Telmo Fernandez: “Umetatik neukan ametsa bete dut liburu honekin”

Barren.eus 2021ko eka. 4a, 10:21

11 urterekin esan zion amari idazle izan nahi zuela, eta 22rekin bete du bere ametsa Telmo Fernandez elgoibartarrak. Denetik idaztea gustatzen zaio, baina bereziki, poemak idatzi izan ditu. Urteetan idatzitako poema horiek bildu, eta ‘Cada sitio’ poema bilduma kaleratu berri du.

Argazki album bat bezala deskribatu du Fernandezek 'Cada sitio' liburua, eta poema bakoitzak bizitzako une eta leku jakin batetara eramaten duela esan du. Bere adin inguruko gazteak egoera askorekin identifikatuko direla uste du, baina edozein adineko irakurleentzako moduko liburua dela nabarmendu du. Madrilen bizi da gaur egun. Ikasketa amaierako proiektua egiten ari da, eta libre daukan denbora idazten ematen du. Lehenengo liburua kaleratu du, eta espero du azkena ez izatea.

 • Nondik datorkizu idazteko zaletasuna?
Ume-umetan ez zitzaidan irakurtzea gustatzen, ume gehienei bezala. Ama beti izaten nuen gainean, irakurtzeko esaten, eta halako batean mundu berri bat deskubritu nuen. Harry Potter liburua irakurri nuen, eta izugarri gustatu zitzaidan. Bosgarren mailan nengoela uste dut, eta liburu hura irakurtzea inflexio puntu bat izan zen niretzat. Garai berean, gaztelaniako lan bat agindu ziguten, ipuin bat idaztea, eta gelan ez bagenuen bukatzen, etxean amaitzeko esan zigun irakasleak. Oso gustura idatzi nuen ipuin hura, eta une hartan konturatu nintzen zenbat gustatzen zitzaidan idaztea. Irakurtzeko zaletasuna hartu nuen, eta argi ikusi nuen idazlea izan nahi nuela. 13 urterekin literatura blog bat sortu nuen, eta lau bat urtez aritu nintzen bertan idazten. Esan dezaket idazten hasi nintzenetik gaur arte ez diodala idazteari laga.

 • Nolatan idatzi dituzu poemak?
Ba ez dakit! Betidanik eleberriak irakurri izan ditut gehiago, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez ere bai, bateron bat. Baina 15 bat urterekin poesia irakurtzen hasi nintzen, eta idazteko saiakera egin nuen. Urteetan aritu naiz poemak idazten, koadernoan, ordenagailuan, telefonoan... edozein lekutan eta edozein momentutan idazten dut. Ideiak apuntatzen ditut, eta gero, denbora dudanean garatzen dut ideia hori. Gertatu izan zait baita ere ideia bat eduki, lau hitz apuntatu, eta gero garatzen hastean ez gogoratzea zer idatzi nahi nuen!. Baina dena idatziz jasotzea gustatzen zait, eta asko neukan idatzita. 2019 amaiera aldera pentsatu nuen polita izan zitekeela idatzita neuzkan poema guztiak bilduma batean jasotzea. Konfinamenduan ere asko idatzi nuen, eta itxialdi amaierarako prest neukan bilduma.

