Korrika amaitu behar zen egunerako bertso saioa antolatu dute Mendaron

Barren.eus 2021ko mar. 23a, 20:09

'Korrika' bertso saioa antolatu du Mendaroko Udalak martxoaren 28rako, 2021eko Korrika amaitu behar zen egunerako.

Aurtengo martxoaren 28an amaitzekoa zen 22. Korrika, pandemia iritsi izan ez balitz. Euskararen aldeko lasterketarik ezean, AEK-k 80 ekitalditik gora antolatu ditu domekarako "euskararen lekukoa, euskaltegien aldeko bultzada, kalean egon dadin". Euskal Herriko herrialde denetan egingo dituzte ekitaldiak 12:00etan, eta ordu erdi inguruko iraupena izango dute. Elgoibarren ere antolatu dute ekitaldia.

Era berean, Mendarok ere bat egin du ekimen honekin eta bertso saioa antolatu du domekarako. 12:00etan izango da, herriko frontoian. Bertan, Beñat Gaztelumendi eta Oihana Arana arituko dira bertsotan eta Ane Ezenarrok egingo ditu gai jartzaile lanak. "Helburua da, Korrikarik gabe ere, ekimen horren mezu nagusia zabaltzen eta indartzen jarraitzea, helduen alfabetatze eta euskalduntzearen garrantzia azpimarratuz", azaldu dute Mendaroko Udaletik.
Bertso saioa ikusteko lekua mugatua izango da, eta sarrerak salgai daude dagoeneko, 2.5 euroan, Morroskillon. Ekitaldia prebentzio, higiene eta segurtasun-neurri "zorrotzekin" egingo dela zehaztu dute, parte-hartzaileen eta bertaratutakoen osasuna eta ongizatea bermatzeko.

∞Lotura duten albisteak: