Herriko Antzokian aurkeztuko dute eguaztenean, ‘Larrugorritan’ telesaila

Barren.eus 2021ko eka. 8a, 13:33

Jone Arriola (Elgoibar, 1988) dago ‘Larrugorritan’ telesailaren atzean. Ikus-entzunezko Komunikazioan graduatua da, eta ikasketa amaierako proiektuari esker, Tabakalerak antolatzen duen 2deo lehiaketan sari bat eskuratu zuen. Sari horri esker gauzatu ahal izan du ‘Larrugorritan’ telesailaren aurkezpen atala edo teaserra.

Gazteen bizipenak ardatz dituen telesaila da, eta emakumea “den bezalakoa” islatzen du. Eguaztenean aurkeztuko dute telesaila Herriko Antzokian, 19:00etan, eta jarraian, aktore protagonistekin mahai-ingurua egingo dute.

Larrugorritan Telesaileko 18 minutuko aurkezpen atala izango da Herriko Antzokian emango dutena, eta ikusleek pertsonaiekin lehenengo kontaktua egiteko aukera izango dute. Era berean, seriea garatuko den ingurua ere aurkeztuko dute, eta amaieran, telesailaren trama nagusia izango dena hasiko da.

Jone Arriola telesailaren zuzendariak esan du telesaila euskal publikoari aurkezteaz gain, haien iritzia ere jaso nahi dutela, eta horretarako, proiekzioaren ostean, inkesta bat egingo diete ikusleei. “Proiektuak etorkizunean izango duen ibilbidean, ikusleek emango diguten feed back hori kontuan hartzeko aukera izango dugu, eta egindako lanaren emaitza publikoaren begietatik begiratzeko modua ere bai”

 • Mahai-ingurua
Orain arte egin eta ekoitzi duten lana estreinakoz jendaurrean aurkezteaz gainera, mahai-inguru bat ere antolatu dute. Garazi Ayesta kazetari elgoibartarrak gidatuko du solasaldia. Hizlariak, berriz, Jone Arriola bera eta lau aktore izango dira: Unai Arrieta (Niko), Sara Nieto (Ali), Alazne Astorga (Lara) eta Aiora Enparantza (Mai). Publikoak solasaldian parte hartzeko eta iritzia emateko aukera izango du. Herriko Antzokiko aforoa 180 lagunetara mugatua dago, eta hortaz, aurrez izena emateko eskatu dute antolatzaileek. Interesatuek helbide honetara idatzi behar dute, joango direnen izen-abizenak, bizilekua eta telefono zenbakia zehaztuta: larrugorritanseriea@gmail.com. Sarrerak 3 euroan salduko dituzte. Egunean bertan ere egongo da sarrerak erosteko aukera, leihatilan. Izena aldez aurretik eman dutenek, NAN agiria erakutsi beharko dute leihatilan.

2021 06 02 larrugorritan prentsaurrekoa elgoibar barren

2021 06 02 larrugorritan seriea aurkezteko prentsaurrekoa elgoibar herrikoantzokia jonearriola

∞Lotura duten albisteak: