Antton Lukuren gaineko aurkezpen txiki batekin ekin zion Mirenek. Esan zigun arraroa egiten zitzaiola Antton Luku aurkeztea. Iparraldean ez dagoela Luku aurkeztu beharrik; denentzat dela ezaguna. Luku Ameriketako Estatu Batuetan sortu zen 1959an, baina amikuztarra da, Arberatzekoa (Nafarroa Beherea). Lukuren izena antzerki-munduarekin lotzen da, batez ere. Aktore, zuzendari eta idazle gisa jardun du, eta Donibane Garazin antzerki-lantegiak ematen ditu irakasle ere baden ikastetxean.
Aurkezpenaren ondoren elkarrizketan hasi ziren biak.
•Iparraldetik Hegoaldera bai, baina alderantziz?
Mirenek esan zion Anttoni Hegoaldekook Iparraldea anaia txikia balitz bezala ikusten dugula, paternalismo-kutsua duena, eta horrek, askotan, deserosotasuna sortzen diola. Anttonen ustez, badaude Iparraldearen gaineko topiko batzuk, eta hori hango errealitatea ezagutzen ez dugulako da. Zenbat eta gehiago ezagutu Iparraldeko egoera, orduan eta topiko gutxiago. Hegoaldeko bat Iparraldera pastorala ikustera bakarrik joaten bada, giro berezia eta emozioa sentituko ditu, baina Iparraldearen irudi folklorizatua baino ez du jasoko. Zuberoara bestelako egunetan ere joan behar dugu, eta hango errealitatea ezagutu.
Lukuren esanetan, Iparraldeko euskaldunek badute Hegoaldera etortzeko joera, euskal kultura, gehienbat, hemen sortu eta egiten delako. BECera, adibidez, gazte asko joaten da bertsolarien finala ikustera, edo Bilboko jaietara, edo Lesakara. Baina, zenbat gazte joaten da Hegoaldetik Iparraldera?
•“Antzerkia espazio librea da, abentura humanoa”
Segidan, Iparraldean antzerkiak eta dantzak duten garrantziari jarri zion azpimarra Anttonek. Bera irakasle zela sentitu zuen euskal kultura irakasteko beharra. Ohartu zen dantza oso errotua zegoela hango herrietan, eta dantzaren bidez transmisioa lantzeko aukera zuela. Iparraldeko kulturgileak (Xanpun, Ezponda Alkat ...) dantza- eta antzerki-munduan ibilitakoak zirela ohartu zen, eta ikusi zuen mundu hori euskaltasunari duintasuna emateko modu bat zela. Lukurentzat “antzerkia espazio librea da, abentura humanoa”, eta haren esanetan, antzerkian ez dago folklorekeriarik. Libertimenduaren kasuan ere, libertitzea jolastea da, ikastea. Gizarteko gai garrantzitsuak lantzen dira, eta taldean gainera, eta euskara haragian sartzen da. Anttonen esanetan, euskara hori betiko geratzen da barruan.
Atal hau amaitzeko, dantzariak eta antzerkilariak jende bera direla esan zigun, familia bat osatzen dutela denek, eta sare horretan harrapatuta geratzen zarela, oharkabean. Horregatik maite du hainbeste mundu hori.
•“Eskolatik kanpoko espazio libreak irabazi behar ditu euskarak”
Elkarrizketaren gaia Iparraldeko kultura izanik, Mirenek euskararen gaia ere mahairatu zuen. Eta esan zion Lukuri, haurren artetik 10etik 4k ikasten dutela B eta D ereduetan. Haurrak euskalduntzen ari direla nolabait, baina % 14k baino ez duela berba egiten euskaraz lagunen artean.
Lukuren esanetan, “zifrak zinez dramatikoak dira”. Emigrazio handia izan da azken boladan, eta adibidez, Baionan gero eta gutxiago entzuten da euskara. B eta D ereduak hor daude, ondo, baina eskoletan transmititzen den euskara kaxkarra da; itzulpen moduan irakasten edo transmititzen da euskara. Bestalde, euskarak lehen zituen arnasguneak galdu egin ditu. Luku Ezterenzubira lehen aldiz iritsi zenean, adibidez, bertako mendi-gizonek euskaraz barra-barra egiten zuten, baina gaur egun ez da horrelakorik jada.
Arnasgune berriak eta modernoak topatu behar dira, Lukuren esanetan, eta horretarako kultura sustatzea da bidea edo giltza. Eskolatik kanpoko espazio libreak irabazi behar ditu euskarak, aisialdiarekin, plazerarekin edo emozioekin lotutakoak, eta funtzio hori betetzen ikusten ditu dantza, antzerkia, bertsolaritza edo kantagintza. Hori da, harenustez, kulturaren funtzioa edo egitekoa Iparraldean. Kulturak funtzio politiko-sozial argia du, eta eragingarria da guztiz. Beraz, euskararen aspektu ludikoari garrantzi handia eman behar zaio (gozamen-iturri bilakatu behar dugu ezinbestean), baina horrekin bakarrik ez da nahikoa, eta jendea kontzientziatu eta motibatu egin behar da, euskaraz bizitzeko militantzia ezinbestekoa delako Iparraldean.
