'Larrugorritan' seriearen aurrerapena Elgoibarko Herriko Antzokian estreinatuko dute ekainaren 9an

Barren.eus 2021ko mai. 27a, 16:13

Elgoibarko Herriko Antzokian estreinatuko dute Jone Arriola elgoibartarrak eta haren lantaldeak sortu duten 'Larrugorritan' seriaren teaser edo aurrerapena. “Larrugorritan proiekzioa” deitu diote ekainaren 9rako prestatu dutenari. Egindakoa erakusteaz gainera, solasaldi bat antolatu dute aktore protagonistetako batzuekin.

Ekainaren 9an, eguaztena, estreinatuko dute 'Larrugorritan' telesaila, Elgoibarko Herriko Antzokian, 19:00etan.

Jone Arriolak azaldu duenez, “Larrugorritan proiekzioa” deitu diote Elgoibarrerako prestatu duten saioari. "Gure helburua da egin dugun pieza txiki hau euskal publikoari erakustea, eta batez ere gazteengana helaraztea. Gainera, bide batez, ikusleen iritzia jakin nahi dugu". Izan ere, proiekzioaren ostean, inkesta moduko bat egingo diete ikusleei, haien iritzia jasotzeko. "Horrela, proiektuak etorkizunean izango duen ibilbidean, ikusleek emango diguten feed back hori kontuan hartzeko aukera izango dugu, eta egindako lanaren emaitza publikoaren begietatik begiratzeko modua ere emango digu", azaldu du Jone Arriolak.

Prest dutenari 'Larrugorritan' seriearen kapitulu pilotua deitzea baino teaser edo aurrerapen deitzea egokiagoa dela ere zehaztu du Arriolak, proiektuaren aurkezpen modukoa delako bere berbetan. "18 minutuko iraupena duen atal honetan pertsonaiekin lehen kontatua egiteko aukera izango du ikusleak. Era berean, seriea garatuko den inguru eta espazio desberdinen aurkezpena ere bada; eta amaieran, trama nagusia izango denari hasiera ematen zaio", aurreratu du.

 • Mahaingurua aktore eta sortzaileekin
Orain arte egin eta ekoitzi duten lana estreinakoz jendaurrean aurkezteaz gainera, solasaldi edo mahainguru bat ere antolatu dute, emanaldi osterako. Garazi Ayesta kazetari elgoibartarrak gidatuko du berbaldia. Hizlariak, berriz, Jone Arriola bera eta lau aktore izango dira: Unai Arrieta (Niko), Sara Nieto (Ali), Alazne Astorga (Lara) eta Aiora Enparantza (Mai). Publikoak solasaldian parte hartu eta iritzia emateko aukera izango du.
 • Aforoa mugatua
Herriko Antzokiko aforoa 180 lagunetara mugatua dago, eta hortaz, aurrez izena ematera animatu dituzte herritarrak, joango den jende kopurua aurreikusi ahal izateko. Interesatuek honako helbide elektronikora idatzi behar dute: larrugorritanseriea@gmail.com . Mezuan honako datuak eman behar dira: joan nahi dutenen izen abizenak, nondik datozen eta telefono zenbakia. Sarrerak hiru euroan salduko dituzte, eta aurrez ere egin ahal izango da ordainketa, Bizum bidez. Egunean bertan ere egongo da sarrerak erosteko aukera, leihatilan. Izena aldez aurretik eman dutenek, NAN agiria erakutsi beharko dute leihatilan.

2021 05 21 larrugorritan serie grabaketan kabina instagram

∞Lotura duten albisteak: