kontatzen Nafarroa Garaian gure arbasoek bizi izan zuten jazarpena, ez haien kontra izan ziren sarekadak ere. Narratiba nazionala falta da. Sorgin ehizaren inguruan sekulako dirutza publiko nahiz pribatuak erabilita egin izan diren film eta erakusketa guztietan euskaldunak zergatik eta zertarako elkartzen ziren azaltzen aritu dira. Baina gure iritziz, egin beharreko galdera beste bat da: anomalia ez baita elkartzea, inkisidoreak Euskal Herrian izatea baizik.

 •  Narratiba nazionala falta dela diozu. Nola egin dituzue dokumentazio lanak?
Bai. Helena Xurio zugarramurdiarra da, Logroñoko autofedean epaituak izan ziren asko bezala, eta harrigarria zitzaion sutara kondenatu zituzten herrikide haiei buruz 400 urtez ezer aipatu ez izana [Zugarramurdik orduan zituen 270 biztanleetatik 32 kondenatu zituzten sutara]. Berak xaxatu ninduen ni. Ohartu ginen ez zela gure historia kontatzen ari eta zerbait egin behar genuela epaitutako gure arbaso haien irudia garbitzeko eta memoria berreskuratzeko. Liburu hau idazteko, hemen, Euskal Herrian, argitaratu den ia dena irakurri dugu, baina baita munduan, Espainiako Inkisizioa jasan duten herrietan, argitaratutako asko ere, eta ikusi dugu oso ezberdin interpretatzen dutela gertaturikoa munduan. Espainiako Inkisizioa Siziliatik Filipinetaraino hedatu zen, Espainiako monarkiak agintzen zuen leku guztietara zabaldu baitzen, eta 21 auzitegi izan zituen. Kontua da Espainiaren kolonia izan diren herri horiek gehienak liberatu direla, baina gu oraindik ez, eta horietan egin diren doktore tesi eta testu akademikoetan oso bestela kontatzen dela egiaz gertatu zena. Haietan esaten da bazela auzitegi politiko eta polizial bat aritu zena aritu zen bezala disidentzia diziplinatzeko eta ezabatzeko. Leku guztietan kontatzen da hori horrela, hemen izan ezik, hemen ez baikara ausartzen. Hemen, mitologia bat bada gertatutakoaren inguruan. Ni neu ere aurreuste batzuekin abiatu nintzen lanketa honetan. Uste nuen apaiz fanatiko batzuk ibili zirela emakumeak ezker-eskuin erretzen, eta ez da hori.

2021 06 17 sugarren mende asisko urmeneta helena xurio 2

 •  Zer da desikasi beharko genukeena?
Hainbat ikuspuntutatik iker daiteke gaia: sozioekonomia, generoa, erlijioa, politika... Lan hipotesi onartezin bakarra da gure arbasoak sorginak zirela. Eta gurean, ohar etnografiko batzuk eman izan dira, baina ikuspegi integrala falta izan da. Aspaldi hasi ziren Zugarramurdiko herritar batzuk gogoetan. Batetik, kezkatzen zituen nola zabaldu zen mitologia oso bat oinarri historiko handiegirik gabe, eta bestetik, nola ari ginen sortzen beste mitologia bat horren inguruan, erranez sorgin haiek emakume askeak zirela eta praktikatzen zituztela sexu librea eta halakoak. Aitzakia bat izan zen sorginkeria. Hilketa guzti haiek modu antolatu eta sistematiko batean egin zituzten.

 •  Trama oso bat asmatu zuten beraz. Zergatik edo zertarako?
Aro Modernoaz ari gara, ez gara ari Erdi Aro superstizioso hartaz, eta Aro Modernoaren hasiera hartan hasi ziren ezartzen oraingo munduaren oinarriak. Inkisizioa salbuespenezko auzitegi politiko bat izan zen, sortu zutena ezabatzeko eskualde, erresuma eta estatu ezberdinetan indarrean ziren berme legalak, adibidez forua, erregearen eta herriaren arteko kontratuzko legea. Momentu jakin batean, Espainiak inbaditu eta okupatu zuelarik Nafarroa, traban zituen lider sozial, ekonomiko eta politiko asko, baina jabetu zen ez zuela hain erraza haiek paretik kentzen, foruak indarrean zeudelako, eta horregatik, zerbait asmatu beharra izan zuten. Eta asmatu zituzten sekulakoak: euskaldunek besteen odola xurgatzen zutela, besteen bihotzak atera eta kozinatzen zituztela, apo pozoinduak erabiltzen zituztela edabeak egiteko... Eta noski, delituak hain ziren larriak, hain ziren kriminalak euskaldunak, salbuespenezko legeak aplikatu behar zitzaizkiela, foruen gainetik. Eta salbuespenezko prozedura horretan, akusatuei babes juridikorako eskubidea ukatu zieten, egozten zietena Jainkoari traizioa egitea zelako. Horregatik, foruak nafarrak Nafarroan epaitu behar zirela erraten bazuen ere, auzipetu haiek Logroñora eraman zituzten eta hizkuntza arrotz batean epaitu. 1525. urtean egonkortu zituzten sorgin eta sekta sataniko hitzak ere, gaur horren moderno egiten zaizkigunak. Calahorran antolatu zuten lehenenengo sarekada militarraren baitan asmatutakoak dira horiek. Epaiketa haietan akusazioa lanean hasi zen, erranez sorginak zirela epaituak. Gure arbasoek, baina, ukatu zuten dena, ez baitzekiten sorgin izatea zer zen ere, eta orduan, torturapean erranarazi zizkieten egin ez zituztenak eta kantarazi zizkieten beste izen batzuk. Oso gauza modernoa dena, bide batez esanda.