Baina dena ez da iluna, Lukuren esanetan, eta euskaraz diharduten gazteak gutxi badira ere, euskara konplexurik gabe mantentzen dute, eta horrek esperantza ematen dio.
•“Independentzia belarrietan dago!”
Bitxia edo kuriosoa begitandu zitzaigun Lukuren ezagun batzuek Donibane Garazin egiten dutena. Garazitik Donejakue Bidea pasatzen da, eta Lukuren lagunek egunero egiten dute bide hori, baina erromesen alderantzizko norabidean. Beraz, egunero-egunero hamaika erromesekin gurutzatzen dira. Lukuren lagunak euskaldunak dira, eta, apropos, ozen jarduten dute euskaraz, erromesekin gurutzatzen direnean. Egun batean, Luku bere etxe parean zegoela, erromesak hurbildu eta ea Espainiako muga pasea zuten galdetu zioten. Ez zutela hangoen hizkuntza ulertzen eta ea Frantzia atzean laga zuten.
Lukuk esan zigun moduan, euskaldunon “independentzia belarrietan dago”. Euskarak markatuko ditu gure herriaren mugak, eta, euskaraz egiten badugu, besteak ere konturatuko dira ezberdin hitz egiten duen herri bat dagoela Pirinioen bi aldeetan. Euskaraz egiten dugunean utziko diogu frantsesak edo espainiarrak izateari.
•“Frantziak ez digu ezer ere oparituko!”
Mirenek Frantziara begira jarri zuen Luku, eta esan zion Frantziak mundu zabala eta ederra eskaintzen diela Iparraldeko gazteei. Lukuk, berriz, ez dela hainbesterako erantzun zion. Berak nahiago duela norberaren herrian, txikia izan arren, lehen mailan jokatzea, Frantzian laugarren mailan aritzea baino. Lukuren ustez, Parisi begiratzeari laga eta Iparraldeko euskaldunei eta Hegoaldeari begiratuz osatu behar da etorkizuneko euskal kulturaren geruza berria. “Frantziak ez digu ezer ere emango. Alferrik jardungo dugu hari ezer eskatzen, Europan hizkuntza gutxituen alde hartutako arauak berak ere ez ditu-etabeteko. Geuk antolatu beharko dugu geurea”. Amaitzeko, galdera bat laga zuen airean: “Gainera, Frantziak eskaintzen duena kultura ala kontsumoa da?”
Identitatearen gaia ere irten zen, eta Iparraldeko jendea frantsesa ere sentitzen dela esan zigun Lukuk. Hezkuntza frantses jakobinoa hartu du jende horrek (modu sibilinoan hartu ere) eta oso barneratua du sentimendu hori.
•Disponibilitatea, Iparraldeko balio bat
Elkarrizketaren amaiera aldera, Iparraldeko pare bat indargune azpimarratzeko eskatu zion Artetxek Lukuri. Asko pentsatu gabe erantzun zion bigarrenak: disponibilitatea. Iparraldeko euskaldunen sarea irekia dago edozeinentzat, eta kulturgile ospetsuenak ere bere etxea eta denbora eskainiko dizkizu, batere arazorik gabe. Berehala harrapatzen zaituen sarea da Iparraldeko euskaltzaleena, eta ezaugarri hori azpimarratu eta kontserbatu nahiko luke Lukuk.
Mirenen ustez, bada beste indargune bat Iparraldean: militantzia. Adibide moduan, ikastolan eskolak eman ondoren piperrak biltzera doazen irakasleak eta ikasleak jarri zituen. Piperrak saldu eta ateratako diruarekin Hegoaldera joango dira ikasbidaian. Hori galdu egin da Hegoaldean, Mirenen ustez. Lukuren iritziz, hori ondo dago baina arazoa ere izan daiteke. Ez luke militantzia hori galdu nahiko, baina gustura hartuko luke Hegoaldeko egoera, Iparraldeko ikasle eta irakasleekpiperrak biltzeko beharrik izan ez dezaten.
•Hizkuntza bat zapaltzeko modu asko dago
Elkarrizketaren amaieran atera zen zapalkuntzaren gaia. Gipuzkoar baten ahotik entzun omen zuen Lukuk Iparraldean ez dela euskararen zapalkuntzarik izan. Gezurra galanta, Lukuren esanetan. Frantzian ez dute Franco bezalako diktadore bat izan, baina euskara zapaltzeko modu asko daude, eta Frantziako Iraultzaren ondoren etengabekoa izan da euskararen kontrako politika. Dosi txikietan eta zarata askorik atera gabe, nahi bada, baina euskarakez du berez atzera egin Iparraldean. Mirenek esan zuen moduan, oraindik ere politika horren ondorioak pairatzen ari dira, eta Hendaian okindegira joan eta “egun on, ogi bat nahi dut” esatea ez dela batere erraza aitortu zigun.
***
Bi orduko elkarrizketaren ondoren, gaueko 21:00etan itzali genituen Kultur Etxeko argiak. Antolatzaileok eta jendea gustura irten ginen handik, eta, gezurrik esan ez baziguten, Luku eta Artetxe ere pozik zeuden berenbarruak hustu ondoren. Biei estimatu genien Elgoibarrera etortzeko egindako ahalegina, eta hurrengora arte esanda hartu genuen geure etxeetarakobidea.