Finantzaketa kolektiborako kanpaina hasi du Jone Arriolak, ‘Larrugorritan’ seriearen lehen atala grabatzeko

Barren.eus 2021ko ots. 25a, 19:57

'Larrugorritan' fikziozko seriearen lehen atala grabatzeko diru-bilketa kanpaina hasi dute Jone Arriola elgoibartarrak eta haren lantaldeak (itsulapikoa.eus). Eta finantzakeraekin lotuta berri on bat ere jaso dute "Batera kultur proiektuak elkarrekin" izeneko diru-laguntza deialdian aukeratu dituzten hiru proiektuetako bat baita 'Larrugorritan'.

Gazteei zuzendutako euskarazko fikziozko seri bat da Larrugorritan, gazteek egunerokotasunean bizi dituzten gatazkak eta zalantzak jorratuko dituena: drogak, sexua, identitate-arazoak, traumak, sare sozialak, maitasuna eta adiskidetasuna. 20 urte bueltako bost gazte dira protagonistak, lau neska eta mutil bat: Ena, Niko, Lara, Ali eta Mai. Emakumeek, baina, protagonistmo handia hartuko dute istorio guztian zehar, azken batean emakume eta gizonen arteko estereotipoak hautsi eta emakumeen errealitatea benetan den modukoa erakutsi nahi dutelako sustatzaileek.

 • 10.000 euro bildu nahi dituzte
Eta istorio horren lehen atala grabatzeko hasi dute orain finantzaketa kolektiborako kanpaina. Grabazio lanak apirilean hasi nahi dituzte, eta horretarako, 10.000 euro bildu nahi dituzte, baina gutxienez 3.500 eurora iritsi nahiko lukete sistema honen bidez. 40 egunez egongo da martxan. (informazio osoagoa eta diru ekarpenak egiteko www.itsulapikoa.eus) Proiektua gazte hasiberri eta profesionalen arteko elkarlanean oinarritzen da. Lantaldeko gehienak emakumeak dira, ezinbestekoa ikusten dutelako baldintza hori zabaldu nahi duten mezua zabaltzeko. Larrugorritan, hala ere, ez da seri bat huts-hutsean:? “Gazteon ahotsak entzun eta zabaltzeko bitartekari bat da. Sare sozialen bidez gazteentzako edukiak sortuko ditugu, hala nola, memeak, zozketak edota ikus-entzunezko eduki laburrak”, zabaldu dute. Instagramen duten kontuan esaterako, ari dira protagonistak banan banan aurkezten.
 • Beka bat irabazi dute
Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxeak eta Gauekoak Elkarteen Federazioak sustatutako “Batera” diru-laguntza deialdiara aurkeztu zuten 'Larrugorritan' egitasmoa, eta hiru sarituetako bat izan da, 'Loa loa, laguna' eta 'Poliedro vol.1' proiektuekin batera. Aurkeztutako lan guztien artean epaimahaiak hiru proiektu hauek aukeratu zituen proiektuen orijinaltasuna, euskarazko sorkuntzari egiten dioten ekarpena eta euskal jendartean sor dezakeen interesagatik.

 

2021 02 17 oinhaneder euskararen etxea beka larrugorritan jonearriola

∞Lotura duten albisteak: