Ramon Agirre: “Oholtzarako egina dagoen animalia da Zuhaitz Gurrutxaga”

Barren.eus 2021ko ots. 5a, 11:55

Ramon Agirre, Joseba Apaolaza eta Zuhaitz Gurrutxaga protagonista dituen ‘Konpromisoa’ antzerkia taularatuko du Txalo konpainiak gaur arratsaldean Elgoibarko Herriko Antzokian. Umorea du oinarrian obrak: Sasi-autore bat eta arrakasta handirik gabeko aktore bat gazte bati etxe bat saltzen saiatuko dira. Ramon Agirrek eman dizkio BARRENi antzezlanaren nondik norakoak.

 

 • ‘Konpromisoa’ antzezlanarekin izango zarete gaur, Elgoibarko Herriko Antzokian. Zer ikusiko dugu?
Aspaldiko bi lagun zahar batuko dira, autorea bata eta aktorea bestea, eta etxe bat saltzen saiatuko dira, baina salmenta horretan tranpa txiki bat dago. Aktoreak etxea saldu nahi du, baina autorea ez dago oso konforme saltzeko moduarekin. Ez du begi onez ikusten bere lagunak egin nahi duena, eta bien arteko adiskidetasunaren pitzadura moduko bat sortuko da hor. Hala ere, adiskidetasunaren gorazarrea egiten du obrak. Azkenean ikusiko dugu lagun zaharrei barkatzen zaizkiela beste batzuei barkatzen ez zaizkien pekatutxoak. Batzuetan etika alboratzen dela, alegia, adiskidetasunaren mesedetan. Guzti hori komedia klabean, umoretik landuta.

 • Euskal antzerki munduko bi beterano eta Zuhaitz Gurrutxaga hasiberria elkartuko zarete oholtzan. Nola moldatu zarete?
Primeran! Hirukote oso polita osatu dugu. Zuhaitz ere dagoeneko ez da hain berria mundu honetan, eta eskarmentu handia dauka. Telebistan ibiltzen da, bakarrizketak egiten ditu, eta nire ustez oholtzarako egina dagoen animalia da Zuhaitz Gurrutxaga. Karisma handia dauka eta oholtzan agertu orduko jendea barrez hasten da. Momentu komikoak oso ondo errematatzen ditu, eta umore handia dauka.

 • Nolako harrera izan du antzezlanak?
Pandemiaren eraginez aforoa erdira ekarrita dago areto gehienetan, eta modu horretan, aretoak betetzen ari gara. Nik uste dut jendeak badaukala kultur ikuskizunetara joateko beharra. Herri askotan tabernak itxita dauden honetan, besteekin harremantzeko modua da antzerkira joatea, distantziak mantendu behar diren arren. Orain arte harrera oso ona izaten ari gara.

 • Ikusleak maskararekin egoteak aktore eta ikusleen arteko harremana hozten du?
Kasu honetan jendearen barreak behintzat entzuten ditugu, eta hori garrantzitsua da guretzat. Komediak oso ondo funtzionatzen du. Barre egitea oso gauza atsegina da, eta bizi dugun egoera honetan, are gehiago.

 • Arkitektura ikasi zenuen, eta aktore izaten bukatu duzu. Nola izan zen hori?
Arkitektura ikasketak hasi nituen, baina ez nituen bukatu. Tarte horretan atzerrian ere ibili nintzen, besteak beste, Parisen eta antzerkia sartu zen tartean. Lanbide honetaz maitemindu nintzen. Azken batean arkitekturak ere badu arteaz zerbait, ez dira hain desberdinak bi alorrak.

 • Ibilbide luze eta oparoa egin duzu aktore lanetan. Probatu dituzu antzerkia, telebista eta zinema. Zein duzu gogokoen?
Nik ez dut bata bestea baino nahiago. Pertsonaia eta obra politak badira, edozein mediotan aritzen naiz gustura. Niretzat politena batetik bestera ibiltzea da.

 • ‘Konpromisoa’ ikustera joateko konpromisoa hartu duten elgoibartarrei zer esan nahi diezu?
Oso ondo pasatuko dutela. Orain arteko emanaldietatik jendea oso gustura irten da eta Elgoibarren ere hala izango delakoan nago. Barre asko egingo dute, baina umoreaz gain, obrak baditu beste osagai batzuk ere, hausnartzeko aukera ematen dutenak. Oso obra konpletoa da.

2021 02 03 konpromisoa antzerkia txalo arnaitz rubio aprea arriaga bilbao