Taupada Antzerki Taldearen 'Dramatitragoak' bideo eta argazki erakusketa maiatzaren 28ra arte ikusgai Kultur Etxean

Barren.eus 2021ko mai. 21a, 11:02

Koronabirusak bete-betean harrapatu zuen Taupada antzerki taldearen ‘Dramatitragoak’ zikloa. Estreinaldia zuten egunaren aurretxoan ezarri zuten alarma egoera, eta gizartea geratu egin zen. Etxera bidali gintuzten, ostalaritza eta merkataritza guneak itxi egin zituzten, eta kultur jarduera guztiak bertan behera laga. Baina Taupadak ez zuen bere jarduna eten, eta lanean jarraitu zuten.

Pandemiak baimendu zuenean berreskuratu zuten jendaurreko dinamika, eta egoera berrira egokituta taularatu dituzte azken obrak. Orain, erakusketa egin dute Dramatitragoak zikloaren errepasoa egiteko. Antzerkietan erabili dituzten jantzi, dekorazio, maskara eta bestelako elementuak jarri dituzte ikusgai Kultur Etxean, eta argazki eta bideoak ere bai. Zuzenean ikusteko aukerarik izan ez zutenek, beraz, maiatzaren 28ra arte dute erakusketa bisitatzeko aukera. Kultur Etxeko erakusketa gelan egongo da, astelehenetik barikura 18:30etik 20:30era, eta zapatuetan, 11:00etatik 13:00etara.

2021 05 17 taudada erakusketa elgoibar barren kulturetxian 1

Aita Agirre Kultur Kafea zabaltzeaz bat hasi zen Taupada antzerki taldeak Dramatitragoak zikloa gauzatzen. Kultur Kafearen baldintzetako bat zen hilean behin formatu txikiko kultur emanaldiren bat antolatzea, eta horretan lagundu nahi zuen Taupadak: “Kultur Kafea kulturaz bete nahi genuen. Taberna soil bat baino gehiago izatea nahi genuen”, esan du Edurne Lasa Taupadako kideak. Udaleko Kultura Sailean aurkeztu zuten beraien proposamena: hilean behin, antzezlan bat eskaintzeko konpromisoa hartu zuten. Kultura Sailak begi onez ikusi zuen Taupadaren proiektua, eta argi berdea eman zion zikloari. Eguenetan izango ziren antzerkiak, pintxo-potearen egunean, eta horregatik jarri zioten Dramatitragoak izena, dramatizazioak trago baten bueltan gozatzea zelako helburua.

2021 05 21 taupada antzerkia elgoibar arg manu sanchez

2021 05 21 taupada antzerkia zinemakopa elgoibar irudia Lutxi arregi

2021 05 21 taupada antzerkia elgoibar irudia Lutxi arregi