Hilabeteetako etenaren ondotik, zuzenekoak antolatzeari ekin diote berriro Sinuöse Kultur Elkartekoek

Barren.eus 2021ko mai. 21a, 11:54

Bueltan dira sinuösetarrak. Gogo betez datoz, gainera, hilabeteetako etenaren ondoren. Hala zabaldu dute sare sozialetan, kultura segurua da hashtagarekin. Gaur iluntzerako, The Renegados talde bizkaitarra gonbidatu dute Kultur Etxeko Sotora, eta aurreratu dute kontzertu gehiago ere izango direla udako oporraldia aurretik.

2021 05 13 sinuose the renegados kartela egilea iñaki ovejero  The Renegados taldeak Sotoan emango duen kontzertua 20:00etan hasiko da, eta gehienez 30 lagunentzako lekua izango dela jakinarazi dute antolatzaileek. Sarrerak, berriz, sotoko atean bertan erosi beharko dira.

Sinuösetarrak bueltan datoz, baina ez nahiko luketen baldintzetan. “30 lagunentzako lekua izango dugu gaur Sotoan, eta jarrita, elkarren arteko distantziak zainduta eta musukoak jantzita entzun beharko dute kontzertua Sotora datozenek”. Ez ditu kopurua horren mugatua izateak bakarrik penatzen, aitortu dutelako bestela ere ez dituztela jende masa handiak mugitzen, baina kezka bat badute, Sinuösek antolatutako saioetan sekula ez delako inor kanpoan gelditu eta beldur direlako egoera honetan dei-efektu halako bat sortzea [Kokoteraino eta Ehun Kiloren kontzertua izan zen jendetsuena. 180 sarrera saldu zituzten, baina batez beste 50 bat lagun batu ohi dituzte] . Entzule fidelak dituzte, eta ez lukete nahi haiek lekurik gabe uzterik. Gauza gehiago ere badira, hala ere. “Esaterako, kontzertua ez da gure ohiko ordutegian izango. 23:00etan programatu ohi ditugu guk kontzertuak, eta gaur 20:00etan hasiko da. Hori da daukaguna, baina, eta
ezer baino gehiago bada. Hala ere, ez genuke honetara ohitu nahi”, nabarmendu dute. Luze egin zaie ia urtebeteko etena. Ez dira geldi egon, ezingo luketelako, baina ez dute betiko
maiztasunez batzerik ere izan, ez eta ohiko dinamikari eusterik ere, eta aitortu dute “koipeztatze falta halako bat” igartzen dutela.