Ion Martinez: “Ez dugu desatseginak izan nahi, baina errealitatea gordina da eta hala erakutsi nahi izan dugu”

Barren.eus 2021ko mar. 5a, 10:44

Nagore Laffageren eta La Manadaren kasuetan oinarritutako euskarazko fikzioa da ‘Birritan bortxatua’ antzezlana, Aldatzen Laguntzen taldeak sortua, eta emakume bortxatuek epaiketetan jasaten duten biktimizazio bikoitza salatu eta kritikatzen du. Bihar ikusi ahal izango da antzerkia, Mendaroko San Agustin kulturgunean, 19:00etatik aurrera. Ion Martinez (Donostia, 1980) obrako aktore eta gidoilariak eman digu antzezlanaren berri.

  • Zerk bultzatu zintuzten ‘Birritan bortxatua’ obra sortzera?
Gure antzerki taldearen laugarren obra da hau. Iaz hamar urte bete genituen, eta nahi genuen umoretik harago zerbait egitea. Antzerki estilo desberdinak lantzea gustatzen zaigu, eta oraingoan drama bat kontatu nahi genuen. Indarkeria matxista eta emakumeen borroka pil-pilean dago azken urteetan, eta guk ere gure alea jarri nahi genuen gai horretan. Aurrez eginiko obretan umorea landu dugu batez ere, eta obra honekin serio jarri gara.

 • Aktoreetako bat izateaz gain, zuk zeuk idatzi duzu gidoia.
Bai. Nagore Laffage eta La Manadaren epaiketetatik informazio asko atera dut, eta bi kasu horietan oinarritu naiz bereziki gidoia idazteko. Obran kontatzen duguna da herriko jaietan bortxatu duten emakume bat nola ausartzen den epaitegietara joaten. Epaitegian bizitzen den prozesua islatu nahi izan dugu, prozesu hori bortxaketa bera bezain gogorra edo gogorragoa izaten delako askotan. Egoera hori salatu nahi izan dugu, hau da, emakumea biktimatzat hartu beharrean beti zalantzan jartzen dutela. Epaiketateko erantzunak eman behar ditu beti modu matematikoan, zehatz, inolako zalantza izpirik gabe, epaileak beti dena dudan jartzen duelako, eta askotan epaitua bortxatzailea izan beharrean emakumea bera izaten delako. Epaiketa bera kontatzeaz gain, emakumeak bortxatu zuten gauean, epaiketan edota kaletik doanean bizi dituenak ere kontatzen ditugu.

 • Hortik dator, beraz, antzezlanaren izena?
Bai, hori da. Epaiketa bigarren bortxaketa modukoa izaten da emakumearentzat eta hori adierazten du izenburuak. Zalantzak izan genituen obrari izena jartzerakoan, baina uste dut asmatu genuela.

 • Protagonistak Nagore du izena. Nagore Laffageren omenez jarri diozue izen hori?
Bai. Nagore Laffagerena gertatu zenean uste dut Euskal Herrian eragin handia eragin zuela. Denok jarraitu genuen prozesua, gero dokumentala egin zuten eta Nagoreren amak hitzaldi asko eman ditu. Esango nuke euskal gizartearentzako erreferente bilakatu dela Nagore Laffage. Gero La Manadarena etorri zen, Iruñean berriro ere, sanferminetan, eta horrek berriz ere Nagore Laffage ekarri zigun gogora. Aski da esateko ordua iritsi zen, eta bi kasu horiek hartu genituen oinarrian. Fikzio dokumentala da gure obra, nolabait esateko. Fikziozko istorioa da, baina gidoiko informazio gehiena benetako epaiketetatik hartutakoa da. Pentsa daiteke fiskalak eta abokatuak egiten dituzten galdera batzuk asmatutakoak direla, baina denak dira benetakoak, eta hori azaltzen dugu obraren bukaeran. Gehienak La Manadaren epaiketako galderak dira, euskaratuta eta apur bat gure istoriora moldatuta, baina errealak dira guztiak.