"Publiko mota desberdinentzako emanaldia da, eta kanta batekin identifikatzen ez dena, beste batekin identifikatuko da"

Barren.eus 2021ko mai. 28a, 14:04

Mendaroko kultur eskaintza aberasteko ‘Begiekin entzutekoak’ zikloa antolatu dute Gararock taldeak eta Mendaroko Udalak, eta ziklo horren barruan emango du kontzertua Mursegok domekan.  

Maite Arroitajauregi (Eibar, 1977) da Mursego. Umetatik jaso du musika etxean, eta musikak bizi du. Pianoa jotzen hasi zen, baina benetan bere atentzioa piztu zuen instrumentua biolontxeloa izan zen. Musika irakaslea da, eta horrez gain, musikagilea. Hainbat musikarirekin kolaboratu izan du, eta orain bakarka dihardu. Domekan, maiatzaren 30ean, bere azken lana aurkeztuko du Mendaroko San Agustin kulturgunean: ‘Lapur Ariketak’. 19:00etan hasiko da emanaldia. sarrerak hiru euroan eskuratu daitezke Uztargin eta Puxikan.

 

 • Goya saria jaso duzu ‘Akelarre’ filmeko soinu bandagatik, eta orain, ‘Txopitea eta bakea’ errekonozimendua eman dizu Eibarko Udalak. Zer suposatu dute sari horiek zuretzat?
Hasteko eta behin esan nahiko nuke Goya saria sari kolektibo bat izan dela. 26 urtean bigarren andrazkoak izan gara soinu banda onenaren sailean irabazten, eta niretzako izan da emakume konpositoreei egindako aitortza bat. Jendeak oso pozik hartu du, eta herrian ere jende askok transmititu dit bere poza. Urte askotako lanari egindako errekonozimendua izan da. Urte asko daramatzat lanean, eta ondo etorri da saria, oso pozik hartu dut, baina ez diot bestelako garrantzirik ematen sariari berari.

 • Umetan hasi zinen musikan, eta biolontxeloa aukeratu zenuen. Ez da ohikoena izaten intrumentu hori aukeratzea umetan. Zerk piztu zizun atentzioa?
Ama musika irakaslea zen, ahizpak pianoa jotzen zuen, anaiak flauta, aita ere oso musikazalea da... eta ni ere pianoa jotzen hasi nintzen umetan. Instrumentu polifonikoa da, eta musikarako oinarri moduko bat ematen du. Gure etxean denok jo dugu pianoa modu batean edo bestean, baina 9 urte nituela gurasoei esan nien nik biolontxeloa jo nahi nuela. Ez dakit zergatik, baina halaxe izan zen. Gurasoekin joaten nintzen kontzertuak ikustera, eta entzunda neukan txeloaren soinua. Esaten dute txeloaren tinbrea giza ahotsaren oso antzekoa dela, eta agian horrek piztuko zuen nire arreta, baina ez dakit zein izan zen txeloa aukeratzeko benetako arrazoia.

 • Musika ikasketak egitea aukeratu zenuen ondoren. Argi zeneukan zure bidea.
Ez pentsa! COU bukatu nuenean ez nekien oso argi zer egin. Musika, Arte Ederrak, Artearen Historia, Diseinua... sormenarekin lotura zeukan zerbait egin nahi nuen, baina zalantzak nituen. Azkenean kontserbatorioan jarraitzea erabaki nuen, eta ikasketak bukatu ostean, irakasle lanetan hasi nintzen.

 • Irakasle izateaz gain, hainbat musikarirekin aritu izan zara lanean, eta orain, bakarka ari zara. Nola eman zenuen jauzi hori?
Jauzi nahiko naturala dela esango nuke. Beste musikariekin kolaboratzerakoan konponketa guztiak beraien abestietara moldatu behar dira, eta zuretik egin arren moldaketa horiek, kantuak beti dira beste batzuenak. Esate baterako, Anarirekin urte askoan ibili naiz, eta nik egiten nituen nire konponketak, baina kantak bereak ziren. Eta halako baten iritsi zitzaidan nire musika eta nire kantak egiteko unea; nirea zen zerbait sortzeko beharra sentitu nuen. Pedal bat erosi nuen eta gauza txikiak egiten hasi nintzen. Poliki-poliki joan nintzen proiektuak osatzen, eta gaur arte! Lehen neukan pedalaren hirukoitza dena erosi nuen, eta gauza landuagoak egiten hasi nintzen. Beti saiatzen naiz eboluzionatzen.

 • Egiten duzuna desberdina da, berezia. Nola erantzuten du publikoak estreinakoz ikusten duenean Mursego oholtzan?
Ez dut uste egiten dudana hain desberdina denik. Egiten dudana baino gehiago, egiteko modua da desberdina. Bakarrik egoten naiz oholtzan, txelista naiz, eta tresna desberdinak erabiltzen ditut, musika estilo desberdinetako kantak sortzeko. Horrek guztiak egiten du desberdina emanaldia; ohiko formatutik irteten den emanaldia da, baina ikusleak dagoeneko ohituta daude looparen efektuak entzutera, gaur egun musikari askok erabiltzen dutelako. Lehen gehiago galdetzen zidaten nola egiten nituen soinuak. Dena dela, batzuetan saiatzen naiz makina alde batera laga eta kantuaren esentzia bilatzen. Kanta bat ona denean, berdin du makinekin abestu edo makinarik gabe, kantuak ona izaten jarraituko duelako. Baina niri gustatzen zait kanta batzuk makinarik gabe defendatzea.

2021 05 28 mursego gararock kartela

 • Domekan Mendaron emango duzu kontzertua. Zer eskainiko duzu?
Lapur ariketak izeneko emanaldiarekin nabil azkenaldian, eta hori eskainiko dut Mendaron. Bertsioak dira, baina mota desberdinetakoak. Hartu ditut, adibidez poema bat, film bateko fotograma bat, liburu bateko pasarte bat, koadro bat... eta nire berrirakurketa moduko bat egin diot bakoitzari. Denak balio du inspiraziorako. Mikel Laboak egiten zuen Komunikazioaren komunikazioa saioko zati bat ere hartu dut, hizketan egiten zuen atala. Mikel Markezen 'Zure begiek mintzen naute' abestia Lorena Alvarezen 'Si tú eres mi hombre' abestiarekin nahasten dut, batak oinarrian duelako maitasun erromantiko patriarkala eta besteak kontrakoa. J. Martinak egin zuen Camaron de La Islaren 'Viejo mundo' abestiaren bertsioa ere hartu dut, nire bertsio propioa sortzeko. Kasu horretan, lapurretaren lapurreta izango litzateke. Saio berezia da, eta denetik dauka apur bat: umorea, aldarria... Publiko mota desberdinentzako emanaldia da, eta kanta batekin identifikatzen ez dena, beste batekin identifikatuko da.

 • Nola bururatu zitzaizun proiektu hau sortzea?
Harkaitz Canok mintegi bat eman zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, literatura mutanteari buruzkoa. Esaten zuen literatura dagoeneko ez dela literatura bakarrik, hori baino gehiago dela. Zinean ere gauza bera gertatzen da: gaur egun nahasketak egiten dira, esaterako, fikzioa eta dokumentalaren arteko hibridoak asko egiten dira. Nahiz eta diziplina bera izan, hizkuntza desberdinak erabiltzen dira. Mintegi horretan parte hartzera gonbidatu ninduen Canok, musika zabalduari buruz zerbait egin nezakeelakoan, eta orduan bururatu zitzaidan Lapur ariketak egitea. Proiektu honen tesia da sortzaileok hartzen ditugula inspirazio iturri desberdinak, eta gero, gure egiten ditugula. Picassok esaten zuen artista gustu oneko lapur bat dela, eta horretan oinarrituta dago proiektua. Emanaldia Harkaitz Canoren zita batekin hasten da: “Nire idazle esperientziatik esan dezakedan bakarra da damutzen naizela idatzitakoaz, baina ez naizela damutzen kleptomano izaerarekin idatzi nuenaz”. Nolabait esan nahi du inoiz ez zarela damutuko lapurtutako horretaz, lapurtutako hori ona delako edo zerbait ikusi diozulako lapurtu duzulako. Emanaldia entzutekoa izateaz gain, oso bisuala da. Gorputz mugimendua ere asko erabiltzen dut kantei laguntzeko. Nik gozatu egiten dut, nik aukeratutako elementuetan oinarritutako emanaldia delako, eta nik gozatuta, uste dut ikusleak ere gozatzen duela.