Turismoko gidetan agertzen ez den Venezia, Elgoibarko Kultur Etxean

Barren.eus 2021ko mar. 16a, 21:29

Martxoaren 8aren harira, Esmeralda Zapparoliren (Londres, 1970) ‘Esencia’ argazki erakusketa antolatu du Udaleko Berdintasun Sailak. Gaur inauguratu dute eta hilaren 30era egongo da ikusgai, Kultur Etxeko erakusketa gelan. Veneziako erretratuak jarri ditu ikusgai Zapparolik, baina ez dira Veneziari buruz ikustera ohituta gauden irudiak. Veneziako esentzia jaso du argazkilariak bere kamerarekin eta hori erakutsi nahi du, hau da, turismoko gidetan agertzen ez den Venezia.

 

 • Zergatik aukeratu duzu Venezia?
Nire aitaren familia Italiakoa da, Paduakoak dira, Veneziatik nahiko gertu dagoen hiri batekoak. Bisitan joaten nintzenean aprobetxatzen nuen argazkiak egiteko. Udan joaten nintzen bereziki, baina lana osatzeko bidaia asko egin behar izan nituen. Baina egia da arrazoi horrekin beste edozein hiri ere aukeratu nezakeela, baina nik Venezia aukeratu nuen, bereziki, hiriaren lasaitasuna gustatzen zitzaidalako. Hiria oso aberatsa da kultura eta arteari dagokionez eta horrek izugarri inspiratzen ninduen, baina horrez gain, kaleetan zehar ibiltzerakoan entzuten diren zurrumurruak gustatzen zitzaizkidan. Hizketan aritzen diren bizilagunenak edo langileenak... Beste hiri batzuetan autoen edo kamioien bozinak entzuten dira nonahi, baina Venezia, zona turistikotik aldenduta, oso lasaia da, eta etengabe entzuten den uraren soinuak ere patxada transmititzen du. Turismo guneetan zarata handia egoten da, baina bestela, hiri lasaia da, eta hori izugarri gustatzen zait.

 • Zenbat denbora behar izan zenuen lana osatzeko?
Urteetako lana izan zen. 2012an amaitu nuen, baina askoz lehenago hasi nintzen lanean. Venezia ez daukat esku-eskura, eta ezin nuen nahi beste aldiz joan. Joaten nintzen bakoitzean zonalde bat eta gai konkretu bat aukeratzen nuen argazkiak egiteko. Nire buruan neuzkan gai guztiak jaso arte jardun nuen hara bueltaka. Argitasuna ere oso desberdina da urtaroaren arabera, eta egunsentiko behelainoarekin argazki bat ezin duzu abuztuan atera, esate baterako. Edo ur handiak harrapatu nahi badituzu ere sasoi jakin batean joan behar duzu. Horrelako lan batek denbora eskatzen du. Gaur egun ohituta gaude dena atzorako eskatzen; prisaka bizi gara eta lan guztiak berehala jaso nahi ditugu, baina gure lan egiteko modua oso bestelakoa da.

2021 03 16 esmeralda zapparoli erakusketa venezia elgoibar 2

 • ‘Esencia’ jarri diozu izena. Zer erakutsiko duzu lan honekin?
Lan hau aurrez ere erakutsita daukat Elgoibarren, Donostian eta beste leku batzuetan ere. Dena dela, lehenengo aldian erakutsi ez nituen zenbait argazki ere jarriko ditut oraingoan. Erretratuetan jaso dudana Veneziako esentzia da. Argazki hauek ez dira ikustera ohituta gauden Veneziako argazkiak, desberdinak dira. Ez naiz ibili Veneziako argazki tipikoen bila, horietatik harago jarri dut begia, eta hiriaren esentzia bilatu dut. Ageri dira eraikinak, kanalak, gondolak, monumentu historikoak, plazak, Veneziako inauteria... hori guztia delako Venezia, baina beste modu batean jaso ditut, modu abstraktuago batean. Venezia turistikotik harago dagoen hiria erakutsi nahi izan dut. Oso lan pertsonala izan da niretzat. Venezian egon den jende askorentzat argazkiak arrotzak izango dira, turismo tipikoa egin dutenak konturatuko dira ez dutela Veneziako esentzia ezagutzen.

 • Nola lortu duzu esentzia hori harrapatzea kamerarekin?
Asko irakurri dut Veneziari buruz, eta horrek asko lagundu dit. Ez dauka zerikusirik leku bati buruzko informazioa edukita edo leku hori ezagutu gabe argazkiak ateratzeak. Niri lagundu dit jakiteak Dante egon zela eraikin batean, edo kale haietan ibili zela beste pertsonaia historikoren bat, edo han espetxeratu zutela ez dakit nor. Guzti horrek aberastu egiten zaitu, eta lekuak beste modu batean begiratzen laguntzen du. Bidaia horietan, gainera, jendea ezagutu nuen, eta haiek ere asko lagundu zidaten. Hango garraiolariekin, esaterako, denbora asko egin nuen. Han ez dago kamioilaririk, garraioa barkoetan egiten da eta oso berezia da. Argazki batean jaso nuen erakusketa baterako zeramaten koadro bat barko batean. Artea eta barkoa irudi batean, Veneziako esentzia bete-betean, baina gondolarik ikusi gabe. Egonaldi bat ere egin nuen mojen eskola batean, eta beraiekin irteten nintzen pasiatzera, eta hiriko ontzioletan ere denbora pila bat pasatu nuen. Veneziako ontziolak oso garrantzitsuak izan dira historikoki, eta oso interesgarriak dira. Lanbide desberdinak ezagutu ditut, adibidez, gondolak nola egiten dituzten ikasi dut, eta ikaragarria da. Gondoleroaren arrauna kokatzen den mekanismoa, esaterako, gondola gidatuko duenaren tamainaren arabera egiten dute! Gondola batek, hamar pintura geruza behar izaten ditu. Izugarrizko artisau lana dago gondola batean, baina jende askok gondolaren atzean taxi bat bakarrik ikusten du. Venezia inguruko irlak ere bisitatu nituen, Burano, Murano, Saint Giorgio... eta kanposantua bera ere bai. Kanposantua irla batean dago, irla bera da kanposantua eta banekien hango argazkiak ere behar nituela. Han ateratako argazki bat saritu zidaten orain dela urte batzuek. Emakumea eta arkitektura uztartzen zituen lehiaketa bat zen, eta nik egindako argazkian ageri da emakumezko baten eskultura eta bere ilea huntza da. Horma batean dago eta huntzak estatua jan du, bere ilea dela dirudi.

