Zuhaitz Gurrutxaga: "Futbol zelaira ez galtzera irteten nintzen, eta oholtzara irabaztera irteten naiz"

Barren.eus 2021ko api. 9a, 09:55

 

Zuhaitz Gurrutxaga (Elgoibar, 1980) Herriko Antzokiko oholtzara igoko da gaur arratsaldean bere bigarren bakarrizketa aurkeztera: ‘FutbolisTOK’. Lehen mailako futbol jokalaria izan zen garaiko pasarteak ekarriko ditu gogora, eta garai hartan bere azalean bizi izan zuen TOK nahasmenduari buruzko kontuak ere izango ditu mintzagai umoregile aiastiarrak. Gaurko emanaldia euskaraz izango da (sarrerak agortuta daude), eta gaur zortzi saio berbera eskainiko du, gaztelaniaz. 19:00etan izango dira bi saioak.

 

- ‘FutbolisTOK’ bakarrizketa aurkeztuko duzu gaur Herriko Antzokian. Zeri buruzkoa da? Futbolisto baten konfidentziak bakarrizketa izan zen nire lehenengoa, eta ordutik pasatu dira bost bat urte. Denbora tarte horretan jende askok esan izan dit ez zuela ikusi bakarrizketa hura eta gustatuko litzaiekeela ikustea, eta hortik abiatuta osatu dut bigarrengoa. Haren segida moduko bat da. Lehenengo bakarrizketaren esentzia bat hartu dut, berrituta, jakina, eta beste zenbait gai gehitu dizkiot.

- Gehitu diozun gaietako bat TOKa izan da, Nahasmendu Obsesibo Konpultsiboa. Bai, hori da, eta hortik dator bakarrizketaren izena bera ere. Futbolari izan nintzen garaian pairatzen hasi nintzen nahasmendu hori, eta horri ere lekua egin diot. Bi gaiak uztartuko ditut: lehen mailako jokalari nintzeneko istorio futbolistikoak eta TOKari buruzkoak. 

- Nola bizi izan zenuen garai hura? Zaila izan zen. Buruko osasunaz ez da asko hitz egiten, eta nik une hartan uste nuen bakarra nintzela munduan gaitz hura zeukana. Ezkutuan egiten nituen gauzak, nahiko lotsagarriak ziren eta ez nuen nahi inork ikustea zer egiten nuen. TOK daukan norbaitek dituen konpultsioak irrazionalak dira %95ean, ez dute izateko arrazoirik, eta badaki horrela dela,  baina ez da kontrolatzeko gai. Nolabait azaltzeko, TOK daukazunean zerbaitekin obsesionatzen zara eta antsietatea eragiten du, eta antsietate hori baretzeko egin behar duzu konpultsioa. Adibidez, nik sentitzen badut eskuak beti zikinak ditudala eta bakteriak izan ditzakedala eskuetan, horrek antsietatea sortuko dit, eta antsietate hori baretzeko etengabe eskuak garbitu beharko ditut.   Eta hori guztia ezkutuan egiten nuen nik, banekielako ez zela normala egiten nuena. Lanbide guztietan izango da zaila gaitz hau kudeatzea. Ni lehenengo mailako futbol jokalaria nintzen, eta ezin nuen gaitz hau nire lanean kontatu. Nire ametsa bete nuen orduantxe eta gaitza azaleratzeak banekien ez zidala lagunduko han goian mantentzen, eta horregatik ixilean gorde nuen gaitza.

-  Nola moldatzen zinen nahasmendu hori ezkutuan gorde eta lehen mailan jokatzeko? Ezkutuan eramate horrek ingenioa pizten du. Sinestezina da zenbat gezur txiki asmatu behar izaten nituen uneoro, gaitza ezkutatzeko. Umoretik kontatzen dut orain bizi izan nuen guztia, mezu positibo bat zabaldu nahi dudalako. Niri sormena piztu zidan gaitza ezkutatzeak. Obsesioa kolpera iristen da, eta hori baretzeko konpultsioa egin behar duzu, eta hori ezkutatzeko buruari eman behar zaio. Hasierako fasean modu horretan ezkutatu nuen, baina gaitza ezkutatzea ezinezkoa zen momentua iritsi zen, gertukoen aurrean batez ere.

