Unax Ansola txapeldunorde aurresku txapelketako finalean

Barren.eus 2021ko eka. 8a, 08:27

Gazte Mailako III. Aurresku Txapelketa Nagusiko (gipuzkoar erara) finala jokatu zuten atzo, Errenteria-Oreretako Niessen aretoan. Ligaxkan puntu gehien eskuratu zuten dantzariek dantza egin zuten azken dantza saio honetan, tartean Elaia Etxaniz eta Unax Ansola elgoibartarrek.

Ligaxkako lau saioetan (Legazpin, Villabonan, Elgoibarren eta Lezon) puntu gehien batu dituzten dantzariek hartu zuten parte Erein elkarteak antolatutako Gazte Mailako III. Aurresku Txapelketa Nagusian.

A sailean (2011tik 2013ra bitartean jaiotakoak) sei dantzarik hartu zuten parte. Txakolin eta Agurra dantzak dantzatu zituzten epaimahaikideen aurrean eta Lezoko Judith Jacinto gailendu zen, 80,40 puntu eskuratuta. Inazio Bereziartua eskolako ordezkari Unax Ansolak eskuratu zuen bigarren postua, 76,30 puntu batuta. Lezon jokatu zen ligaxkako azken saioan ere bigarren postu eskuratu zuen Ansolak. Sasoi betean amaitu du aurresku txapelketen denboraldia.
B sailean (2008-2010), hamabi parte hartzaile izan ziren eta 'Erribera' eta 'Zortzikoa' dantzatu zituzten. Hemen ere Lezoko dantzari batek eskuratu zituen puntu gehien: Mikel Esnaolak; 149,70 puntu. Adin tarte honetan hartu zuen parte Elaia Etxaniz elgoibartarrak. Sail bakoitzean sei sari eman zituzten. Lehenak aginte makilla eta garaikurra jaso zituen; beste bostek garaikurra.

Finalean besteetan baino urduriago aritu zirela dantzan aitortu dute Inazio Bereziartuako irakasleek, baina hori ere irakaspen ona izango da.

 • D sailekoen finala, Legazpian
D sailekoek (2006 eta 2007 urtean jaiotakoak) Legazpin dute txapelketa nagusia, ekainaren 19an. Inazio Bereziartua eskolako hiru dantzarik lortu dute finalerako txartela: Malen Galarraga, Jon Etxeberria eta Eneko Etxaniz.

2021 06 06 errenteria aurresku txap finala elaia etxaniz unax ansola b1

∞Lotura duten albisteak: