'Zu eta ni' ipuin kontaketa saioa, Dorleta Kortazarrekin

Barren.eus 2021ko api. 28a, 09:30

Dorleta Kortazar ipuin kontalari eskoriatzarrak 'Zu eta ni' ipuin kontaketa saioa emango du barikuan, Mendaroko Udalbatza aretoan. Doakoa den arren, aurrez sarrerak eskuratu behar dira liburutegian.

Mendaroko Udalak antolatuta, Dorleta Kortazar Alkoz ipuin kontalariak umeentzako saioa emango du bariku honetan, hilaren 30ean, Mendaroko Udalbatza aretoan. 'Zu eta Ni' izeneko saioaz gozatzeko aukera izango dute Mendaroko umeek. Laguntasunean, hezkidetzan, berdintasunean eta errespetuan eraikitako ipuinak kontatuko dituela aurreratu du Kortazarrek, "Gutako bakoitza garrantzitsua garelako, barruan daramagun argiak ematen diolako kolorea munduari".

Dorleta Kortazar Alkoz Eskoriatzan jaio zen. Ipuinak kontatzea bezainbeste maite du entzutea, irakurtzea eta batez ere ikastea; estatuko eta nazioarteko ipuin kontalari erreferenteen eskutik jaso du formazioa.

Lau eta zortzi urte bitarteko umeei zuzendutako saioa da, eta 18:30ean hasiko da. Udaletik jakinarazi dutenez, 23 lagunentzako dago mugatua aforoa. Sarrerarik kobratuko ez duten arren, aforoa kontrolatu ahal izateko sarrerak aurrez eskuratu beharko dira, liburutegian. Hori bai, gaur itxita dago Mendaroko liburutegia, Udalak jakitera eman duenez.

2021 04 28 Kartela mendaro Dorleta Kortazar