Enrike Eguren Diaz musikaria hil da, 94 urte zituela

Barren.eus 2021ko eka. 5a, 12:01

Osasunez makal ibili da azkeneko hilabetean eta joan zen barikuan (ekainak,4) hil zen, 94 urte zituela. Orkestinako musikaria izan da eta 80 bat urtean ibili da Elgoibarko auzoak eta inguruko herriak musikaz alaitzen.

Jubilatuen Biltokitik gogora elkarri dutenez, urteko igande arratsalde guztietan Biltokian egiten zuten dantza saioak antolatzen eta girotzen zituen Enrike Egurenek bere musikarekin. Horregatik, Elgoibarri emandako guztiagatik, bai eta herriko jubilatuenganako agertu duen gertutasun eta atxikimenduagatik ere, 2019ko San Bartolome jaietan omenaldia egin zioten Elgoibarko Udalak eta Jubilatuen Biltokiak. Eta hil ondorenean ere, haren aldeko hitz onak izan dituzte Elgoibarko jubilatuek. Urte guzti hauetan elkarteari emandako babesa eskertu diote, bai eta edadetuen artean bizipoza zabaltzeko egindako lana ere, eta doluminak agertu dizkiete haren gertuko eta lagunei.

 • Gelatxon lehenik, eta Eguren orkestrarekin gero
Pedro Sodupe Gelatxo (Agarre baserria, Elgoibar, 1928-2007) Elgoibarko soinujotzaile ezaguna izan zen, erromeriako musikagintza aro bat markatu zuen musikaria. Harekin jardun zuen urte askotan Enrike Egurenek saxofoiarekin, plazaz plaza, erromeriaz erromeria. Egurenek esana da urtean 120 saio baino gehiago ere lotzen zituztela orduan, eta herri askotan, gainera, jaiek irauten zuten denbora osorako kontratatzen zituztela. Gelatxo gaixotu eta plazak laga zituen urtean sortu zen Eguren orkestra, Egurenek berak eta Jose Perez Cortes bateria jotzaileak. Makina bat ibili eginak ziren ordurako elkarrekin, baina soinu jotzailerik gabe nekez osatu zitekeela taldea eta Angel Perez Sarasketa soinu jole eibartarra gonbidatu zuten taldera. Saxofoia jotzen zuen Egurenek eta erromeria eta ezkontza ospakizun askotan ibili zen urteetan, taldekideekin batera.

Egurenek BARRENi aitortu izan zion (ikus 2012an argitaratutako alean -PDF-) nekazal giroko herri txikiak izan zirela beti Gelatxoren eta Eguren orkestraren erromeria plaza kuttunak, baina bestelakoetan ere aritzen ziren. Sanbartolomeetan, esaterako, sekula ez zuten hutsik egiten Jubilatuen Eguneko ospakizunetan. Eguren orkestraren habanera, zortziko, tango, bals, kunbia, merenge, guajira, pasodoble, cha-cha-cha eta saltsa erritmoek girotzen zuten jubilatuen bazkalostea. 400 piezatik gorako errepertorioa zutela esana zion Egurenek aldizkari honi eta saiatzen zirela aldian-aldian sortzen ziren kantu ezagunak batzen, berriak eskaintzen. Jubilatuen Egoitzan ere urteetan aritu dira jotzen igande arratsaldeetako dantzaldietan. Irailetik maitza arte, domekero joten zuten Elgoibarko Jubilatuen Biltokian. 

Erromerien gainbehera eta garai bateko kontuak ekarri zituzten gogora Egureneko kideek BARRENen. Esaterako, Ameriketako Estatu Batuetako presidente John Fitzgerald Kennedy tiroz hil zuten egunean (1963 azaroaren 22an) ere, Santa Zezilia egun batez, hamazazpi soinu jotzaile elkartu ziren Usartzako erromerian, eta “dozenaka eta dozenaka dantzari”. Gogoan iltzatuta dauka orduko irudia Angel Perezek. “Hura zen gozamena!”. Musikariarentzako ere handia baita plaza dantzan ikustea. “Euskaldunak hotzak garela esaten da, baina ez. Euskalduna dantza zalea da. Hastea kostatzen zaio, baina musikarien lana da haiek giroan sartzea”, nabarmendu zuen. 

2021 06 04 Enrike Eguren Diaz elgoibar hil musikaria eguren gelatxo barren

2021 06 04 Enrike Eguren Diaz elgoibar hil musikaria eguren gelatxo barren 1

2021 06 04 eguren orkestra elgoibar jubilatuen bazkaria sanbartolomeak 2019

2021 06 04 Enrike Eguren Diaz elgoibar hil musikaria eguren gelatxo dantzaldia sanbartolome barren

2021 06 04 enrike eguren hil elgoibar orkestra olaizaga taldea