 • Zer izan da estreinako liburua argitaratzea?
Izugarria izan da, sinestezina. Cuadranta argitaletxeak eman dit ametsa betetzeko aukera, eta sekulakoa izan da. Argitaletxe askotara bidali nuen eta hauek berehala esan zidaten gustatu zitzaiela eta argitaratuko zidatela. Lorik egin ezinda egon nintzen emozioaren emozioaz. 11 urterekin nuen ametsa bete dut liburu honi esker, eta oso pozik nago. Nire ametsa argitaratzea zen, ez zitzaidan inporta gero salduko zen edo ez, liburua kaleratzea zen niretzat garrantzitsuena. Salmentak ere ez doaz gaizki. Hasieran uste nuen etxekoek eta lagunek bakarrik erosiko zutela, eta horrekin ere konformatuko nintzateke, baina uste baino jende gehiagok erosi du liburua. Imaginatzen dut jendea Pitxintxura joaten, urteetan ni joan izan naizen modura liburuak erostera, eta han nire liburua egotea sekulakoa iruditzen zait. Formato digitalean ere eskuratu daiteke, gaur egun jende askok irakurtzen duelako digitalean. Ni neu nostalgikoetakoa naiz eta gustatzen zait paperean irakurtzea. Argazkiak ere paperean inprimitzea gustatzen zait. Formato fisikoa gustatzen zait, eta uste dut irakurle askok oraindik ere baloratzen dutela formato fisikoa. Hala ere, ulertzen dut formato digitalean bizi garela eta bloga eta webgunea ere sortu ditut.

2021 06 04 telmo fernandez cada sitio poema liburua elgoibar elk barren b1

 • ‘Cada sitio’ ipini diozu izena. Zer jaso duzu bertan?
Liburuan zehar leku eta garai desberdinei egiten diet erreferentzia, eta liburu hau imaginatu dut etxean dauzkagun argazki albumak moduan. Adibidez, 2005eko argazkiak ikusten ditudanean, urte hartan egin nuenaz gogoratzen naiz, eta bildumako poemak irakurtzen ditudanean gauza bera sentitzen dut. Poema bakoitzak eramaten nau momentu eta leku
konkretu batera, eta bilduma hau nire bizitzaren errepaso moduko bat da.

 • Zein gairi buruzko poemak irakurri dituzu?
Denetik idatzi dut. Buruan bueltaka daukadan edozein gaik balio dit idazteko, baina poema gehienak nerabezaro amaierako garaian kokatu ditut. Maitasunari buruzkoak, nagusi egiteari buruzkoak... 18-20 urteko gazte batek bizi dituen egoerei buruzko bilduma da, azken batean. Horregatik uste dut adin tarte horretako jendea identifikatuko dela gehiago liburuarekin, batez ere gure belaunaldiko informazioa ematen dudalako, baina gainerakoek ere irakurtzeko modukoa dela esango nuke.

 • Poemak idazteko teknika zaintzen duzu ala librean aritzen zara?
Tarteka idazten ditut sonetoak, adibidez, dagokion neurri eta errimarekin, baina gehienetan librean idazten dut. Errimari ematen diot garrantzia, poema batzuk gero abesti ere bihurtzen ditudalako. Gitarrarekin dakidan apurra jotzen dut, eta ordenagailuarekin sartzen dizkiot soinuak. Umetan ez nuen nahi izan musika eskolara joatea, baina apur bat nagusitu nintzenean sartu zitzaidan gitarra jotzen ikasteko gogoa, eta pare bat urte egin nituen ikasten. Poema batzuk musikatzeko adina moldatzen naiz.

 • Ikasketak euskaraz egin dituzu, baina liburua gaztelaniaz idatzi duzu. Zergatik?
Euskaraz zein gaztelaniaz ondo moldatzen naiz. Amarekin umetatik euskaraz egin izan dut eta aitarekin gaztelaniaz, beraz, bi hizkuntzak menperatzen ditut, bai ahoz eta bai idatziz, baina azken urteetan gaztelaniaz gehiago idatzi dut. Irakurri ere gehiago egiten dut gaztelaniaz, eta horregatik izango dela uste dut.

 • Etxekoek eta ingurukoek nola hartu dute zure lehenengo liburua?
Nire ingurukoentzat beti izan naiz “lagun idazlea”. Badakite idaztea dudala pasio, eta ni bezain beste poztu dira liburu honekin. Bazekiten zertan ari nintzen, eta askok pentsatzen zuten egunen baten lortuko nuela zerbait argitaratzea.

Elkarrizketa osorik BARREN aldizkariko 1205. zenbakian -PDF- 

 

 

2021 06 04 telmo fernandez cada sitio poema liburua elgoibar elk barren 2 Telmo Fernandez liburua