Disko bikoitza iragarri du Audience talde bizkaitarrak ekainerako: Tolesdurak. Ia hogei urteko ibilbidea du boskote honek eta bederatzigarren diskoa dute hau. Andoaingo Garate estudioan grabatu dute, Bidehuts zigiluak argitaratuko du eta dagoeneko aurkeztu dute diskoko aurrerapen kantua, Mauka [Badok.info atarian dago entzungai]. Tolesdurak diskoa hamasei kantuk osatuko dute, tartean bi interludiok, eta hamasei kantu horietako bat Joseba Olazabal mendaroarrak hasitako borrokari eskainitakoa da. Olazabalek denbora darama A8 autobidean zarataren kontrako panelak jar ditzatela eskatzen, trafiko burrunba jasangaitza zaielako inguru horretan bizi direnetako askori. Ezaguna egin da Olazabal bera, bai eta haren borroka ere. Azpilgoetan, bera bizi den pare horretan, hainbat panel ditu jarrita autobidetik ikusteko moduan eta egunero egoten da bera ere autobidearen alde batean ez bada bestean, biolina jotzen. Haren borrokari eskainitako kantuari 'Mendaro Fiddler' izena eman diote (Mendaroko biolin-jolea) Audience taldekoek eta bideoklipa ere grabatu dute Mendaron bertan [aurki dute aurkeztekoa bideoklipa].
Lan horien inguruan gehiago jakiteko Audience taldeko Ager Isunzarengana jo dugu. Gitarra elektrikoa eta biolina jotzen ditu Isunzak, eta koruak ere egiten ditu. Berak sortu du 'Mendaro Fiddler' abestiko letra ere. “Autopista bazterrean ikusia geneukan biolina jotzen, baina ondoren, gure lagun batzuek, Berde Produkzioak-ekoek, haren inguruan egindako dokumentala ikusi genuen eta han jakin genuen protestaren motiboa zein zen”, azaldu du Isunzak. Gustatu zitzaien zergatia eta erabaki zuten kantu bat eskaintzea Olazabalen borrokari euren lan berrian. “Erakargarria egiten zitzaidan ikustea nola bil dezakeen pertsona batek indarra erraldoi baten kontra egiteko. EHUko irakasle kaleratuen urteetako borrokarekin konparatzen nuen nik. [Autonomiaren alde, irakaslego propioa. Despidorik ez! goiburuko pankartaren atzean urteak egin zituzten EHUk kaleratutako irakasleek eta memoria kolektiboan gelditu da irudi hori], zehaztu du. Olazabalekin harremanetan jartzeko bidea hasi zuten orduan, eta bien lagun batek egin zizkien zubi lanak. Ezagutu zutenean erabaki zuten Joseba Olazabalen borrokari diskoan zentralitatea ematea. “Jakin nahi genuen nola hartuko zuen kantu batean agertzea. Errespetu handienarekin sortu dugu guk abestia eta hori argi utzi nahi genion, ez zezan intrusismotzat hartu, ez zezan inork ulertu Josebaren kausarekin bestelako etekin bat bilatzen genuenik. Eta ezagutu genuen Joseba eta laguntasun bat sortu zen gure artean”. Hain egin zitzaien “hurbilekoa”, erabaki zutela bideoklipa ere grabatzea eta diskoaren kontrazalera eramatea gaia. Mendaroko Gararock jaialdian txoznatzat erabiltzen duten karabana ondoan atera dute kontrazaleko argazkia, baina Josebarekin berarekin ere egin dituzte beste zenbait, Mendaron. Kantua bera ingelesez sortu du Ager Isunzak eta damu halako bat baduela aitortu du diskoko kantu gehienak euskaraz direlako eta justu hau ingelesez delako, baina hain hurbileko gai batekin ez dela ausartu nabarmendu du.
Kantu berriak aurkezteko lehen bi kontzertuen datak eta lekuak jakinarazi ditu Audiencek: ekainaren 19an, Andoainen joko dute, eta astebete geroago, ekainaren 26an, Gernika-Lumon. Mendarora etortzeko aukeraz galdetuta, honela erantzun du: “Gu gustura joango ginateke. Baditugu lagun musikariak eta beharbada zuzenean haiekin harremanetan jartzea izango da dena”.
*Argazkiak: Nagore Legarreta.
∞Lotura duten albisteak:
- Joseba Olazabalek autobide bazterrean jarritako 'Help Trump' kartelak AEBetako zerbitzu sekretuetakoen arreta deitu du (2019-08-25)
- Joseba Olazabal mendaroarraren protesta Bilboko Gizazinea programan aurkeztu dute (2019-02-14)
- Joseba Olazabalen eskaerarekin bat egin dute Mendaron Anarik, Maddi Oihenartek eta Bilau taldeak ere (2018-09-22)
- Baionako musikarien eta herritarren elkartasuna jaso du Joseba Olazabalek, 'A-8 autobideko biolinistak' (2018-06-17)
- Kartelak kendu ezean zigorra jaso dezakeela ohartarazi dio Diputazioak Joseba Olazabali (2017-11-07)
- Bidegik kartelak erretiratu dizkiola salatu du Joseba Olazabalek (2017-09-26)
- Joseba Olazabal: “Etxe ondoan pantaila akustikoak jartzea baino ez dut eskatzen” (2016-03-18)