Elgoibarko Herri Eskolako ikasleek eta irakasleek ohiko eraikinetatik kanpora atera dituzte liburuak gaur, liburuaren nazioarteko egunean, eta irakurketa sustatzeko ekimena antolatu dute. Ikastetxeko hamazazpi geletako ikasleak pasa dira Maalako eszenatokitik, txandan txandan. Mikrofonora gerturatu eta aurrez aukeratutako liburu bateko esaldi bat edo pasarte bat irakurri dute, banan banan, jendaurrean. 9:30etik 11:30era jardun dute hala. Herri Eskolakoek Youtuben duten kanalean ikus ditzakezue ekimeneko hainbat une, gelaka banatuta.
Pitxintxu liburu dendaren kanpoaldean ere igartzen da Liburuaren Eguna dela. Hainbat liburu atera dituzte denda barrutik eta dendaostetik kalera, herritarrengana gerturatzeko. Horrez gainera, euren lanak sinatzen arituko dira Jasone Osoro eta Uxue Alberdi idazleak. Goizean aritu da Alberdi eta arratsaldez arituko da Osoro.
- ARGAZKI-BILDUMA: Liburuaren Eguna Elgoibarren