Txapelari buruzko hitzaldia emango du Mikel Alberdi historialariak Makina Erremintaren Museoan

Barren.eus 2021ko mai. 13a, 08:36

Noiztik erabiltzen da txapela Euskal Herrian? Zergatik? ...eta, zein izan zen txapela janzten lehenengoa?. Galdera horiek erantzun eta txapelaren inguruko hamaika bitxikeriaren berri emango du Mikel Alberdi Sagardia historialariak Elgoibarren.

Makina Erremintaren Museoak antolatutako solasaldian izango da, maiatzaren 22an, zapatua. 'Txapela XIX. mendean' izeneko hitzaldia emango du Mikel Alberdik (Irun, 1962), museoan bertan, 12:00etan. 

Txapelaren iturria argitu gabeko gaia dela dio historialari irundarrak. XIX. mendean Europa osoan zabaldutako kapela izan zela diote batzuek. Eskoziatik etorritako burukoan zela diote, berriz, beste batzuek. "Jakina da XIX. mende hasieran Pirinioetako biztanleek erabiltzen zutela, eta baita hegoaldeko euskaldunek garai horietan montera izeneko bat eta beste kapela altuagoak eta zabalagoak erabiltzen zituztela ere". 

Ordubete inguruko saioa izango dela aurreratu dute antolatzaileek, eta euskaraz izango da. Pandemia dela-eta edukiera mugatu behar izan dute eta aurrez izena eman beharko dute hitzaldian izan nahi dutenek. Izena emateko museoa@museoa.eus helbidera idatzi behar da edo museoko telefonora (943 748 456) hots egin. Sarrera 4 euro kobratuko dute.

Antolatzaileek gainera, hitzaldira txapela jantzita joatera animatu dituzte herritarrak.

2021 05 12 txapela hitzaldia makina erreminta museoa kartela.JPG