Argazkien bitartez munduan dauden askotariko errealitateak bistaratzea eta egun bizi ditugun desberdinkerien inguruan sentsibilizatzea du helburutzat Donostiako Udaleko Lankidetza Sailak antolatzen duen Mundu Arteko Begiradak argazki lehiaketak. Planeta guztiko 261 argazkilariren lanak jaso dituzte eta era guztietako errealitateak eta krisiak islatu dituzte horiek euren argazkietan. Aisha Maya Bittar irabazlearen argazkiak, esaterako, 2020ko "Pañuelazo" delakoa irudikatzen du. Hamarkada luzeetako borrokaren ostean, Argentinako Senatuak legezko, segurtasunezko eta doako abortatzeko eskubidea onartu zuen, eta borroka hori islatzen du Bittar argazkilari argentinarraren "Quién va a detenernos" argazkiak.
Leyla Emektar argazkilari turkiarraren "Elderly care home" argazkiak jaso du bigarren saria, Covid-19ak eragindako pandemian biloba baten eta amonaren arteko besarkadaren erretratuarekin.
Miguel M. Serrano espainiarrak eskuratu du hirugarren saria, Serbiako Belgrado hirian egindako "Libertad de movimiento" argazkiarekin. Europan helmuga ezberdinak lortzen saiatzen ziren pertsona askorentzat babesleku izan zen tren geltoki zaharrean egin zuen argazkia.
Lehen hiru sariez gainera, antolatzaileek 25 accesit ere banatu dituzte, eta Eduardo Arrillagaren argazki batek jaso du horietako bat, 'La niñera' izeneko argazkiak, hain zuzen ere. Kalean bizi diren Boliviako umeen errealitatea ikusarazteko egin zuen lan bateko parte da Arrillagak lehiaketara aurkeztu zuen irudia.
Lehiaketan saritutako 29 pertsonen argazkiak biltzen dituen bideoa osatu du Donostiako Udalak, hona hemen: