Gazteentzako ‘Festa’ liburua aurkeztu du Jasone Osorok, Elkarrek abiatutako 'Traola' sail berrian

Barren.eus 2021ko api. 20a, 11:34

Jasone Osoro idazle eta kazetari elgoibartarrak 'Festa' liburua aurkeztu zuen atzo, Donostian. Gazteak eta haien bizipenak protagonista dituzten sail berria sortu du Elkar argitaletxeak, 'Traola' izenpean, eta kaleratu dituzten lehen hiru eleberrietako bat da 'Festa'.

Jasone Osororen 'Festa' liburuak 16 urteko bi lagunen uda bat kontatzen du, Sofia eta Andrearena. Batxilergoa hasi aurreko uda da, eta kostaldeko herri baten bizi dira. Elorza anaiek festa bat antolatuko dute lorategia eta igerilekua dituen etxe handi eta moderno batean, eta bertan hainbat gazte elkartuko dira. Alkohola, dantza, jolasak, jende berria, sexua... presente egongo dira festa horretan, eta Sofia haurdun geratuko da. Horrek hankaz gora jarriko du bere bizitza, eta era guztietako emozioak, sentimenduak eta jarrerak kudeatzen ikasi beharko du: Ukatu egingo du, ezkutatu, beldurtu egingo da, eta, batez ere, erabaki bat hartu beharko du. Liburuak bi atal nagusi ditu: Igerilekuan (festaren zatia) eta Igerian (haurdun geratu dela uste duenetik aurrerakoa).

Osorok konfinamenduan idatzi zuen liburua, eta esan du bi helburu dituela: batetik, gazteak dibertitzea nahi du, baina aldi berean, gazteei ikusarazi nahi die gauzak gertatu egiten direla. “Batzuetan nerabeei gauzak askoz errazago iristen zaizkie fikzioaren bidez, pelikulak, liburuak, abestiak... oso erraz identifikatzen dira pertsonaiekin eta horregatik pentsatu nuen aproposa izan zitekeela haurdunaldiaren gaia lantzea liburu batean”. Jasone Osorok berak azaltzen ditu liburuaren nondik norakoak, honako bideoan:


 • Traola, gaztentzako bilduma
Elkar argitaletxeak gazteengan pentsatuz sortutako Traola izeneko bilduma berria aurkeztu du, eta hasiera hiru libururen argitarapenarekin eman dio: Jasone Osororen "Festa", Jordi Sierra i Fabraren "Malkoak euritan" eta Oihana Iguaran-en "Hormak". Traola berbak bi adiera izan ditzakeela azaldu du Elkarreko editore Antxiñe Mendizabalek: sare sozialetan hitz gako bati ikusgaitasuna emateko baliatzen da, batetik; eta arrantzan haria biltzeko tresna ere bada, bestetik. Hala, batetik, Traola sailean kaleratutako liburuek oihartzuna izatea nahi dute; eta, bestetik, irakurleak istorioen arrantza sareetan harrapatuta geratzea. Zehaztu dutenez, bildumakoak gazteak eta haien bizipenetan pentsatuz sortutako eleberriak izan arren, horrek ez du esan nahi gazteei bakarrik zuzendutako liburuak direnik.
 • ‘Go!azen’
Era berean, Jasone Osorok 'Go!azen' telesailari lotutako liburu bildumako laugarrena idatzi du, eta salgai da dagoeneko. 'Asteburu bat eskiatzen' dauka izenburua, eta oraingo honetan, Basakabiko gazteak elurretara joango dira. Lagun-taldea berriz elkartzeko irrikitan dago, baina Basakabi eta uda urrun geratzen dira oraindik. Horregatik, asteburu bat eskiatzen pasatzea erabaki dute. Batzuek primeran eskiatzen dute; beste batzuek, berriz, ideiarik ez. Hala ere, nor bere erara ongi pasatzen saiatuko da. Azkenik, ustekabe batek harrapatuko ditu den-denak, eta eskiaz gain, bestelako abenturak biziko dituzte.
 • Juul sariak
Joan den astean banatu zituzten Juul hauteskunde literarioen 2020ko sariak, eta DBHko ikasleen artean Jasono Osororen 'Eskularru beltzak' bildumako Ihes liburua izan da bozkatuena.

2021 04 20 festa liburua jasone osoro azala