Euskal Herrira itzuli da Joseba Sarrionandia idazlea, 41 urteko erbestaldiaren ostean

Barren.eus 2021ko api. 23a, 14:09

41 urteko erbestaldiaren ostean, Joseba Sarrionandia Euskal Herrian da, etxekoak eta gertukoak bisitatzera etorrita. Hala jakinarazi zuen atzo Durangaldeko Anboto.org atariak eta bolo-bolo dabil sare sozialetan atzotik. Jone Guenetxea Anboto aldizkariko zuzendariak elkarrizketa ere egin dio, Iurretan (Bizkaian). 1985ean, ETAko kide zela Martuteneko kartzelatik ihes egin zuenetik, urte askoan, ez da haren berririk izan. 2016. urtean jakin zen Kuban zegoela eta eskolak ematen zituela Habanako Unibertsitatean. Arg.:Anboto.

 Euskal Herriko txiolarien artean ez da beste konturik atzotik. ANBOTO, Durangaldeko aldizkariak, eman zuen berria atzo, Sarrionandiari berari Iurretan egindako elkarrizketa argitaratuta. Elkarrizketa ilustratzen duen argazkian irribarretsu ageri da idazlea, Iurretako eliza ondoko eskaileretan jarrita, maskararik gabe.  Gauza jakina da ez dela Sarrionandia komunikabideetan agertu zalea, ez dela adierazpen publikoetan galdu zalea. Laburra da bere erantzunetan ere, berba justukua. Bere lekua beste bat dela dio Jone Guenetxeari emandako elkarrizketan bertan ere. "Nik literatura idatzi izan dut gela txoko batean, nahi nuke jendeak leitzea eta zeozelango debateren batean parte hartzea konpartitzen dugun lenguajeari eta munduari buruz. Medioak beste gauza batzuetarako daude, botere harremanak ziurtatzeko edo espektakulu batzuk elikatzeko". Pandemia bete-betean bueltatu da herrira Sarrionandia, eta eskertu du, "diskrezioz" itzuli nahi zuelako, baina badakielako beste egoera batean zailagoa izango lukeela. Kazetariaren eta idazlearen arteko solasaldian, kazetariak berak gogoratu dio: "Pandemia egoera honetan, ekitaldi herrikoiaz libratu zara. Iurretako dantzarien emanaldi bat, plaza bete jende eta horrelakoak". Eta "eskerrak!" erantzun dio idazleak. 

2021 04 23 joseba sarrionandia 02 sarri tokikom 700x700 anboto ainhoa iraola

 
1985. urtetik falta izan da Euskal Herrian. Urte hartako uztailaren 7an ihes egin zuen Martuteneko kartzelatik Iñaki Pikabea presoarekin batera. Egun hartan, Imanol Lartzabal abeslariak kontzertua eman zuen Martuteteko kartzelan, eta kontzerturako erabili zuten bozgorailuetako batean ezkutatuta ihes egin zuten bi lagunek. Bost urte aurretik, 22 urte zituela, 27 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, ETAko kide izateagatik, baina, gaur egun, ez dauka zorrik Espainiako justiziarekin. Sarrionandiaren historian eta 95eko ihesaldi hartan dago oinarrituta Kortaturen 'Sarri, Sarri' abesti legendarioa ere, eta duela hilabete batzuk Sarrionandiaren eta ihesaldi haren inguruko reportaje berezia eman zuten EITBko Ur Handitan saioan,  'Martuteneko ihesaldia' izenburupean.  https://www.eitb.tv/eu/bideoa/ur-handitan-ahaztu-aurretik/7248/182652/martuteneko-ihesaldia/
 
Euskal Herria bueltan, herria aldatuta topatu duela aipatu du Sarrionandiak. Etxekoen eta lagun batzuen falta igarri du, eta aldatuta topatu du herria: "Herri diferentea, plano baten bila nabil [barrez]. Jendea ere oso diferentea, ikusten denez, baina ezin dut esplikazio berezirik eman, gauza ezezagunak dira niretzat". Iurretaz galdetuta, honela dio:
"Iurreta Durango zen sasoikoa naiz. Ez nuen Ertzaintza ezagutzen, ETB ere ez dut sekula zuzenean ikusi, harrituta nago hainbeste errotondagaz... Oso diferentea da dena. Antzina ehun urtean aldatzen ziren gauzak, gure belaunaldian hamar urtean. Eta ea ikusten dugun datorrena, munduko bizimodua abiadura handian doa".