 •  Emakume bat ageri da liburuko azalean ispiluari begira, eta sorgindutako bat ari zaio handik begira. Zer adierazi nahi izan duzu?
Erakargarria zaizkit Akerbeltz eta erratz gainetan hegaka dabiltzan atsoak, baina hori dena gezurra da, eta orain arteko errepresentazio hori gezurtatu nahi izan dut irudi horrekin. Azaleko irudian, gure arbaso bat ageri da aginte makila eskuan duela. Boterea eta ahalduntzea irudikatu nahi izan ditut makilarekin. Erakutsi nahi izan dut nola ekarri dituzten ispiluaz beste aldera gure arbasoak eta nola kendu dieten jende kategoria ere. Torturatu egin zituzten, hizkuntza arrotz batean epaitu zituzten, umiliatu zituzten eta hiru belaunaldiz zigortu zituzten haien familiak. Are, epaituekin batera, epaiketa prozesuari zegozkion agiri eta froga guztiak ere erre zituzten, masakrearen neurria ezkutatzeko. Gu, hala ere, ispiluaz beste aldera gaude oraindik. Ez dugu kontatzen ahal gure iragana, ez dugu narratiba nazionalik. Euskal curriculumak ez du aurrera egiten, ez dugulako agintzen, ez gure hezkuntzan eta ez beste deusetan. Mexikon, adibidez, inork ez du hitz egiten arbaso sorginez. Han, oso argi dute Kolonialismo espainiarra ezartzeko bidea izan zela inkisizioa.

 •  Emakume ahaldunduak batean, eta sorginak, ispiluz beste aldean. Sorginen ehiza Europako feminizidio handiena izan zela aipatu zuen Amaia Nausia historialariak gurean. Zer diozu?
Ez nago ados feminizidioaren kontu horrekin. Egia da, Europa osoan bezala, hemen ere emakumeen kontra egin zutela gehiago eta lau errepresaliatutik hiru emakumezkoak izan zirela, baina horrek badu azalpen historikoa. Nafarroa konkistatu zutenean hasi zuten inkisizioa hemen eta 1513an eratu zuten lehenengo auzitegia. Eta orduko agirian jasota dago Joan Labriten alde altxatu zirenen izenak biltzeko agindua [Nafarroako errege ezkontidea (1484-1516), Katalina I.a edo Foixekoa Nafarroako erregina titularrarekin ezkondu zena]. Agindu harekin, Espainiarren zapalketaren kontra ari zirenen izenak biltzeko eskatzen ari ziren; ez ziren doktrina kontutaz ari. Are gehiago, Erromako artzapezpikuak [gerora aita santu izena hartuko zuena] honakoa jaso zuen 1513an Nafarroako errege-erreginen kontra egindako eskumikatzean: izpiritu gaiztoaren eraginez Joan Labrit eta haren emazte Katalina Foixekoa satanen ministro bilakatu zirela. Hor ikusten da garbi boteretik nola asmatu zuten terminologia bat arerio politikoari jende kategoria ere kentzeko. Eta hori bera errepikatzen da Amaiurren nahiz erresuma liberatzeko gainerako ahaleginetan atxilotu, auzipetu eta zigortu zituztenez: deabruaren indarrak sustatuta jardun zirela. Nafarroa okupatuan, urtero-urtero, ezin konta beste lagun sarraskitu eta erre zituzten mende batez. Baxenabarreren kasua, beste bat da. Baxenabarre subiranoa zen garai horretan, eta mende horretan, hango errege-erreginak zirelarik agintzen eta forua indarrean zela, ez zen kasu bakar bat ere eman. Beraz horrek erran nahi du sorgin ehiza ezin dela konkistaren logitatik kanpo ulertu.

 •  Emakumeen kontrako jazarpena baino gehiago komunitate oso baten kontrako oldarraldia izan zela alegia.
Bai. Euskal Herria, bestelako antolaketa soziala, judiziala eta politikoa zuen herria, Europan dagoen erresuma intoleranteenaren esku erori zen eta espainolak hemengo jendea diziplinatzearekin obsesionatu ziren. Eta nola diziplinatzen da jendea era klasikoan? Eskolaren bidez edo Armadaren bidez. Emakumezkoek itxita zuten eskolarako bidea, baina Trentoko Kontzilioak [Erreforma protestanteari erantzuteko eta dogma eta sinesmen katolikoa indartzeko elizako kargu nagusiek egin zuten batzarra] deliberatu zuelako emazteek itxirik izango zituztela botereguneetarako ate guztiak. Gehienez ere Elizak garbitzeko onartzen zituzten. Armadan sartzeko aukerarik ere ez zuten, eta beraz, ezin zituzten gizonak bezala milizietan diziplinatu. Horregatik asmatu zuten sekta satanikoen kontu hori. Akusazio horren pean hil zituzten emakumeak Nafarroan eta Lapurdin. Eta ez da nik asmatua; dena publikatuta dago.

 

2021 06 17 sugarren mende asisko urmeneta helena xurio kartela elgoibar izarra