2021 04 09 zuhaitz3

- Zure azalean bizitako une haiek, orain, umoretik kontatzen dituzu. Bai, baina ez nuke inor konfunditu nahi: bakarrizketaren zati handiena ez da TOKari buruzkoa. Niretzako zati inportantea da, eta garrantzitsua da niretzat horri buruz hitz egitea, baina bakarrizketaren oinarria beste bat da: buelta ematen diet garai hartako drama txiki eta handi guztiei. Lehenengo mailan debutatu nuen egunean txartel gorria ikusi eta kaleratu egin ninduten, eta hori ere drama bat izan zen niretzat. Horren ostean, beste egoera dramatiko asko izan nituen futbolean, orduan sufrituarazi egin zidatenak, eta guzti horri ere barre egiten diot bakarrizketan. Horrekin batera bizi izan nuen TOK gaitzari ere egiten diot barre. Benetan sinisten dut umoreak on egiten digula denoi eta norbere buruari barre egiten jakitea oso garrantzitsua dela. Sufriarazten diguten arazoen %90 esango nuke ez direla existitzen, gure buruan daudela soilik.  Badaude baita ere sufriarazten diguten benetako tragediak, baina sare sozialetan like gutxi izateagatik sufritzea, esaterako, absurdoa da. Esan nahi dut gure buruak edo gure autoestimuak sortutako arazotxoak direla askotan sufriarazten digutenak. Norbere buruari barre egitea da azken batean mundua ikusteko modurik errealistena. Umoreak laguntzen digu konturatzen sufriarazten gaituen arazoak zein absurdoak diren. Argi utzi nahi dut sekula ez nukeela txiste bat egingo TOK duen pertsona bati buruz; nik bizi izan nuenari egiten diot barre, eta hori zilegi dela uste dut. Badakit TOK edukitzea gogorra dela eta asko sufritzen dela, eta ez nioke sekula egoera horretan dagoen bati barre egingo. Nire sufrimenduaz soilik egiten dut barre, niri ondo egiten didalako. Umorea benetan botika bat da, eta niretzat oinarrizkoa izan da azken urteotan. Zorionez, garai hartan baino askoz hobeto nago orain, baina gaitz kronikoa da. Azken batean berarekin bizitzen jakin behar da. Batez ere, urduritasun momentuetan dago arriskua obsesioak pizteko, eta beti adi egotea komeni da. Nik umoreari esker ikasi dut gaitzarekin bizitzen, eta esan dezaket orain ondo nagoela. 

- Nola pasatu zinen futbolari izatetik umoregile izatera? Futbolari nintzen garaian denbora libre asko izaten nuen, eta denbora libre horretan gitarra joten ikasten hasi nintzen.  Halako batean konturatu nintzen kantuak egiteko gai nintzela, egin nituen kantu batzuk eta kontzertuak ematen hasi nintzen. Kontzertuetan kantuen letrak esplikatzen nituen, eta konturatu nintzen jendeak arreta handiagoa jartzen ziola kontatzen nuenari, kantatzen nuenari baino, eta ikusleek barre egiten zutela. Orduan hasi nintzen gitarra albo batera uzten, eta gehiago hitz egiten. Hasiera nolabait erraza izan zen. Oholtzara musika egitera igotzen nintzen, gitarraren babesean, eta umorea egiten nuen, baina inolako presiorik gabe, jendea musika entzutera zihoalako berez. Ia oharkabean bilakatu nintzen komiko. Gero gitarraren babesa utzi eta bakarrizketarako pausoa eman nuen, baina piszinarako jauzi hori ez zen urik gabeko piszina batera jauzi egitea izan, ordurako banituelako jendeari barre eginarazteko klabe batzuk.

- Zaila al da jendeari barre eginaraztea? Bai, ez da erraza. Askotan denok nahi izaten dugu kontatzea zein lan izaten dugun gure lana burutzerakoan, hau da, emaitza ikusten denean denok nahi izaten dugu azaldu horren atzean dagoen lana. Baina ogi bat erosten dugunean ere ez diogu galdetzen okinari zenbat lan  egin duen ogi hori ona izateko. Guri gustatuko litzaiguke jendeak jakitea barre eginarazten dion txiste horren atzetik zenbat lan dagoen, baina konturatzen naiz nik ere ez diodala okinari edo elkarrizketatzaileari galdetzen zenbat kostatu zaion bere lana egitea. Baina bai, jendeari barre eginarazteak badauka lana. Lanbide guztiek dituzte euren zailtasunak, baina umorea egitea ez da erraza.

- Lehenengo mailan jokatzea zenuen amets, eta une batzuetan sufrikario bilakatu zen. Baina uste duzu horrek lagundu dizula ondorengo ibilbide honetan? Bai, zalantzarik gabe. Asko zor diot Realari. Realak eman zidan nire ametsa betetzeko aukera, nahiz eta gero amets hura ez zen izan nik nahi bezain gozoa. Ez Realaren erruz, baizik eta presioa jasateko nire gaitasun faltagatik. Baina gerora aprobetxatu egin dut Realeko jokalari izate hura, futbolak jende asko erakartzen duelako. Nire bi bakarrizketek futbola dute oinarrian, azken batean, beste gauza batzuk ere kontatu arren, futbolak pizten duelako jendearen arreta. Lehen mailan egin nuen ibilbidea oso lagungarri izan zait.

- Oholtzan ala futbol zelaian sentitzen zara gusturago? Futbol zelaietan beti huts egiteko beldurrez egoten nintzen. Futbol zelaira ez galtzera irteten nintzen, eta oholtzara irabaztera irteten naiz. Futbol zelaian oharkabean pasatu nahi izaten nuen, eta oholtzara askoz konfiantza handiagoarekin irteten naiz. Gustura nabil oholtzan, egia esanda.

2021 04 09 zuhaitzkartela

- Zein erantzun izan du bigarren bakarrizketa honek? Pasarte batzuk aurreko bakarrizketatik berreskuratutakoak dira eta banekien funtzionatzen zutela, baina beste istorio batzuekin beldur nintzen: bakarrizketa honek badauka zati dramatikoago bat, bereziki TOKari buruz hitz egiten dudan tartea, eta ez nekien zati horrek nola funtzionatuko zuen. Ez da horrenbeste barre egiteko tartea, istorio horrekin publikoa beste egoera batera eraman nahi izaten dut eta dudak nituen. Zorionez, funtzionatu du. Seguru jende guztiari ez zaiola gustatuko, baina ni pozik nago. Honek guztiak, gainera, ondorio politak izan ditu, nire hasierako helburutik harago: jende askok idatzi dit pribatutik esanez oso lagungarri egin zaiola nire istorioa entzutea. Nire arazo berbera duen jendeak idatzi dit, eta esan didate munduan bakarrak ez direla jakiteak izugarri lagundu diela.  Mezu hunkigarriak izan dira benetan, eta batzuekin pertsonalki jarri naiz harremanetan. Ni ez naiz psikologoa, ezta gutxiagorik ere, baina ahal dudan heinean, nire esperientziatik, laguntzeko prest nago. Bakarrizketa honek hasieran espero nuena baino gehiago eman dit. Jendeak barre egiten du, eta batzuentzat, gainera, lagungarri izan da bizitza pertsonalean, beraz, ezin dut gehiago eskatu. Badakit mundu guztiari ez zaiola gustatuko, baina sortzaile batek hori badaki.

- Elgoibarren aritzeak presiorik eragingo dizu? Elgoibarrera futbolean jokatzera etortzeak presioa eta beldurra sortuko lidake, baina Elgoibarrera oholtzara etortzeak motibatu egiten nau. Nire bizitzako bi alor nagusienetan nire buruak oso desberdin jokatzen du. Orain dela hilabete pare bat Konpromisoa antzezlanarekin izan nintzen Elgoibarko Herriko Antzokian, eta ikaragarri gozatu nuen. Oso hunkigarria izan zen publikoan aurpegi ezagunak emanaldiaz gozatzen ikustea. Energiaz beterik joaten naiz Elgoibarrera, eta oraingoan ere hala joango naiz. Beste herrietan baino tximeleta gehiago sentituko ditut sabelean, seguru, baina herritarrak gozatuarazten saiatzea oso motibagarria da.

- Publikoa maskara jantzita egotea oztopo iruditzen zaizu? Bakarrizketa estreinatzerakoan kezkatzen ninduen horrek, baina zorionez, ez da oztopo eta jendearen barreak entzuten dira. Besterik ez dut probatu, egia esanda, estrenatu nuenetik maskara derrigorrezkoa delako. Baina begietako espresioa ere ikusten da eta igartzen da jendea gustora dagoen ala ez. Alde horretatik ez daukat kexarik.