 • Nola moldatu zinen lan hau eta bizitza pertsonala uztartzeko?
Lana hasi nuenean ez neukan umerik eta errazagoa zen, baina hala ere, bidaiak prestatzea ez zen hain erraza. Mojen eskolan egonaldia egin nuenerako ama nintzen, eta ez zen erraza izan egonaldi hura, baina lana bukatzen ari nintzen eta ahalegin berezi bat egitea erabaki nuen. Gerora itzuli izan naiz berriro, nahi nuelako nire alabek Venezia ezagutzea, baina oso aldatuta dago. Esentzia galtzen ari da. Denda txikiak eta tabernak ixten ari dira, artisau asko desagertu dira... Jende askok alde egin du Veneziatik, ez delako erraza han bizitzea. Zubi asko ditu, eskailera asko... oztopo arkitektoniko asko dituen hiria da. Adinekoentzat ez da erraza han bizitzea, eta ume txikiekin ere kosta egiten da, karroarekin ibiltzeko oso deserosoa delako. Etxebizitza asko oso zahartuta daude, eta berritzeko zailtasunak jartzen ditu gobernuak. Ezin da edozein obra egin, eta gainera, dirutza handia behar da. Udan bero handia egiten du, neguan hotz, oso hezea da... ez da bizitzeko hiri erraza. Oso polita izaten jarraitzen du Veneziak, baina nire argazkietan jaso dudan esentzia hori galtzen ari da.

 • Nola hasi zinen argazkigintzan?
Umetatik artea edan dut etxean. Nire ama ere artista da. Esmaltea lantzen du, akuarelak egiten ditu eta eskultura ere izugarri gustatzen zaio. Amaren lagunak ere artistak ziren, eta sarri etortzen ziren gure etxera eskultoreak, margolariak, arkitektoak edo bestelakoak. Amaren erakusketak zaintzen ibiltzen nintzen, eta komunikabideetara ere laguntzen nion. Gaur egun ere oso aktibo dago ama kulturgintzan. Madrilen bizi da, eta ahal duen guztietan joaten da hitzaldietara, erakusketetara edo bestelakoetara. Aita ere argazkigintzan ibiltzen zen, eta etxean positibatzen zituen argazkiak. Ume nintzela aitari laguntzen nion laborategian, argazkiak errebelatzeko denborak zaintzen, esaterako. 16 urte nituela, Administraritza ikasten ari nintzen Bartzelonan eta amak bidali ninduen argazkilaritza eskola batera. Goizez administraritza ikasten nuen, eta arratsaldez, argazkilaritza. Etxean betidanik izan dugu kultura eta arterako zaletasuna. Londresen jaio banintzen ere, ume nintzela lekualdatu ginen Bartzelonara eta han hasi nintzen argazkilaritza ikasten. Hiru urteko ikasketak egin nituen Bartzelonako argazkilaritza institutuan, eta han ezagutu nuen Edu [Edu Arrillaga argazkilaria da bere senarra], eta beragatik bizi naiz Elgoibarren. Nire ama Asturiaskoa da, amona Gasteizkoa eta amonaren ahizpa bat Eibarren bizi zen. Madrilen ere bizi izandakoa naiz, eta orain, Idotorbeko baserri batean bizi naiz. Batetik bestera ibilitakoa naiz eta horrek kulturalki aberastu egiten du.

 • Gaur egun zertan diharduzu?
Azken hiru urteetan argazkigintzan etena egin dut. Metalgintzari buruzko lana izan zen argazkilaritzan egin nuen azken lana, eta orain diseinu grafikoan aritzen naiz gehiago. Erakusketa honen katalogoa neuk diseinatu dut, eta asko zaindu dut estetika. Testua Juan Manuel Castro Prieto argazkilariarena da, guretzako erreferentziazko argazkilaria. Eduren azken liburuak ere neuk maketatu ditut. Argazkilaritzatik bizitzea oso zaila da, guri gustatzen zaigun moduko argazkilaritzatik bizitzea, esan nahi dut. Ni ibili nintzen publizitate agentzia batentzat lanean, baina hori ez zen nik nahi nuena. Guk egiten ditugun lanak guri gustatzen zaizkigunak dira, nahiz eta jakin gero zailtasunak izango ditugula saltzeko. Une honetan nahiko geldirik nago, baina, ikasten jarraitzen dut. Sare sozialetan uneoro egoten naiz argazkilarien lanei begira. Besteen lanak ikusiz ere asko ikasten da.

 ‘Esencia’ argazki erakusketa egunero egongo da zabalik, astelehenetik larunbatera, 18:30etik 20:30era, Elgoibarko Kultur Etxean.

2021 03 16 esmeralda zapparoli erakusketa venezia elgoibar

2021 03 16 esmeralda zapparoli erakusketa venezia elgoibar at

2021 03 16 esmeralda zapparoli erakusketa venezia elgoibar koadroak